Azken urteotan bezalaxe, aurten ere, errenta aitorpena egiteko hainbat bide zabalik dago. Batetik, egun hauetan zehar, Foru Aldunditik
autolikidazio proposamenak ari dira bidaltzen etxeetara. Ados egonez gero, berresterakoan zein hizkuntzatan jaso nahi den adierazi behar da.
Telefonoz berrets daiteke,
902 100 040 zenbakira hots eginda, eta bertan, autolikidazio proposamena baieztatzeko aukera eskatu ostean, ondorengo mezua entzungo da: "Errentakoekin euskaraz egin nahi baduzu sakatu 1".
Internet bidez berresteko, www.gipuzkoa.net webgunera jo. eta bertan partikularrek autolikidazio proposamena onartzeko atalean sartu behar da. Identifikatu eta gero, 3. pausoan hizkuntza aukera daiteke.
Errenta aitorpena norberak modu mekanizatuan egitea hautatuz gero, gestoria baten bidez edota Foru Aldundiaren egoitzara jo behar da. Mekanizatuan egiteko hitzordua eskatu behar da lehendabizi 902 100 040 telefono zenbakira deituta, edota internet bidez (www.gipuzkoa.net). Bietan, euskaraz egin nahi dela adierazteko modua dago. Bestelako bideak aukeratuz gero ere, euskaraz egitea eska daiteke; izan ere, esaterako, paperezko inprimakiak euskaraz nahiz gaztelaniaz bete daitezke.