Sergio Barreiro, EB-Berdeak alderdiko Udal hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 16:29

Ezker Batua-Berdeak alderdia maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko da. Taldearen irudi  bilakatu den Sergio Barreiro zinegotzia izango da alkatetzarako zerrendaburua, Jon Mikel Pelaezekin batera.

2007an ekin zenion zinegotzi ibilbideari. Zer moduz igaro dira lau urteak?
Sergio Barreiro.
Denetik izan da: Ilusioa lehen urtean eta atsekabea azken urtean, azken hori bereziki gobernu taldekideek eragindakoa. 2008az geroztik, gainera, Gizarte zerbitzuen alorretik familia askoren egoera larria ezagutu dut gertutik.
Azken Udal aurrekontuetatik hona gobernu taldekideekin desadostasunak sortu dira. Gazte mailako egitasmo bat sustatzeko inbertsio garrantzitsua burutzea proposatu genuen, Udalaren jabetzako etxebizitza itxiak berreskuratzeko. Arrazoi ekonomikoak argudiatuta atzera bota zuten, baina beste alderdi batzuk aurkeztutako inbertsio guztiak onartu zituzten.

Zer nolako herria da Andoain bertan bizitzeko? Eta Udal ordezkari bezala lan egiteko?
S.B.
Sei urte eta gero erabat murgilduta nago herriaren egunerokoan. Tartea dudan bakoitzean gozatzen saiatzen naiz. Ez naiz sekula mendizalea izan eta orain gehien gozatzen dudan eremua Leitzaran harana da. Oso atsegina da bertan ibiltzea.
Oso diskretotzat dut nire burua eta udalgintzan nagoenetik pribatutasunean galdu dudala esango nuke. Kosta egin zitzaidan egoera horretara ohitzea.

Gaizki ulertu ez bagenuen behintzat, zure taldekide Jon Mikel Pelaezek adierazi zuen PSE-EEk nahi duena egin duela Andoainen. Kritika hori nola uler daiteke haiekin batera agintzen ari zaretenean?
S.B.
Hasiera-hasieratik harridura sortu zuen gugan gurekin gobernu taldea osatu nahi izatea, zenbakiei erreparatuta gure beharrik ez dutela jakinda. Haien egitasmoak aurrera ateratzeko PPren babesa eduki dute, gainera.
Azken urtean, ordea, alde batera utzi gaituztela sumatu dugu. Onartezina den politikarekin: Azpikolako harrobia irekitzeko desioa edota Udal langilegoarekiko politika traketsa, zeinaren bitartez lagunarteak eta interes ekonomikoak interes politikoen gainetik jartzen dituztela pentsaraztera eramaten gaituen.
Gobernukide bezala izan dugun esperientziarekin, PSE-EErekin aski dela uste dugu. Ez daso esperientzia errepikatzeko desiorik, ezta gogorik ere. PSE-EE alderdia PP edota EAJ alderdietatik gertuago dagoela ikusten dugu.

Hurrengo agintaldirako gakoak zeintzuk dira zuen ustez?
S.B.
Oso agintaldi zaila izango da alderdi ekonomikoari erreparatuta. Ohiko gastuari erreparatuta zorroztasun handiagoa ezarri ahal da, eta ezarri behar da. Inbertsioa nahiko mugatuta izango da. Kultura eta heziketaren aldeko apustua egingo dugu: Udal liburutegi berria Makaldegian, ludoteka handiagoa egokitzeko egoitza berria, Gazte Lokalaren egitasmoen indartzea edota heziketa aire zabalean areagotzea.
Haurreskolan txertatu nahi dugu haurtzaindegia, eskaerak zehaztu eta kalitatea hobetzeko.
Hirigintza alor garrantzitsua izango da. Ama Kandidan edota Etxeberrietan ingurune naturala indartu nahi dugu. Energia aurrezpena, birziklapena, Udal aurrekontu parte hartzaileen sustapena alor horietan sakondu beharko litzateke, besteak beste.

Maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetan bakarrik aurkeztuko zarete, horrek ordezkaritza lortzea zail dezake. Zeintzuk dira zuen aurreikuspenak?
S.B.
Bakarrik aurkeztuko gara bai, EB-Berdeak bezala. Nolanahi ere Andoainen eremu politiko baten jabe garela uste dugu, Ezker Batuarekiko fideltasuna erakusten duena eta Izquierda Unida proiektuari, bere osotasunean.
Zinegotzi bat lortu izan dugunez, gure gelburua Udal ordezkaritza zabaltzea litzateke bigarren zinegotzi batekin.

Nortzuk osatuko duzue hautes-zerrenda? Zeintzuk egongo dira lehen postuetan?
S.B.
Zerrenda dagoeneko osatuta dago. Jon Mikel Pelaez eta neu izango gara zerrendan lehen bi Udal hautagaiak. Izan ere, gu geu izan gara agintaldian gehien nabarmendu garenak.
Gure hautes-zerrendaren ia erdia hautagai independenteez osatuta egongo da, afiliazio politika alde batera utzita gure proiektuarekin bat egiten duten gizonezko eta emakumezkoak. Zerrendan aipa daitezke, beste batzuren artean, Filomena Julio, Jorge Fernández Mouriño, Olga Hernandez edota Patxi Aznar.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!