Victoriano Sanchez, kanario hazlea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 10:24

Jaengoa da izatez Ubare auzoan bizi den Victoriano Sanchez, Alcala la Real herrikoa. 40 urte pasatxo daramatza Zizurkilen bizitzen eta bere zaletasuna gauzatzen: auzoan bertan kanarioak hazten.

Ume zenetik gustatzen zaizkio txoriak Victorianori eta txikitatik, beti txoriz inguratuta bizitu dela gogoratu du, “gaztetxo nintzela, aske zebiltzan karnaba edo jilgeroak nahiz eperrak harrapatzen nituen, gero etxean hazteko”. Jaendik Bilbora etorri zen gaztetxotan bizitzera eta han hogei urte inguru igaro ondoren, duela berrogei urtez geroztik Zizurkilgo Ubare auzoan bizi da. “Zizurkilera etorritakoan, etxean hazten nituen lehenik kanarioak. Gerora garajean jarri nituen eta bertan jarraitzen dut orain ere”. Zortzi arraza ezberdineko kanarioak ditu Victorianok une honetan, 75 txori inguru: 18 bikote eta 40ren bat kume. Hala ere, umaldien arabera, ehundik gora ere izan ditu. Bere kanarioak nahiz beste hainbat hazleri erositakoak hazten ditu bere txokoan, “oso garrantzitsua da norberaren kanarioak beste hazleen kanarioekin gurutzatzea. Denak odol berekoak izango balira, arraza ahuldu egingo bailitzateke eta kanarioaren kalitatea galdu”, argitu du. Ondorioz, leku ezberdinetako kanarioak ekarri eta bata bestearekin elkartuz eusten dio begi-bistakoa den kanario arraza ezberdinen kalitate onari.

Jaioberritan, eraztunak
Udaberriarekin batera, martxoaren amaiera aldera jaiotzen dira urteko lehen kanarioak. Lekuaren arabera, ordea, data hori aurreratu ere egiten da eta aurrez jaiotzen direnak hobeto garatzen direla aipatu du Victorianok, “lehenago jaiotzen diren kanarioei, gainerakoei baino lehen ateratzen zaizkie lumak eta indartsuagoak izaten dira. Abuztuan jaiotakoek denbora gehiago behar izaten dute indartzeko eta atzenduta geratzen dira”. Federazio ornitologikoko kide da Victoriano, CB-073 zenbakiaren jabe, eta beste hainbat daturekin batera, zenbaki hori duten eraztunak jartzen dizkie kanario jaioberriei, “jaio eta laster jartzen diet zangoan eraztuna. Modu horretan, erosleak noren kanarioa den jakiteaz gain, noiz jaiotakoa den eta kanarioaren kodearen berri ere izaten du”.
Iaz 120 kanario hazi ondoren, horietatik gehienak saldu egin zituen. “Tarteka beste kanario hazle batzuei saltzen dizkiet bikoteka, eta norbanakoei ere askotan. Gipuzkoa osoko jendea etortzen zait kanario bila, Beterri-Aiztondo bailarakoak ere ugari”. Bakarka saltzen dituen kanarioak txoriaren kantua entzutea gustatzen zaien erosleei zuzendutakoak izaten dira gehienetan, “dudarik gabe, gehien kantatzen duten kanarioak tinbradoreak dira; luma berdekoak. Gehiengoari, luma hori edo gorriko kanarioak gehiago gustatzen zaizkio, baina gutxiago abesten dute”. Kantuaren inguruan beste berezitasun bat ere aipatu du, “kanario arrek emeek baino askoz gehiago abesten dute. Emeak pioka aritzen dira gehiago”.

Kolore biziko lumak
Beste animalia askorenak bezalaxe, kanarioen topaketak oso ohikoak dira. Victorianok gertukoetan parte hartu izan badu ere, ez du kanpoko saioetara joateko ohiturarik, “txapelketatan kanarioaren tamaina edo kantuari baino garrantzia handiagoa ematen zaio lumajeari. Lumek distiratsuak izan behar dute eta gorputzari itsatsitakoak”. Txapelketei begira ez bada ere, luma dotoreekin eta osasuntsu hazten ditu zizurkildarrak, “kolore biziko lumak lortzeko, janariari kolore bizigarria gehitu behar zaio. Distirari begira, umaldian, jatekoari oliba olio koilarakada nahasten diot”. Bestalde, bikoteka uztartzerakoan, kontuan izan behar da kanarioetako bat luma bizikoa eta bestea elurtua izatea, “modu horretan emaitza denetarikoa izaten baita”. Zainketari dagokionez, garbitasuna eta jaten maiz ematea nabarmendu ditu zizurkildarrak.

Zaintza ezinbestekoa
Victorianok, jubilatuta dagoenez, nahi adina denbora eskaintzen die kanarioei, “lanean ari nintzela ezin izaten nuen hainbestetan etorri, baina orain, egunean hirutan etortzen naiz jatekoa eman, txukunketak egin eta ondo ote dauden begiratzera. Egia esan, oso lan lotua da. Kanarioak ondo zaintzekotan ezin izaten da bidaia askorik egin, baina zaletasun honexek betetzen nau ni gehien”, azaldu du. Animaliak edukitzea erabakitzen duenak ondo zaindu behar dituela argi izan behar duela dio, “ondo ez zaintzekotan, hobe halako ardurarik ez hartzea. Niri pena ematen didate gaizki zaindutako animaliek”. Bere erosleei nahiz kanarioez galdetzen dion edozeini laguntzen saiatzen da Victoriano, “nik dakidana gustura azaltzen diot interesa erakusten didanari. Askotan egokitu zait albaitari lanak egitea ere”. Victorianorekin harremanetan jartzeko: 616823288.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!