UEMA, haurrak euskaraz erregistratzeko lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 10:44

Haurrak euskaraz erregistratu nahi dituzten gurasoei aholkularitza eskaintzen dihardu UEMAk, horretarako zailtasun handiak baitaude EAEn eta Nafarroan.

Haurra jaiotakoan gurasoek egin beharreko lehenengo tramite administratiboa haur hori erregistratzea da; “hori egin ezean ezinezkoa da beste inolako paperik lortzea: errolda agiria, Gizarte Segurantzan alta ematea, Osasun Txartela…”, azpimarratu du Imanol Harok UEMAtik.  Haurrak bake epaitegietan edo erregistro zibiletan erregistratu behar dira, erregistro liburuan jaioberriaren izen-abizenak eta bestelako datuak idatziz, eta erregistro liburu hori gaztelaniaz egoten da.
Bake epaitegietako eta erregistro zibiletako jarduna 1957ko lege batean oinarrituta dago. 2005ean lege horren 23. artikulua aldatu zen, haurrak euskaraz, katalanez eta galizieraz ere erregistratu ahal izateko; beraz, duela sei urtetik hona legeak ez du inolako oztoporik jartzen haurrak euskaraz erregistratzeko. Bestelako trabarik bada, ordea. “Esan bezala, orain gutxi arte haurrak erregistratzeko modu bakarra zegoen, alegia, gaztelaniazko erregistro liburua erabiltzea. Gaur egun hori egiteko aplikazio informatiko bat dago, Inforeg deritzona, baina toki batzuetan bakarrik dago ezarria eta, beraz, toki horietan bakarrik dute haurrak euskaraz erregistratzeko aukera”, azaldu du Harok. EAEko 230 herritan ezin dira haurrak euskaraz erregistratu.

Gertaeren kronologia
  • 2005eko ekaina: 12/2005 Legeak Erregistro Zibiletako inskripzioak gaztelaniaz ez beste hizkuntza batean egiteko eskubidea aitortu zuen.
  • 2007ko abuztua: jaiotza inskripzioa euskaraz egin ahal izateko lehenengo eskaria eta urratsak eman ziren.
  • 2007ko abendua: lehen aldiz Euskal Herrian ume baten jaiotza inskripzioa euskaraz erregistratzea lortu zen.
  • 2008ko urtarrilaren 9a: Eusko Jaurlaritzak eta Red.es erakunde publikoak urtebeteko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Erregistro Zibilak Sarean programa garatzeko, zeinak inskripzioak euskaraz eta euskarazko euskarrian egitea ahalbidetuko lukeen.
  • 2008ko otsaila: Hego Euskal Herriko Erregistro Zibil ugaritan seme-alabak euskaraz erregistratzeko izandako oztopo eta debekuak salatu ziren.
  • 2009ko lehen hiruhilekoa: EAEko barruti-judizial buruak diren hamalau hiriburu eta herrietan euskarazko euskarrian eta euskaraz inskripzioak egiten dituen Inforeg aplikazio informatikoa ezarri zen; EAEko gainontzeko 236 Erregistro Zibiletan, ez.
  • 2010eko abendua: Justizia Administrazioa eraberritzeko zuzendariak, EAEko Udal gutxi batzuei (ez guztiei) eskutitza igorri zien, bake epaitegietan Inforeg ezartzeko eta konexioarekin lotutako zenbait arazo konpontzeko.
  • 2011ko martxoaren 24a: Froga pilotuan parte hartzen ari diren sei herriak: Aretxabaleta, Lazkao, Zumarraga, Legazpi, Errenteria eta Ibarra.
  • 2011ko martxoa: Euskal Autonomia Erkidegoko 230 herri falta dira.
  • 2011ko martxoa: Ipar Euskal Herrian legeak ez du erregistroak euskaraz egitea ahalbidetzen.
Zer egin
Guraso izatekotan diren EAEko herritarrek euren haurra euskaraz erregistratu nahi badute UEMAk bake epaitegira jotzea gomendatzen die, bertan haurra noiz jaiotzekoa den jakinarazi eta ordurako euren herrian euskaraz erregistratzeko baliabideak jartzeko eska dezaten. Guraso izateko diren horiek Nafarroan bizi badira, berriz, bake epaitegian haurrak erregistratzeko arazorik  ba ote dagoen galdetzea ahokatzen zaie eta, arazorik egotekotan, UEMArekin harremanetan jartzea.

