Andoain dantzan zikloaren baitan Urkiren saio bikoitza Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 13:42

Urki dantza taldeko helduenak taula gainera igoko dira ostiral honetan; dantzari txikien txanda igandean helduko da. 

Egun bereziak dira Urki dantza taldea osatzen duten irakasle, dantzari, musikari, guraso eta jarraitzaileentzat. Izan ere, urtean zehar landu dituzten Euskal Herriko hainbat lekutako dantzak eskainiko dituzte Basterora bertaratuko diren ikusleen aurrean. Bi emanaldiek ordubeteko iraupena izango dute.

Ostiraleko emanaldiari dagokionez, hogeita hamabost dantzarik parte hartuko dute. Landuko duten errepertorioa nahiko zabala da, honakoak eskainiz: Gipuzkoako dantzak (Agurra, Ezpatadantza, Brokel dantzaren zikloa, Oñatiko dantzak, Soinu Zaharrak…), Bizkaiko dantzak, Dantzari dantza, Erronkariko Ttunttuna, Luzaideko dantzak…
Urkiko dantzari helduekin batera, dantza ikastaroan parte hartzen ari diren guraso eta dantzazaleek ere bere saioa egingo dute. Aurtengo denboraldia hasi denetik astelehenero joaten ari dira ikastarora, eta Basteroko oholtzara igoko dira. Saioaren azken aldera irtengo dira dantza saioa eskaintzera.

Txikienek iganderako eskainiko duten errepertorioa ere ez da batere makala. Inauterietako dantzen nahasketa eskainiko dute; besteak beste, Zapatain dantza, Xinple eta Marmuts, Bolant dantza, Boastitzea, Iribasko ingurutxoa eta Zinta dantza.
Dantzari txiki askorentzat jendaurrean egingo duten lehen emanaldia izango da. 6-7 urteko berrogei neska-mutil hasi dira aurtengo denboraldian Urkin, eta antza denez, pittin bat urduri, baina ilusioz beteta daude igandeko emanaldiari begira.

Bi emanaldien zuzendaritza lana Begoña Igartua eta Jokin Otamendiren ardurapean izango da; Urki dantza taldeko ohiko dantza irakasleak dira biak ala biak. Dantzei doinua jarriko dieten musikariak, azkenik, Joxe Mari Setien, Fernando Gonzalez, Juanito Olazagirre, Itsaso Mungia, Javi Gestoso, Arantxa Irigoras eta Uxune Sanchez izango dira.

Dantza saio gehiago udaberrian eta udan
Basteroko emanaldiaren ondoren saio gehiago eskainiko dituzte hurrengo hilabeteetan. Besteak beste, haurren euskal jaialdia, Santakrutzak, Sanjuanak, Kaletxikiko jaiak. Horien aurretik, Andoain dantzan zikloaren baitan Basteron arituko dira asteburu honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!