Amasa-Villabonako toponimia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 10:24

Amasa-Villabonako toponimia biltzen duen mapa argitaratuko du laster Villabonako Udalak. Ikermap enpresako Imanol Goikoetxeak egin du azterketa, apirilaren 2ra arte, proposamenetara irekita, Gureako erakusgelan ikusgai egon zena.

Villabonako Udaleko Euskara Zerbitzuak hutsune handia sumatzen zuen Amasa-Villabonako toponimiaren inguruan. Izan ere, 1994 urteaz geroztik ez baitzen beste azterketarik egin. Maite Arregi euskara teknikariak adierazi duenez, “orduko hartan ahozko aipamenak soilik jaso ziren eta hankamotz geratu zen lana. Orain, ahozko aipamenekin batera, agiritegietako datuak jaso eta mapetan kokatu dira, hainbat adineko herritarrekin datuak zehaztu eta gero”. Bertako toponimia dokumentatzearekin oso pozik agertu da Maite, “bilketa lana osatuta geratu da orain eta oso apustu garrantzitsua dela uste dut. Izen bakoitzaren nondik norakoak txostenean jasotzearekin batera, euskarri informatikoan ere gordeko dira; ondorioz, edonoren eskura egongo da eginiko lana”. 825 izen bildu dira guztira; kale-etxe, baserri, mendi, txabola edota bordenak, bereziki.

Ahozko lekukotzak eta agiritegietakoak
Villabonako Udalak eskatuta, duela urtebete hasi zen Ikermap elkarteko Imanol Goikoetxea Amasa-Villabonako toponimia aztertzen. Martxoa eta apirilean zehar aurkeztu du egindako lanaren emaitza. Bi pauso nagusi eman ditu lana gauzatzeko: ahozko lekukotzak jaso eta agiritegietan ikerketak egin, dokumentu zaharrak erreparatuz. “Beste dokumentu askoren artean, Villabonako Udaleko artxibategian gordetzen diren 1750etik 1820ra bitarteko landaketen eta mintegien liburuak aztertu ditugu. Izen asko atera dugu bertatik”, azpimarratu du. Egun higiezinak (baserriak, lurrak…) izendatzeko hamaika tresna dagoen bitartean, antzina ez zegoen halakorik. Beraz, izenari garrantzia handia ematen zieten gure aurrekoek: “jabegoa izendatzeko modua bakarra izaten zen kasurik gehienetan eta toponimoa ez zen askorik aldatzen: espazioa, gidoitxoa… Ondorioz, nahiko fidagarriak dira orduko datuak”. Idatziez gain, ahozko lekukotzak jasotzeko, Amasa eta Villabonako adineko pertsonengana jo dute eta gogo onez laguntzeko prest azaldu direla nabarmendu du.

Amasa eta Villabona, mugarik bai?
Erakusketarako, jasotako 825 izenak gunez gune mapetan zatikatuta kokatu zituen Imanolek. Amasa eta Villabona elkarren ondoan ageri zirenari begira, bata eta bestearen arteko mugarik aurkitu ote duen galdetu genion: “Adineko pertsonen esanak entzunda, antzina, Villabona, Kale Nagusia eta Berriak soilik osatzen zutela esango nuke, errepideaz bestalde geratzen ziren soroak ere Amasarenak zirelarik. Hala ere, auzi idatzirik ez dagoenez, ezin da aipamen hori guztiz segurtatu”. Txermin, Larrea, Arroa edota Legarreta auzoez gain, Salvadora ere Amasa zela esango luke Imanolek, “Zubi berritik beharrean, garolekutik zetozenean, gurdiekin Salvadorako bidetik igarotzen baitziren amasarrak etxera. Nire ustez bide horrek egiten zuen Villabona eta Amasaren arteko muga”. Bitxikeria modura, Villabonako eliz aurrea, Plaza Nueva edo Plaza Berria moduan ezagutu zela  aipatu du, “oso gutxi erabili zen izen hura, baina dokumentuetan behin baino gehiagotan ikusi dugu barrio Plaza Nueva”. Dirudienez, Amasa eta Villabona lotzeko asmoa zuten bertan, baina autobidea eraikitzeak bere horretan utzi zuen asmo hura.
Bestalde, Villabonako Kale Nagusi eta Berriko etxeen izen-zerrenda ere aurkitu du eta izugarrizko zortea izan dela nabarmendu du egileak: “kale-etxe gehienen izenak galduta daude eta ahoz, oso gutxi jaso ditut. Baina, 1896an Villabonako kale-etxe guztiei garolekuak eta su-egurra emateko erabakia hartu zeneko zerrenda aurkitu nuen eta bertan, etxe bakoitzari zein garoleku zegokion zehazten zen. Gerora, kale-etxe bakoitzari helbide postala edo zenbakia jartzea behartu zenean, zenbakiarekin batera, kale-etxearen izena jartzen zuen dokumentua ere aurkitu nuen. Beraz, etxearen izena, helbide postala eta garolekuaren berri jaso ahal izan nuen”.

Fernando Letamendia, pozik
Amasako Arratzain baserriko Fernando Letamendia izan da toponimiako lana osatzen lagundu duen herritarretako bat. Erakusketak iraun bitartean, askotan gerturatu zen Gureako erakusgelara, egin zuten lana mapetan errepasatzera. Aipatzen zuenez, ez zen nekatzen ezagunak zituen izenak ikusteaz, “gu inguru horiek denetan ibilitakoak gara: egurretan, garo lanetan… Inguruko borda gehienak ere ezagutu genituen”. Pozik sumatzen zen lanaren emaitzarekin, “lan garrantzitsua egin dugula iruditzen zait. Ondorengoek jadanik ez dituzte izen horiek ezagutzen eta bildu ez bagenitu, laster galduko ziren guztiak. Orain luzerako gordeta geratuko dira”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!