Miren Aburuza Adunan
Haurra euskaraz erregistratzeko hiru eskaera aurkeztu dira Adunan, baina bertako Udalean horretarako beharrezkoa den aplikazio informatikorik jarri ez dietenez, ez dute horretarako aukerarik. Miren Aburuza da horietako bat.

Tolosako Erregistro Zibiletik jakinarazi berri dizuete ezingo duzuela haurra euskaraz erregistratu…
Halaxe da. Inforeg aplikazioa martxan dagoen herrietan haurra euskaraz erregistra daitekeela esaten da bertan, baina Adunan oraindik aplikazio hori instalatu gabe dagoenez, guk ez dugu horretarako aukerarik izango.

Adunako Udal ordezkari bezala ere gertutik jarraitu duzu gaia…
Bai. Udaletik Inforeg aplikazioa martxan jartzeko eskaera egina genuen, eta dirulaguntza ere eskatu genuen aplikazioak behar zuen azpiegitura guztia erosteko. Behin hori eginda, Eusko Jaurlaritzako arduradunei jakinarazi genien dena prest geneukala nahi zutenean aplikazioa jartzeko. Esan digutenez, ordea, Inforeg abian jartzeko garaian zenbait lehentasun finkatu dituzte: alde batetik, herri bakoitzaren egoera soziolinguistikoa hartzen dute kontuan, eta gu hor nahiko aurrean gaude; bestetik, ordea, herriaren tamainari ere begiratzen diote, eta hor ez daukagu zeregin handirik. Argi eta garbi esan ziguten Zarautz eta beste hainbat herritan Adunan baino lehenago jarri behar zutela aplikazioa; beraz, horietan oraindik jartzeko dagoenez, itxaron egin beharko dugu.

Eta Adunaren txanda noiz irits daitekeen esan al dizuete?
Galdetu genien, bai. Gainera niri guraso bezala ere interesatzen zitzaidan datu hori. Izan ere, hilabete inguruko kontua izan balitz, beharbada aztertzeko kontua izango zatekeen denbora tarte horretan umea erregistratu gabe edukitzeak zein ondorio izango zituen. Baina seguru asko EAE guztian aplikazioa martxan jartzen urte osoa joango zitzaiela esan ziguten.

Beraz, haurra gaztelaniaz erregistratzea beste erremediorik ez zaizue geratzen…

Hori da. Dena den, erregistro liburuaren albo batean bada oharrentzat tarte bat eta tarte horretan gure eskaera adierazten saiatuko gara, alegia, haurra gaztelaniaz inskribatu behar izan dugula baina, biharko egunean, horretarako baliabideak prest daudenean, euskaraz inskribatzeko aukera izan nahi genukeela. Udal batzuetan onartu dute ohar hori jartzea, baina oraingoz ez dut uste aldaketa hori egiteko aukera izan duen kasurik egon denik.

Eskaerak aurkeztearen garrantzia
Bere inguruan eskaera bera egin duen jendea badela azaldu du Miren Aburuzak. “Erditzea prestatzeko ikastaroetara eraman dut gaiari buruzko informazioa eta oso jarrera ona ikusi dut. Zenbait eskaera jaso nituen han bertan eta gerora badakit gehiago ere aurkeztu direla. Dena den, gai honen inguruko ezjakintasun handia dagoela iruditzen zait, orain pixkanaka bere oihartzuna izaten ari den arren. Esango nuke orain gutxi arte jendeak ez zekiela haurrak euskaraz inskribatu ezin zitezkeenik edo burutik pasa ere ez zitzaiola egiten horrelako arazorik aurki zezakeenik. Adunan hasieran bik egin genuen eskaera eta gero, gaia zabaldu denean, beste pare bat ere aurkeztu dira”.
Adunako Udalaren kasuan, jaso dituzten eskaerak Tolosako erregistrora bidali dituzte eta “arazo bat dagoela kontura daitezen, behintzat, balio izan du horrek. Beharbada, herritarren aldetik behar hori adieraziko ez balitz kontuak are luzeago joko luke. Dena den, horrek ez du esan nahi arazoa zeharo konpondu denik eta ez dirudi epe laburrean konpontzeko itxurarik daukanik ere…”, azaldu du Mirenek.

