Ezagutzen ez duen bati alboka zer den azaldu beharko bazenio…
Haizezko musika tresna, bi berezitasun nagusi dituena: batetik, aldi berean bi nota ezberdin jotzeko aukera ematen digu, haizezko musika tresnetan oso ohikoa ez dena; eta bestetik, etenik gabe haizea ematea eskatzen du, alegia, arnasa hartzen dugun bitartean haizea ematen jarraitu behar dugu.
Erraza al da teknika hori ikastea?
Bai, ematen duena baino askoz errazagoa. Gauza guztietan bezala, batzuek besteek baino errazago ikasten dute, baina ez da tresnak duen gauzarik zailena, inondik ere.
Zer da, orduan, zailena?
Beharbada zailena, edo behintzat arraroen egiten dena, tresnaren beraren funtzionamendua ulertzea da. Soinua etengabea denez, bi nota berdin jarraian jo behar badira, esaterako, tartean adornoak sartu behar dira nota bat noiz bukatzen den eta bestea noiz hasten den jakiteko… Horixe izan liteke ulertzeko arraroen egiten dena.
Non du albokak jatorria?
Beti esan da artzainen musika tresna dela, zati bat adarrarekin egina duelako... Bestetik, arabiarrekin ere zerikusia baduela esaten da, izena ere hortik ote datorren, alboge hitzetik alegia… Dena den, albokaren antzeko tresnak toki askotan daude munduan zehar. Euskal Herriari dagokionez, Bizkaia aldean mantendu izan zen gehienbat, Arratia inguruan; Gipuzkoan, berriz, Zegama aldea aipa genezake…
Badirudi azken urteetan indarra hartzen ari dela…
Bai, 10-15 urte izango dira joera hori nagusitu denetik. Instrumentuak berak ere hobekuntza handiak jasan ditu: orain 8-10 urteko albokak gaurkoekin alderatuz gero sekulako aldea nabari daiteke. Gaur egun, alboka afinatuta jotzeko ez dago inolako arazorik, tresna pixka bat kontrolatzen bada behintzat; orain zortzi bat urte oso konplikatua zen hori. Alde batetik, bi tutuetako fitak berdin-berdin afinatuta egotea lortu behar da, zenbait momentutan albokaren bi tutuek nota bera joko baitute. Eta behin biak berdin-berdin afinatuta ditugunean, afinagailu batekin afinatu behar dugu tresna, re nota jotzen ari bagara benetan re bat izan dadin eta ez do. Afinazioaren arloan eman diren hobekuntza hauek asko zabaldu dituzte beste instrumentu batzuekin batera jotzeko aukerak.
Zein arrazoi daude azken urteetako hobekuntza horren atzean?
Interesa eta batzuen lana aipatuko nituzke. Zenbait jendek lan asko egin du arlo honetan, tartean Oses albokagile arabarrak. Honek proba eta ikerketa asko egin du eta lortu dituen aurrerapenak oso handiak izan dira. Materialaren aldetik, esaterako, lehen fitak kanaberazkoak izaten ziren eta gaur egun zuntza erabiltzen da; horrek sekulako egonkortasuna ematen dio afinazioari. Horrekin batera tutuetako zuloen diametroak, distantziak… Izugarrizko lana egin da azken urteetan.
Zerk erakartzen du jendea alboka jotzera?
Nire ustez soinuak, berezia baita, bi nota batera ematen dituen kontu horrengatik. Jendeari gaita etortzen zaio burura, sistema ezberdina den arren. Gaitak etengabe nota pedal bat dauka eta horren gainean punteroak doinu bat egiten du; albokak, ostera, nota konkretu batzuetan bakarrik ematen ditu bi soinu ezberdin batera, ez dago azpiko etengabeko notarik. Baina jendea gehien erakartzen duena horixe dela esango nuke.