Errenta aitorpena, euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 14a, 10:16

Martxoan hasi eta apirilean zehar, 5.000 baietz! leloarekin osatutako txartelak ikusi ahal izan dira Aiztondo bailarako kaleetan barrena. Hainbat herritar txartel horien esanahia ulertzeko jakin-minez zegoen azken asteetan; bada, dagoeneko argitu da gaia.

Izan ere, 2010 urteari dagokion errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 18an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da; eta Kontseilua, Galtzaundi euskara taldea, Ibarra, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo Udalak edota UEMAko kide diren Tolosaldeko hamalau udalerrik –tartean Adunak– elkarlanean abian jarri baitute 5.000 baietz izeneko kanpaina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kanpaina bitxiaren helburua aurten 5.000 lagun baino gehiagok errenta aitorpena euskaraz egitea da. Iaz 3.800 baino gehiago izan ziren aukera hori egin zutenak, aurreko urtean baino 625 lagun gehiago. Aurten, ordea, kopuru hori gaindi daitekeela sinetsita, 5.000ra iristea da erronka.

Aukera ugari
Azken urteotan bezalaxe, aurten ere, errenta aitorpena egiteko hainbat bide zabalik dago. Batetik, egun hauetan zehar, Foru Aldunditik autolikidazio proposamenak ari dira bidaltzen etxeetara. Ados egonez gero, berresterakoan zein hizkuntzatan jaso nahi den adierazi behar da. Telefonoz berrets daiteke, 902 100 040 zenbakira hots eginda, eta bertan, autolikidazio proposamena baieztatzeko aukera eskatu ostean, ondorengo mezua entzungo da: “Errentakoekin euskaraz egin nahi baduzu sakatu 1”. Internet bidez berresteko, www.gipuzkoa.net webgunera jo. eta bertan partikularrek autolikidazio proposamena onartzeko atalean sartu behar da. Identifikatu eta gero, 3. pausoan hizkuntza aukera daiteke.
Errenta aitorpena norberak modu mekanizatuan egitea hautatuz gero, gestoria baten bidez edota Foru Aldundiaren egoitzara jo behar da. Mekanizatuan egiteko hitzordua eskatu behar da lehendabizi 902 100 040 telefono zenbakira deituta, edota internet bidez (www.gipuzkoa.net). Bietan, euskaraz egin nahi dela adierazteko modua dago. Bestelako bideak aukeratuz gero ere, euskaraz egitea eska daiteke; izan ere, esaterako, paperezko inprimakiak euskaraz nahiz gaztelaniaz bete daitezke.

Normalizaziorako bidean
5.000 baietz! kanpainako bultzatzaileek, modu oso errazean, herritar orok norbere hizkuntzan errenta aitorpena egiteko bide ugari eskura duela gogorarazi du eta aukera horren aldeko apustua egitera animatu ditu eskualdeko herritar guztiak, normalizazio bidean urratsak emanez, “gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean ematen ari garen beste pauso bat da oraingo hau. Baina, pauso handia eta sendoa izan dadin, beste behin ere, guztion babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da. Euskarak merezi duen lekua izan dezan egunero behar baitu gu guztion zaintza”, jakinarazi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!