Iñaki Otamendi Andoainen
Orain bost hilabete jaio zen Iñaki eta Haizearen alaba. Haurra euskaraz erregistratzeko eskaera egina zuten dezente lehenagotik, baina azkenean ez dute horretarako aukerarik izan.

Elebiden, Jaurlaritzako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko zerbitzuan ere egin zenuten haurra euskaraz erregistratzeko eskaera. Zer erantzun zizueten handik?
Bada, Elebidetik ere erantzun berbera jaso genuen, hau da, gure eskaera legeak babesten duela, baina guri dagokigun bake epaitegian haurra euskaraz erregistratzeko beharrezkoa den Inforeg aplikazio informatikoa falta dela. Herri bakoitzeko bake epaitegiak aplikazio hori izan behar luke; gaur egun, ordea, batzuetan badago baina beste askotan oraindik ez.

Noiz jaso zenuten erantzuna?
Umea jaio eta inskribatzera joan ginenean eman ziguten ezezkoa, eta gaztelaniaz egitea beste aukerarik ez genuen izan. Baina uste dut eskaerak egitea garrantzitsua dela. Egia esan, ohikoa izan behar lukeen zerbait eskatzea ez da oso normala baina, gutxienez, gabezia hori badagoela agerian geratzen da, gauza asko daudela oraindik normalizatzeko.

Zure ustez zergatik doa prozesu hau hain motel?
Katalunian eta Galizian 2005az geroztik badute guri falta zaigun aplikazio informatiko hori. Hemen arazoa da aurreko Eusko Jaurlaritzako arduradunek zein egungoek ez dutela tramite hori euskaraz egin ahal izateko pauso guztiak emateko ahalegin nahikorik egin. Seguru asko, Inforeg aplikazioak ez du erregistroa euskaraz egiteko bakarrik balioko, lan hori informatizatu egingo da eta beraien kudeaketa hobetzeko ere balioko du. Baina ez dakite noiz iritsiko den hori.

Nola izan zenuten haurra euskaraz erregistratzeko eskaera egiteko aukera honen berri?
Umea euskaraz erregistratu ezin izan zuten Usurbilgo familia batzuek kexa aurkeztu zutela irakurri genuen prentsan, eta UEMAk lagundu ziela salaketa hori bideratzen. UEMAkoekin harremanetan jarri ginen eta gure haurra euskaraz erregistratzeko eskaeraren tramitazioa egiten lagundu ziguten. “Hau ere ez al da posible euskaraz egitea?” pentsatuz erabaki genuen eskaera behintzat aurkeztu behar genuela. Nahiz eta gero ezer lortu ez, nik jendea eskaera egitera animatuko nuke, herritar askok egiten badugu nabarmen geratuko baita eskubide batzuk urratzen zaizkigula.

Etengabeko borroka
Ikusitakoak ikusita, garbi dago, oraingoz, bere haurra euskaraz erregistratu nahi duenari eskaera aurkeztea beste aukerarik ez zaiola geratzen. “Nire ustez horixe da kezkagarriena, hau bezalako gauza sinple bat egiteko zenbat kezkatu behar dugun, zenbat pauso eman behar ditugun; alegia, berez guztiz normala behar lukeen zerbait egiteko eskaera bat aurkeztu behar da”, dio Iñakik. “Kasu honetan umeen erregistroaz ari gara, baina administrazioan euskaraz jardun nahi izatea etengabeko borroka da: leihatilan dagoena euskalduna izango den ala ez, euskara zein neurritaraino menperatuko duen, zuri euskaraz erantzuteko gogorik izango duen... Tramite bat egin behar duzun bakoitzean beharbada euskaraz egiten baduzu erantzuna jaso arte denbora gehiago pasa litekeela pentsatzen hasten zara; ez dut esango baiezkoa edo ezezkoa erabili duzun hizkuntzaren arabera emango dizutenik, baina euskaraz egin baduzu posible da tramitazioa atzeratzea. Edo zalantza sortzen zaizu euskaraz aurkezten baduzu ondo ulertuko ote duten azaldu nahi duzuna eta, badaezpada ere, gaztelaniaz ere aurkeztu egiten duzu. Noski, umea jaiotzen den momentuan oso zaila da hizkuntzaren kontu horri begira hastea, beste mila egiteko baitituzu; agiri guztiak ondo beteta gera daitezen nahi duzu, umeari ezer falta ez dakion. Horregatik erabaki genuen eskaera alaba jaio baino lehenago egitea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!