Dantza, musika eta poesia, Ari du emanaldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 10:26

Oinkari dantza taldeak ‘Ari du’ emanaldi berria estreinatuko du apirilaren 15ean, Tolosako Leidor antzokian. Saiakera  handiaren ordaina: emaitza hunkigarria.

Pausoak, mugimenduak, doinuak, hitzak, jantziak…, parte hartzaileek guztia prest dute ‘Ari du’ emanaldi berriena jendaurrean aurkezteko. Oinkari dantza taldeko arduradun Alazne Gurrutxagak azken urtean Korrontzirekin batera eskainitako ‘Infernuko hauspoa’ emanaldian murgilduta ibili direla adierazi du, baina buruan zerabiltela euren egitasmo berria, “talde mailan gogoa eta beharra ere bagenuen eskaintza berria osatzeko. Izan ere, Korrontzirekin batera 30 dantzarik hartzen du parte, baina gazteen taldean, guztira 75 dantzari gara. Zer edo zer ezberdina eskaini nahi genuen eta dantza poesiarekin uztartzea erabaki genuen”. Hasieratik argi izan zuten dantzak poesiak baino indar handiagoa izan behar zuela emanaldian, baina poesia egokia iruditu zitzaien erritmoa markatzeko. Bide horri jarraituz, Juan Kruz Igerabide poeta adunarrarekin jarri ziren harremanetan eta hark osatu ditu emanaldia janzten duten hitzak.

Euria, modu zabalean
Juan Kruz Igerabidek Oinkariren aurreko ‘Aspaldikotik’ emanaldirako ere idatzi zituen hitzak. Hala ere, lehen aldiz arituko da Oinkariko dantzari eta Loatzo musika eskolako musikariekin batera zuzenean taula gainean poemak errezitatzen. “Esperientzia berria izango da niretzat. Aurrez musikariekin edota margolariekin batera errezitatu izan ditut olerkiak eta oraingo hau ere hari bertsutik joango dela pentsatzen dut. Gogoko dut arte adierazpen ezberdinekin lan egitea”, azaldu du. Euria, dantza, musika eta olerkia uztartzeko gai egokia izan zitekeela adostu ondoren, testuak idazteari ekin zion adunarrak; “euria modu zabalean hartu dut hitzak idazterakoan eta ‘Ari du’k zabaltasun hori adierazten du. Euriari buruzko sentsazio ugari uztartu dut eta gaien artean, maitasunaren gazi-gozoak, heriotza, nahiz nostalgia aipatzen dira”. Testuetan Lizardi, Gandiaga edota Linazasororen poemen oihartzunak ageri dira, baita herri poesiarenak ere. “Emanaldian dantza herrikoia eta egungoa uztartzen direnez, hitzak ere bide beretik osatu ditut”, azaldu du. Dantza eta poesiaren artean oso elkarrizketa polita sortu dela uste du poetak, egoera berriak bere ohiko poesia moldatzera behartu badu ere: errepikakorragoa, sintetikoagoa.

Atzokoa eta gaurkoa
Aukeran konpainiako dantzari eta koreografo Edu Muruamendiaraz Oinkarirekin batera elkarlanean ari da azken zazpi urteetan. Aurrekoetan bezala, berak bideratu ditu ‘Ari du’ emanaldiko koreografiak ere, “azken 15 urteetan egindako bidearen ondorioz, oraingo honetan ere dantza tradizionala eta berria nahastu ditut. Garaiak aldatu egiten dira eta horrek badu eraginik dantzan ere: ondorioz, antzinako dantzetatik gustatzen zaizkigun zatiak hartu eta moldatu egiten ditugu. Dantza tradizionalen artean, Berastegiko Ezpata-dantza edo Sagar-dantza berreskuratu ditugu. Bestalde, bederatzi dantza berri estreinatuko dira emanaldian, neskek edo mutilek bakarka nahiz biek batera egingo dituztenak”. Gainontzean, koreografiak egiterakoan, Edu ez da eurian soilik oinarritu; besteak beste, itsasoa, ura edo Txillidaleku hartu ditu inspirazio iturri. “Dantza guzti-guztietan euria ageri ez bada ere, gehienetan bada arrastoren bat: dantzetan ez ezik, atrezzoan edota hitzetan”. Musikariak zuzenean aritzea eta taula gainean 75 dantzarik parte hartzea luxu handia dela uste du, “oso garrantzitsua da dantzari guztiei parte hartzeko aukera ematea eta horixe egin dugu. Taldekideak oso gogo onez etortzen dira entseguetara eta egindako saiakeraren ondoren, emaitza ikusgarria izango da”, Muruamendiarazen ustez.

Hainbat emanaldi lotuta
Aipatu bezala, apirilaren 15eko estreinaldia Tolosako Leidor antzokian izango da 22:30etan. Txartelak 10 euroren truke eskuragarri daude www.kutxa.net gunean. Lehen saio horren ondoren, beste emanaldi batzuk lotuta dituzte dagoeneko. Maiatzaren 14an Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan arituko dira, Maiatza Saltsan ekimenaren baitan. Abuztuaren 4an Oiartzungo Elorsoron izango dira, Oiartzungo festetan. Amasa-Villabonan, herrian bertan ere aurkeztuko dute euren lana: azaroan, urteurrenarekin batera. Aurrerantzean, ‘Ari du’ emanaldia eskaintzez gain, Korrontzirekin batera elkarlanean jarraituko dute ‘Infernuko Hauspoa’ plazaratzen, batean eta bestean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!