Olagaingoak haserre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 16:28

Andoaingo hirigunea eta Otieta parkea lotuko dituen Lizarkola bide ekologikoaren bigarren faseko obrak hasi ziren orain egun batzuk.
Olagain auzoko bizilagunek euren haserrea agertu dute Andoaingo Udalak aurrera eraman nahi duen proiektua dela eta.

Iazko abenduan Lizarkolako pasealekuarekin bat egiten duen ibilbide ekologikoaren lehen zatia ireki zen. Zehazki, Leitzaran papertegi zaharraren paretik hasi eta Otieta parkera arte. Egunotan bigarren zatia eraikitzeari ekin diote, Opua eraikuntzako parean hasi eta Celulosas eraikuntza zaharra bitarte luzatzen dena. Obraren aurrekontua 488.749 eurokoa da, eta jada Opua eraikuntzatik aurrera hondeamakina bat lanean ari da.
Obrak kezka eta haserrea sortu du Olagain auzoko bizilagunen artean. Adierazi dutenez, prentsaren bidez egunotan jakin izan dute obra aurrerra zihoala; gainera, proiektua lur mugimenduak markatzeko jarri ohi diren egurtxoak jarraituz ezagutu dute.

Auzokide batzarraren eskaerak
Olagain auzuneko 1, 2, 3, 5 eta 6 etxeen jabekideek ez ohiko batzarra egin zuten apirilaren 2an, zuzenean eragiten dien proiektua aztertzeko asmoz. Orduan hainbat erabaki hartu zituzten, Udal alderdi politiko guztiei jakinarazteko.
Udalari obrak behin-behinean gerarazi ditzala eskatu diote. Bizilagunek argi utzi nahi dute ez daudela herritar guztion onurarako izango den bide ekologiko baten aurka; baina bide alternatibo bat eraikitzeko proposamena luzatu diote Udalari. Kontuan har dezan.
Eskakizun horiez gain, bizilagunek ingurugiroarekin lotutako beste zenbait gai zerrendatu zituzten batzarrean, horiekiko kezka agertuz. Horietako zenbait, hauexek: bidetik oso gertu geratzen den propano biltegiaren kokapena berraztertzea; botatzea aurreikusita dauden 28 zuhaitz autoktonoak (urkiak, pagoak, haritzak, ereimotzak…) berriz landatzea; orain dagoen bidexka errespetatzea; Opua ondoan bisitarientzat parkinga jartzea; eskilarak edo eskilara mekanikoak ipintzea…

Bide alternatiboa
Auzokideek bide alternatiboa proposatu diote Udalari. Alternatiba horrekin inguru horretan betidanik egon den bidexkaren aldeko apustua egiten du. Peio Barandiaran auzotarrak jabekideen izenean adierazi duenez, “ez dugu ulertzen nola ez duten baliatu lehendik dagoen bidexka hori pasabide ekologikoa egiteko. Auzoa zeharkatzen du Opuatik hasi eta Lizarkolako errepidera bitarte, Leitzaran ibaiaren ertzetik pasa eta gero. Proiektu ofizialak baino kalte ekologiko txikiagoa eragingo luke eta gainera, ez litzateke hainbeste diru xahutuko”.
Dagoeneko auzotarrak Udal ordezkariekin bildu dira, “alkatearekin eta aparejadorearekin bildu ginen. Aztertuko zutela agindu ziguten baina ez diote kasu handirik egin, obrak hasi baitira”.

AUZUNEAREN XARMA
Leitzaran ibaiaren eta etxe eraikuntzen artean dagoen ingurune hori asko maite dutela gogorazi du Barandiaranek: “badakigu Olagaingo etxe taldea ez dela batere polita, baina auzoari enkantua ematen diona inguru natural hori da hain justu. Urkiak, pagoak, haritzak, ereimotzak…, horiek denak hainbat espezieren –zozoak, birigarroak, lertxunak, katagorriak…– bizitoki bilakatu da; beren habiak ere bertan jartzen dituzte”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!