Iturzaeta, perfekzioa ukitu zuen kirolaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 10:01

Joxe Mari Iturzaeta pala jokalaria Andoain herriak inoiz izan duen kirolaririk hoberena izango da ziurrenik. 30 urte zituela hil zen, unerik gozoenan; itzala egingo zion pilotaririk ez zuenean inguruan.

Joxe Mari Iturzaeta Sarasola (1964-1994) Sorabilla auzoan jaio zen. Seroretxe izeneko bere jaiotetxeko horman ipinitako plakak ez du gezurrik esaten: bera izan zen 80 eta 90eko hamarkadetako pilotaririk onena. Publikoaren arreta jasotzen ez zuen modalitatean jokatzeak eragotzi egin zion, esate baterako, Retegi baten ospea lortu ahal izatea. Pilota jakitunek esan ohi dutenez, pala luzea pilota jarduera zailena da. Ia kiloa pisatzen duen palarekin jokatzen da eta harria bezain gogorra den materiala astindu behar izaten da. Bada, Iturzaetak burniz egina zirudien ezker beso sendoaren jabe izan zen, pilotarik latzena ere ziztu bizian jartzeko moduan, palaren historian gutxitan ikusi den moduan. Artean Iturri pilotariaren gainetik ere jarri zen.  
Iturzaetak txiki-txikitatik erakutsi zuen kiroletarako dohain aparta. Andoainen hainbat kirolarien prestatzaile fisikoa izan den Valentin Cabrejasek aitortu ohi duenez, edozein kiroletan nabarmentzeko moduko gorputz sasoia zuen. Nadal tenislaria ekarri ohi dio gogora Iturzaetak, parekotasunak egiteko eskatzen zaioenean.

Errealari ezetz esan zion mutil hura
Infantil mailako Real Sociedad futbol taldea haren atzetik ibili zen fitxatu nahian 14 bat urte zituela, baina berak pala hautatu zuen. Argi zeukan pilota eta pala zituela maite, eta haiekin jarraitu nahi zuela. Harrigarria gertatu zen orduan gaztetxo batek horrela pentsatzea, eta orain ere hala gertatuko litzateke. Sorabillako pilotalekua gertu-gertu edukitzeak, erabat markatu zion palarekiko grina, zalantzarik gabe.
Pilotaleku hartan konta ezin ahala ordu igaro zuen pilota astintzen eskuz lehenbizi eta palaz ondoren; Andoaingo pala zaletu askok baiezta dezakete nola ezagutu zuten Iturzaeta: arratsalde pasa Sorabillako pilotalekura bertaratu eta 12-13 urteko Iturzaetarekin jokatzera ausartzen zirenean, txiki-txiki eginda bukatu ohi zuten saioa, hark pilotari ematen zizkion zartakoak zirela medio.
15 urte betetzerako, ordea, txiki geratu zitzaion auzoko pilotalekua. Orduan, Tolosara joan zen bere lehen txapelketa jokatzera, Joxe Antonio Maiza auzokidearekin bikote eginez, paleta larruzko modalitatean. Beotibarko pilotalekuan ari zela, Joxe Ramon Etxeberriak deskubritu zuen; Etxeberria Gazteleku klubeko arduradunetako bat zen. Mutiko koskor haren trebeziarekin harrituta, pala luzeko modalitatean buru-belarri hastera animatu zuen.
16 urte bete berritan, Arraten hasi zen entrenatzen. Eraiki berria zen pilotaleku hori, eta palak Andoainen garairik distiratsuena bizi zuen: Peio Gaztañaga, Luis Mari De Migel eta Joxe Ramon Goñi gazteak izan zituen lehenbiziko kirol kide eta adiskide; hori bai, pala luzean aritu ziren lehenbiziko egunetik.   
Afizionatuen arloan, Iturzaetak ziren sari guztiak, maila guztietakoak, irabazi zituen urtez urte. Bere jokatzeko erak, bere ezker zartakoek, boteprontoek, derrebesak…, pilotazaleen miresmena pizten zuten nonahi. Hala eta guztiz ere, ederki kosta zitzaion profesionaletarako jauzia ematea. Palaren esplotazio industriala zeraman Bilboko enpresak ez zuen gogoko Iturzaeta, nonbait; ez zuten uste profesionaletan maila eman zezakeenik.

