Euskadiko Kutxaren eta Udalen arteko hitzarmena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 13:45

Andoain, Urnieta, Astigarraga, Hernani eta  Lasarte-Oriako Udalek alde batetik eta Euskadiko Kutxak bestetik euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu zuten martxoaren 29an, aurrezki kutxak Donostian duen egoitza nagusian.


Hitzarmenaren helburua euskararen erabilera areagotzea izanik, sinatzaileek elkarren arteko harremanak euskaraz izateko konpromisoa hartu zuten. Euskadiko Kutxa, bestalde, eskualdeko bulegoetan euskararen presentzia ugaltzeko ahalegin berezia egitera konprometitu da, hori posible izateko zenbait neurri iragarriz. Bost eremutan eragingo dute: bezeroarekin dituen harremanetan, eskaintzen dituen zerbitzuetan, langileen eremuan, kanpo komunikazioari dagokionean eta idatzizko dokumentazioan.
Udalek, beren aldetik, hitzarmenaren edukiaren eta garapenaren berri herritarrei adierazteaz arduratuko dira.
Hitzarmenak lau urterako iraupena izango du eta berau eraginkorra izan dadin jarraipen-batzorde bat jarriko dute martxan.
Iñaki Mujika Lasarte-Oriako alkate-ordeak eta Mikel Izagirre Urnietako alkateak Buruntzaldeko Udalen izenean Euskadiko Kutxa zoriondu nahi izan zuten. Izagirre Urnietako alkateak zera adierazi zuen: "hainbat esparrutan euskararen erabilera bultzatzeko horrelako ekimenak beharrezko dira. Eta horregatik poztekoa da gaur sinatuko dugun hitzarmena. Izpiritu horren baitan eskualdeko Udalak aspaldi ari dira elkarlanean lanean, beraz. Zorionak Euskadiko Kutxari egiten duen ahaleginagatik".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!