Leire Salaberria ilustratzaile eta idazlea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 10:28

Leire Salaberria andoaindarrak, album ilustratuen Etxepare saria irabazi du, idazle nahiz ilustratzaile gisa egindako lanagatik.

Liburuaren zentzu magikoa goraipatu du epaimahaiak. Liburua magikoa dela esango al zenuke zuk ere?
Eguneroko gauzak beste ikuspuntu batetik adierazten dituelako da magikoa liburua. Ez dago sorginik, ez munstro, ez bestelako pertsonaia fantastikorik, eta protagonistek ez dute alfonbra magikoetan hegan egiten, ez dragoien aurka borrokatzen, baina, bere egunerokotasunean bizi dute magia. Euri egunetan. Euria aspergarria izan daiteke, tristea, hala bizi baduzu. Baina abentura bat ere izan daiteke, eta gauza guztiek duten alde positibo horri helduz, edozer gauza izan daiteke magikoa, egunerokotasuna magiaz begiratzen jakinez gero.

Irudiak eta hitzak, biak dira zureak lan honetan. Hasieratik al zenuen pentsatuta biak batera egitea? Aurretik ba al zenuen horrela egindako lanik?
Kasu honetan, lehenik ipuina sortu zen, ideia ona iruditu zitzaidan euriaren inguruan istorio bat kontatzea, Euskal Herrian beti euripean bizi garenez. Ipuina idatzi eta albuma sortzeko aukerak ikusi nizkion, irudietan pentsatu, eta marrazteari ekin nion. Autorea eta ilustratzailea pertsona bera denean, errazagoa da ipuinak lotura hori izatea, hitzak eta irudiak eskutik joatea. Gainera ez dago idazle eta ilustratzaileen artean liskarrik sortzeko arazorik.
Baditut beste honelako ipuin pare bat eginak. Bat honen aurretik, eta bestea ondoren. Momentuz beste lehiaketa batera bidali ditut, aurrerago ikusiko da ea argitaratzeko aukerarik duten.

Idazle ala ilustratzaile. Nola definituko zenuke zeure burua?
Nire burua irudi sortzailetzat dut. Irudiak sortzeko beharra izan dut betidanik, ilustrazioak izan daitezke, edo pinturak. Ez dakit ilustratzailea naizen, artista edo dena delakoa, gauza da irudi bidez adierazten naizela, irudi bidez kontatzen ditudala kontatu beharrekoak. Idaztearena horri lotuta doa, idatzi ondoren marrazkirik egin beharko ez banu, ez dakit idatziko nukeen. Gustatzen zait irakurtzea, eta idaztea, baina ez dizkiot  marrazteari bezainbesteko orduak eskaintzen. Hemendik aurrera agian gehiago saiatuko naiz horretan ere.

Irudiak sortzeko beharrari erantzun izan diozu, beraz...
Nire oroimenak iristen diren lekuraino gogoratzen dut nire burua marrazten. Ordu asko pasatzen nuen txikitan horretan, eta handitan zer izan nahi nuen galdetzean ez neukan dudarik; nik artista erantzuten nuen, jakin gabe garbi horrek zer esan nahiko zuen. Nik margotzen eta marrazten pasa nahi nuen ahal nuen denbora gehien. Gero ikastolan, irakurzaletasuna piztu zitzaidan, eta horretan ere ordu dezente pasa nuen, nire koadernoetan gauzatxoak idazten, ipuin motzak, eta poesiak. Orain irakurtzen ditudanean lotsa pixka bat ematen didaten arren…

Orain gutxi Eider Eibar ilustratzaileak zioen ilustratzaileen aldetik badagoela gauzak kontatzeko beharra, agian betidanik egon dena, baina orain agerikoagoa dena, eta ilustratzaileak euren liburu propioak ateratzen ari direla. Zer iritzi duzu horren inguruan? Zure ustez joera hori areagotuz joango al da?
Ilustratzaileek gauzak kontatzeko beharra dutela garbi dago. Irudi bidez kontatzen dituzte gauzak. Gero gertakizun horiei hitzak ipintzen dizkiete, batzuetan kontrako bidea eginaz; lehenik irudiak sortu, gero istorioa, edo hitzik gabeko istorioak, geroz eta gehiago egiten dira azken hauek. Badaude ilustratzaile eta autore, biak egiten dituztenak, hori zaila da eta oraindik ez daude horrenbeste, baina liburu horiek nortasuna izan ohi dute, pertsona berak egina dela nabari baita, estiloa ikus daiteke. Baina badaude idazleak ere, ilustratzen ez dakiten arren, izugarrizko kontakizun politak idazten dituztenak. Idazle horien testuei ilustratzaile on baten irudiak ipiniz gero, liburu ederrak irteten dira. Nik uste denetarik egongo dela gero ere.

