Korrika batzordearen aurkezpena Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 13:43

Hainbat herritarrek osatutako Urnietako Korrika batzordeak aurtengo edizioaren inguruan antolatutako ekintzen berri eman zuen pasa zen ostiralean. “Aurtengo apirilean Korrika 17 izango dugu Euskal Herrian zehar batetik bestera. Apirilaren 7an Trebiñutik abiatu eta apirilaren 17an Donostian bukatuko da. Korrika 17ren leloa Maitatu, ikasi, ari... euskalakari da. Maitatu, euskara gure hizkuntza delako eta maitatu behar dugulako; ikasi, euskara ez dakitenei ikastera animatzeko; eta ari, euskaldunok euskaraz hitz egiteko, euskaraz aritzera animatzeko”.

Aurtengo Korrikaren omendua Euskaltzaindia da. Batetik, AEK bera Euskaltzaindiatik sortu zelako; eta bestetik, Euskaltzaindiak euskararen normalizazioan egindako lanagatik merezi duelako.

“Gure herrian, Urnietan, apirilaren 13an goizaldean pasako da”, baina lehenengo aldiz sortu den Korrika batzordeak hainbat ekintza antolatu ditu motorrak berotzen joateko. “Urnietako batzordea adin ezberdineko herritarrekin osatuta dago eta irekia da bertan parte hartu nahi duen edozeinentzat”.

AURTEN KORRIKA GOIZALDEAN IGAROKO DA URNIETATIK
“Aurtengoan, ez dugu zorterik izan ordutegiarekin, goizeko bostetan iritsiko baita lekukoa Mandazubiko biribilgunera, eta handik minutu gutxira herrigunean izango da, bostak eta erdiak aldera Andoaingoen esku uzteko Urbanetako biribilgunean. Hala ere, herritarrak animatu nahi ditugu bertan parte hartzera”.

Korrikaren jai handia apirilaren 13an izango bada ere, aurrez hainbat ekintza burutuko da, horrela, joan zen igandean, Adarrako mendi lasterketaren irteera eta helmuga izan zen San Juan plazan, mahai bat jarri zuten Korrikaren arropa saltzeko. Apirilaren 1ean, kantu afaria egingo da Frontoi tabernan, herriko hainbat musikariren laguntzarekin kantuan jardungo dira bertaratzen diren herritarrak. Korrika iritsi bezperan, Korrika Txikia egingo da herriko kaleetan zehar, bertan hiru ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute eta bukaeran, San Juan plazan Flash Mob bat egingo dute, bertan, Korrikaren abestiarekin prestatu duten koreografia dantzatuz.

Apirilaren 13an, Korrika iritsi aurretik, diana edo esna deia bat izango da herriko trikitilariekin. Eta Korrika pasa ondoren, gosari herrikoia Aballarri tabernan.
“Urnietan hiru kilometro egingo ditu Korrikak eta kilometro horiek interesatuak dauden herriko ikastetxe eta elkarteei salduko zaizkie. Elkarte gehiago interetaturik egonez gero, kilometroak denen artean banatuko lirateke, beraz, ez litzateke arazorik izango”.

HITZORDUAK URNIETAN
Martxoak 27, igandea

10:30-14:00 Materialaren salmenta San Juan plazan.

Apirilak 1, ostirala
20:30 Kantu afaria Frontoi tabernan. Prezioa 10 euro. Txartelak aurrez erosi behar dira. Salgai: Frontoi, Kantoi eta Xauxar tabernetan eta Iñistorra elkartearen lokalean.

Apirilak 12, asteartea
15:30 Korrika Txikia herrian zehar Goimenditik abitu eta San Juan plazan amaituz. Bertan, parte hartuko dute Egape, Presentacion de Maria eta Salesiar ikastetxeko ikasleek. Bukaeran San Juan plazan Flash Mob bat egingo dute Korrikaren abestiarekin prestatu duten koreografiarekin.

Apirilak 13, asteazkena
04:30 Diana trikitixarekin.
05:00 Mandazubiko biribilgunean lehenengo erreleboa hartu eta Idiazabal kaletik, Andoaingo mugako biribilguneraino korrika!
Ondoren, gosari herrikoia Aballarri tabernan.

Apirilak 17, igandea
Korrika helmugara iritsiko da.
Egun osoko festa Donostian.

KORRIKA 17 ESKUALDEAN
ORDUTEGIA HERRIZ HERRI
Apirilak 13, asteazkena

04:19 Hernani.
05:00 Urnieta, Mandazubi.
05:43 Andoain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!