Irrintzi elkartearen kultur jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 13a, 12:23

Gaur iluntzean jarriko dira martxan Irrintzi elkarteko asteazken kulturalak, ekainaren 29a arte luzatuko direnak. Sarrera doakoa izango da eta herritar ororentzat irekia. Gaur, apirilak 13, 19:30etan Arozena anaia txistularien emanaldia izango da. Hara hemen gaurko emanaldiaren berri zehatzagoa eta datozen asteazkenetako saioen berri:

Arozenatarrak kontzertuan: txistua , gitarra, perkusioa eta umorea zuzenean

Arozena txistuaren munduan abizen ezaguna da. Aitor, Urko eta Xanet txistulari familia honetako laugarren belaunaldikoak dira. Gazte-gaztetatik txistu ikasketak hasi zituzten Oiartzunen, lehen irakaslea Juanito Arozena, beraien aita, izan zutelarik. Ondoren irakasle mordoa izan zuten Errenteriako eta Donostiako kontserbatorioetan. Aitorrek eta Urkok goi mailako txistu ikasketak burutu zituzten eta Xanetek gitarraren bideari ekin zion. Egun, Aitor Donostiako udal txistulari bandako partaide da eta bertako musika eskolan irakasle, bai eta Oiartzungo Lartaun txistulari taldearen zuzendari ere. Urkok, txistu ikasketez gain, perkusioko goi mailako ikasketak ere burutu zituen eta Musikeneko irakaslea da alor honetan bai eta Irungo udal txistulari bandako zuzendari ere. Xanetek hainbat erromeri eta dantza taldetan hartu du parte, azkena Akelarre taldean. Egun musikatik kanpo badabil ere noizean behin kantari nahiz musikariei laguntzen ere aritzen da.Txistuarekin batera instrumentu desberdinak ikasi izanak eta estilo ugari jorratu izanak ikuspegi zabal baten jabe egin ditu hiru anai hauek. Ikuspegi hori zabaltzeko asmoz emanaldi hau antolatzera animatu dira. Oinarrian txistularien betiko dantzarako eta kontzertuetarako errepertorioa hartu eta perkusio eta gitarra klasikoaz ornitutako emanaldia da..., umore pixka baten laguntzaz.

 

Datozen asteazkenetako egitaraua

Maiatzak 4: Ardo dastaketa

Maiatzak 18: Txirrindularitzaren inguruko mahai-ingurua

Ekainak 1: 'Tabakoaren menpekotasuna, mitoak eta egiak' hitzaldia

Ekainak 15: Euskal sukaldaritza

Ekainak 29: Mendizaletasuna

Kultur jarduerek iraun bitartean bi erakusketa izango dira ikusgai: Dagoeneko jarrita dagoen Seve Iglesias herritarraren margolanena bata, eta Gipuzkoako Argazkilaritza taldeko argazkiena bigarrena; aurrerago zabalduko dena.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!