Joxe Mari Iturzaetaren omenezko ekitaldien aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 13:52

Joxe Mari Iturzaeta pala jokalari handia gogoratzeko ekitaldi sorta aurkeztu zuten joan den ostiralean Donostian. Ekitaldi ugari iragarri ziren maiatzean eta ekainean burutzekoak direnak.

Ekitaldiak antolatzeko batzorde bat iazko azaroan sortu zen eta geroztik lanean da; bera izan zen prentsaurrekora deitu ziena kazetariei. Aurkezpen mahaian honakoak eseri ziren: Andoni Alvarez (Gazteleku klubeko prestatzailea), Mateo Ponce (Sorabillako auzokide eta batzordeko kidea), Ainara Oroz (Joxe Mari Iturzaetaren iloba), Alex Sanchez (pala jokalari profesional ohia eta Ogiberri enpresako ordezkaria), Estanis Amutxastegi (Andoaingo alkatea), Kiko Caballero (Euskadiko pilota federazioko lehendakari ohia) eta Patxi Jauregi (Iturzaetaren lagun mina eta Gipuzkoako federazioko lehendakaria).

Kazetariez gain, hainbat pertsona bertaratu zen aurkezpena entzutera. Besteak beste, Iturzaeta Sarasola sendia, Iturzaetaren lagunak eta Sorabillako auzotarrak.
Andoni Alvarezek gidatu zuen aurkezpena. Iturzaetak kirol eta gizatasun maila handia erakutsi zuela adierazi zuen, eta horren adierazle da ekitaldien aldeko batzordeak lortu duen parte hartze zabala; izan ere, bertan baitaude sendiak, Gazteleku kluba, pala profesional ohiak, adiskideak eta Sorabillako auzotarrak, besteak beste. Alvarezek gogoratu zuen datorren ekainaren 3an 25 urte beteko direla Iturzaetak profesionaletan egin zuela debuta, eta horren harira egoki ikusi dutela pilotaria omentzea.

Ezagutza eskasa
Iturzaeta euskal pilotak izan duen pilotari handienetakoa izan zela adierazi zuen Poncek. Hori horrela izan arren, pena agertu zuen belaunaldi berriek ia ezagutzen ez zutelako. Hutsune hori betetzeko zenbait ekitaldi burutuko dituzte. Poncek horietako zenbait aipatu zituen, segidan: pala profesional ohien eta pala jokalari afizionatuen arteko txapelketa, pala jokalari profesionalen arteko jaialdia Arrate pilotalekuan, txapelketa herrikoia Sorabillako pilotalekuan, Iturzaetaren inguruko liburu-biografiaren argitaratzea, herri bazkaria, herri omenaldia Sorabillan…

Ekitaldiak iritsi bitartean eta giroa sortzen lagundu asmoz, Iturzaetaren irudia daramaten elastikoak salgai jarri dituzte 12 eurotan.    

Ainara Oroz Joxe Mari Iturzaetaren ilobak sendiaren izenean eskerrak eman zizkien guztiei. Emozioari ezin eutsirik, ekitaldiaren inguran zenbat jende mugitzen ari den ikustea pozgarria dela gaineratu zuen. Sanchezek eta Jauregik Iturzaetarekin palan makina bat aldiz jokatu zutela gogorarazi zuten. Jauregik, gainera, adiskidetasun handia zuela adierazi zuen. Hitz laburrez, baina esanguratsuz definitu zuen Iturzaeta: “mutil jatorra eta apala, eta aparteko dohainak zituen kirolaria”. Caballerok palaren historia hiru gertakizun tragikok markatu dutela gogorarazi zuen. Lehenbizikoa -mende hasieran-, pala Ameriketako pilotalekuetan zabaltzeko ahalegina hutsean geratu zenean izan zen. Bigarrena, Migel Saralegi pala jokalari handia 1975ean Baldan jokatzen ari zela hil zenean. Hirugarren gertakizuna, Caballeroren ustetan, palaren errege zen Iturzaetaren heriotza izan zen.   

Caballerok historia alde batera utzita, Jauregirekin bat egin zuen Andoaingo pilotalekuari Iturzaeta izena jartzeko eskaeran. Are gehiago, irismen handiko proposamena luzatu zuen: instituzioek behar diren bitartekoak jarri ditzatela gazteentzako pala eskola sortu dadin; eta gainera, Andoain izan dadila eskola horren egoitza.

Estanis Amutxategi izan zen hitza hartzen azkena. Aitortu zuen ohore bat dela Iturzaeta bezalako pilotari baten herrikide eta bere herriko alkate izatea. Pilota munduko modalitateen deskripzioa egin ostean, guztien artean pala zela zailena gogoratu zuen. Caballerok luzatutako proposamenari dagokionez, Amutxastegik adierazi zuen Andoaingo Udalak Iturzaeta omentzeko ahal duena egingo duela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!