Festa batzordearen gutuna, Mari Anjeles Lazkanori

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 11a, 20:54

Aiurri aldizkariaren 363 zenbakian Mari Anjeles Lazkano Zizurkilgo alkateari azken legegintzaz egin zitzaion elkarrizketa argitaratu zen. Zizurkilgo festa batzordeak gutuna bidali du elkarrizketa horretan alkateak Joxe Arregi plazaren izendapenaren inguruan egindako aipamenaren harira:

Alkatearen kontraesanak: Zizurkilgo festa batzordea

Idatzi honen bitartez festa batzordeko kideok gure harridura eta egonezina azaldu nahi genuke Maria Angeles Lazkanok Aiurri aldizkariko 363. alean egindako adierazpenen aurrean. Festa batzordeko kideok, gure esperientzian oinarriturik, garbi esan dezakegu bere hitzak eta ekintzak ez datozela bat. Kontraesanak daudela esan duenaren eta egin zuenaren artean
Hauek izan ziren Aiurriko bere adierazpenak, hitzez hitz: "Jende askorentzat Joxe Arregi plaza da, eta logikoa da. Nik ezin diot herritarrari burutik hori kendu, ez dut nahi gainera".
Hau horrela bada, zergatik oztopatu festa batzordeari, hau da herritarroi, Joxe Arregi plazari bere izenez deitzea? Sentitzen dugun moduan deitzea?
Duela bi urte, festetako egitaraua haren eskuetara iritsi bezain laster, alkateak eskutitza zuzendu zion festa batzordeari, berriro Joxe Arregi plazaren izena festetako egitarau edo karteletan azalduko balitz, aurrekonturik gabe geratzeko arriskua genuela mehatxatuz. Horrez gain, alkateak jakinarazi zigun ezingo genuela Joxe Arregi plazaren izena erabili Udalaren armarria azaltzen zen inongo tokitan.
Hori al da herritarroi Joxe Arregi plazaren erabilpena onartzea? Burutik kendu nahi ez izatea?
Hori gutxi balitz, Joxe Arregi plazaren izena aldarrikatuz Elbarrenako festetan ateratako hainbat euskarriren ardura ere guri leporatu zigun, nahiz  festa batzordeak material horrekin inongo zerikusirik ez izan. Mehatxu hori aitzakia gisa erabili zuen falta ziren aurrekontuaren 12.000€ak ez zitzaizkigula emango esateko. Hitz eman zigun diru hori azaroaren 25ean sartuko zuela Udalak eta nahiz eta agindutakoaren zati bat abenduaren 31n ingresatu, esan beharrean gaude oraindik beste 6.000€  falta zaizkiela sartzeko.

Bukatzeko, eta idatzi hau aprobetxatuz, dei egin nahi diogu herriari, zizurkildar orori: asteazkenero 19:00etan Atxulondo Kultur Etxean, festa batzordearekin bat egitera, elkar lanera. Aurreko urteetako parte hartze eskasa ikusirik, hausnarketa egitera gonbidatzen zaituztegu, festak herritik sortuak eta herriarentzat behar baitute izan eta horretarako ezinbestekoa da guztion parte hartzea. Festak uste baino gertuago ditugunez, ANIMATU eta aprobetxa ezazue gustuko herriko jaiak prestatzeko dugun aukera.

Behar zaitugu jai herrikoiak antolatzeko!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!