Neskato batek bere txakurrarekin batera egun euritsu bati aurre egiten dio, baina ez ohikoa den ezkortasunez. Horixe, gutxi gorabehera, albumean kontatzen dena. Nondik sortu zitzaizun ideia eta nolakoa izan da album-aren sortze prozesua?
Ipuin honetan kontatzen da nola bizi dituzten neskato batek eta bere txakurrak egun euritsuak. Helduentzat euria negatiboa da, psikologikoki ezkor ipintzen gaitu, morala baxu, tristeago. Umeek ez dute hori horrela bizitzen, euriaren alde ona ikusten dute, horrekin gozatuaz. Hori aldarrikatzen da liburuan, egunerokotasuna modu positibo eta poetikoan bizitzea. Berandu samar ikasi nuen nik hori. Anaia hil zitzaigun gaixotasunez,  berak bizitzari aurre egiteko modu baikor horrek, eta irribarre egiten ikusteak, inoiz inork erakutsitako gauzarik handiena irakatsi zidan. Behin bakarrik biziko garela, eta pozik bizi behar dela, bizitzako gauza txarrei aurpegi ona ipiniaz. Hori buruan izanik sortu zitzaidan istorioa, berari egindako nire omenaldia da. Berak horrela ikusten baitzituen egun euritsuak.
Behin istorioa idatzita, maketa bat egiten dut, eskema moduko zirriborro batzuk, liburuak zenbat orri izango dituen jakiteko, formatua, nola joango den maketatuta, eta zein teknika erabili, zein kolore nagusituko den… Gero marrazki definitiboak egiten ditut, eta dena maketatu ordenagailuan, nola geldituko den ikusteko.

Egun euritsu horien ezaugarri den argi eskasaren erabilpena izan omen da zure lana sariaren merezidun egin duten gauzetako bat. Hitz egiguzu horri buruz…
Ipuin honek atmosfera berezia eskatzen zuen. Argi gutxiko egun beltzak. Euria egiten duenez, hodeiak daude zeruan, eta dena grisa da. Hala, beltza erabili dut asko eta txuria, gero kolore ukituak han-hemenka; baina atmosfera hori mantenduaz liburu guztian. Poetikotasun ukitu hori dute irudiek, baina ez dira tristeak.

“Beste lanetatik desberdindu duena bere ikuspegia haurren ikuspegira asko hurbiltzen dela izan da”, horixe epaimahaiak nabarmendu duen beste ezaugarrietako bat. Zer esango zenuke horren inguruan?
Haurren ikuspegira hurbiltzea berez ateratzen zaidan zerbait da, gehiago kostatzen zait helduen ikuspegira hurbiltzea. Nire barruko ume hori oso bizirik dago oraindik, pozik irtengo nintzateke liburuko protagonistekin batera putzuetan salto egitera. Gero irudimenak egin du falta zen lana, eta oroitzapenek. Pentsatzen jarri nintzen zer egiten genuen txikitan euria egiten zuenean, eta poesia pixka bat ipiniz, istorioa bakarrik sortu zen.  

Pamielak argitaratuko du euskarazko bertsioa, Bologna-ko liburu azokan Kalakandrakoekin ere bildu zara gaztelaniazko eta galegozko bertsioari buruz hitz egiteko. Ba al da horren inguruko berririk?

Egon naiz Kalandrakoekin Bologna-n, eta notiziak onak dira. Hasiera batean ez zegoen garbi gaztelania eta galegoz argitaratuko zen, baina azkenik baiezkoa eman dute. Alde horretatik oso pozik nago, beste hizkuntzetan ere argitaratuko dela jakitean.

Zer esango zenuke sari hauen inguruan? Beharrezko jotzen al dituzu idazle zein ilustratzaileek lan egiteko aukera izan dezaten? Zer moduz ikusten duzu alde horretatik Euskal Herriko egoera?
Etxepare sari hauek beharrezkoak dira Euskal Herrian, izan ere, oso album ilustratu gutxi kaleratzen da urtean. Garestiak dira liburu hauen edizio lanak, eta horregatik bestelako haurrentzako liburuak egiten dira gehienbat, edo gaztelaniazkoak euskaratu. Nire ustez, lan handia dago egiteko oraindik liburu mota hauekin, eta pena da, izan ere umeei izugarri gustatzen zaizkie, eta baita heldu askori ere, ni euren artean, liburu hauen erosle amorratua naiz.
Bestalde, aukera bat da sari hau idazle zein ilustratzaileentzat, beren lana argitaratzeko, izan ere, konpetentzia handia dago, eta ez da hain momentu ona liburuak kaleratzeko. Jendeak liburu gehiago erosi beharko lituzke, kulturan diru gehiago xahutu, umeak txikitandik literatura eta artean murgilduz.

Ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Momentu honetan beste proiektu pertsonal batean ari naiz; ideia bat dut buruan, baina oraingo honetan, ume handiagoentzat izango da seguraski. Ea argitaratzeko aukerak dituen eta ez den etxeko apalean geratzen. Bestalde, espero dut hemendik aurrera proiektu gehiago irtetea beste argitaletxeekin ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!