22 urterekin, profesionala
Gero eta handiagoa gertatu zen afizionatuen eta prentsaren presioa Iturzaetak aukera bat izan zezan. Bidegabekeria hori, baina, 1986ko ekainean   amaitu ahal izan zen. Egun hartan egin zuen debuta Balda pilotalekuan; Astolarekin bikote eginez 35-16 irabazi zieten Lekue eta Zaratamori. Andoaindik zaletu ugari joan zen partida ikustera. Kirol idolo bat jaio zen egun hartan Andoainen.
Partidak bata bestearen atzetik irabazten hasi zen eta urtebeteren buruan palaren munduan onenak ziren Iturri, Goldarazena, Arribillaga, Utge, Torre, Lizardi, Langarika edo Ipiñaren pare jarri zen; Baldan nahiz Deportivoko jaialdietako partida estelarrak jokatzen hasi zen. Inork inoiz lortu ez zuen abailan hasi zela kotizatzen pilotari gisa, alegia.
1988rako jada, zaletu guztiek palaren erregetzat hartua zuten. Balda eta Deportivoko pilotalekuak maiz betetzen zituzten bere jokoa ikusteko irrikitan ziren zaletuek. Freskotasuna eta kalitatea itsatsi zion palari Iturzaetak, eta partidetako programatzaileei zailtasunak jartzen zizkien egunero; izan ere, diferentzia nabarmena markatzen zuen hurrengo pilotariarekin, eta hortaz, ez zitzaien lan erraza gertatzen konbinazio egokia egingo zuten beste hiru pilotari hautatzea, norgehiagoka lehiatsua erakusteko moduan.     
Hainbat sari eta txapelketa irabazi zituen oso denbora gutxian, baina agian azpimarratu beharko genuke 1989, 1990 eta 1992ko Euskadiko bikotekako txapelak eskuratu zituela, eta 1992ko Euskadiko bakarkako txapelduna izan zela. Iturzaetak argi zeukan egunez egun hobetu beharra zeukala, eta zorrotz jokatzen zuen bere buruarekin. Prestaketa fisikoari garrantzia eman nahi izan zion, eta garai hartan pilota munduan nahiko aitzindaria izan zen erabakia hartu zuen: Valentin Cabrejas prestatzaile fisikoaren esku jarri zen. Mugarik ez zuen bere kirol progresioak, eta beste 10-15 urtetan palako jainkoa izatera deitua zegoen, bere nagusitasunari inork itzalik egingo ez zion moduan.
Horretan zela, ordea, gaitz larri bat jasan zuen, bost hilabete oso gaizki egon ostean. 1994ko otsailaren 16an hil zen, 30 urte bete berritan, eta samina nagusitu zen bere emazte Marisolen, bere sendiaren eta euskal pilota munduaren baitan.  

Senideen, lagunen eta herritarren omenaldia
Datorren ekainean 25 urte beteko dira Iturzaetak lehen partida jokatu zuela profesional gisa, eta data esanguratsu horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dira Andoainen. Pilotan goi mailara iritsi arren beti bezain apal eta maitekor izaten jarraitu zuen mutil hura gogoratu nahi dute bere sendiak, adiskideek, pala jokalariek eta zaletuek.

Omenezko ekitaldiak Andoainen
Joxe Mari Iturzaeta gogoratzeko asmoz bere sendikoek, adiskideek, pala jokalari ohiek eta Sorabillako auzotarrek eratu duten batzordeak, honako ekitaldiak iragarri zituen Donostian martxoaren 25ean egin zuen prentsaurrekoan: pala jokalari profesional ohien eta egungo afizionaturik onenen arteko pala motzeko txapelketa; afizionatu eta profesionalekin pala jaialdia; pala txapelketa herrikoia Sorabillan; bazkari herrikoia; omenaldia Sorabillan; liburu-biografiaren eta web orri baten argitalpena; eta, Iturzaetaren irudia daramaten elastikoakoen salmenta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!