Mikel Izagirrek agur esan zuenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 16:27

Agintaldiko azken aurrekontua zela eta, Mikel Izagirrek “agur” esanez amaiera eman zion asteleheneko batzarraldiari. Hurrengo agintaldian bera ez dela izango adieraziz bezala. Keinu horrekin argiago geratu da maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetan ez dela aurkeztuko.

Urteko Udal aurrekontuen eztabaida hizpide bakarra izan zuten astelehen arratsaldean Urnietako udaletxean. Laburra izan zen eztabaida, eta bozketan aurrera atera zen 2011rako aurrekontu proposamena. UDA, EAJ, Ezker abertzalea eta Herrigintza taldeak alde agertu ziren. PSE-EEk, aldiz, aurkako bozka eman zuen. Hona alderdi bakoitzaren adierazpenak:

MIKEL IZAGIRRE (UDA)
Hobekuntza ekonomiko orokorra ikusten bazen ere, krisiak baldintzatutako aurrekontuak zirela adierazi zuen. Udalak agintaldiaren amaieran zuen “egoera ekonomiko ona” defendatu zuen, diru soberakin polita utzi zutela gaineratuz: “Egoera ekonomiko saneatua hurrengo Udal ordezkariek bideratuko dute”. Agintaldia amaitu aurretik egitea ere defendatu zuen, “eta hobe horrela, oinarri ezin hobea delako hauteskunde ostean lanean hasteko”.

HERME GONZALEZ (PSE-EE)
Alderdi sozialista bakarra izan zen proposamenaren aurka bozka ematen, “aurrekontu proposamena atzera botatzea eskatzen dugu, Udal gobernu talde berriak beste aurrekontu batzuk egin ditzan. Eskuak libre beharko dituzte, bereziki inbertsioei dagokienez”.
Alkatetzan dagoen taldearen gestioa kritikatu zuten, “ez dugu oraingo gobernu taldearen gestioa onartzen, beraz, aurrekontu proposamenari baiezkoa ematea gestioa konpartitzea litzateke. Ez da hori gure kasua”.

MARIBEL VAQUERO (EAJ)
Aldeko botoa iragarri zuen, “Udal aurrekontu proposamena berandu dator, beharbada bai, baina egin beharreko lana da datozenei lana errazteko. Krisi garai hauetarako egindako aurrekontu proposamena da, gastuen eta sarreren artean oso alde estua baitago. Eta ez gatoz bat alderdi sozialistak adierazi duenarekin. Izan ere, aurrekontua luzatzeak kasu batzuetan diru sarrera murriztea dakar.
Aurtengorako gutxieneko inbertsioak proposatzen dira Udala zorpetu gabe”.

IÑAKI MENDIZABAL (E.Abertzalea)
Honek ere aldeko botoa iragarri zuen, “Udalak egoera ekonomiko onean amaituko du agintaldia, datozen Udal ordezkari berriek erraztasunak izan ditzaten. Eta alde horretatik eskerrak eman behar zaizkio Udal lantalde osoari, egindako ahaleginagatik”.

XABIER SASIAINBARRENA (Herrigintza)
Bat egin zuen aurrekontuaren alde hitz egin zutenekin, “orain egiten ari garena baliagarria izan daiteke ondorengoentzat. Inbertsio handiak egin litezke, kiroldegi berria esaterako. Baina nola? Udala erabat zorpetzeko? Dirurik gabe uzteko?”.

ERANTZUNAK
Udal ordezkari guztiek hitz egin ondoren, erantzunen txanda iritsi zen. Soilik Izagirrek eta Vaquerok baliatu zuten aukera hori.
Izagirrek bereziki sozialistak hartu zituen jomugan, “aurrekontuak aurkezten zuhur jokatu dugu eta horri esker Udala egoera onean dago, inolako hankasartzerik egin gabe. Berandu ibiltzeak ekonomikoki zuhur jokatzeko abantaila eman digu”. Udalak aurrekontu onak aurkezten dituela defendatu zuen, ia bere osotasunean exekutatzen baitira. Alkateak ere Udal lantalde osoak egindako esfortzua eskertu zuen.
Vaquerok oniritzia azaldu zuen Udala ez delako zorpetu eta “baloratu egin dugu mailegurik eskatu ez izana”.

TALDE POLITIKO GUZTIAK ALDE, PSE-EE EZIK
Bozketa egiteko garaian PSE-EEko lau zinegotziek aurkako botoa eman zuten. Gainerako guztiek alde egin zuten. Gauzak horrela, onartu egin zuten 2011rako Udal aurrekontu proposamena.
Bilkuraren amaieran alkateak “agur” esan zuen moduan, ez dela berriro aurkeztuko pentsa daiteke. Une hori bideoz jasota dago www.aiurri.com gunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!