Katea Etxea Gaztelekua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 09:58

Martxoaren 18an ateak zabaldu zituenetik, nerabe asko hurbildu da Villabonako Katea Etxea Gaztelekura. Horrelako toki baten beharra zuten eta lehen egun hauetan ilusio handiz ari dira bertako txoko guztiak ezagutzen eta probatzen.

Badirudi zain zeudela. Futbolinean hasten dira baina handik gutxira ordenagailuaren aurrean ikusiko dituzu eta geroxeago adierazpen txokoan…  Normala da, lehen egun hauetan dena gertutik ikusi eta probatu nahi baitute. Denbora pasa ahala pentsatzen dut egoera lasaitu egingo dela; gaztetxoek etortzen jarraituko dute baina hemengo funtzionamendua ikasten doazen heinean zerbait zehatza egitera etorriko dira, ordenatuagoa izango da dena”.
Katea Etxea Gaztelekuko hezitzaileen koordinatzaile den Aiora Etxeberriaren hitzak dira, Gaztelekua zabaldu berritan jasotakoak. Hasiera mugitua izan dute baina, oraingoz behintzat, oso gustura daude nerabeak erakusten ari diren jarrerarekin. “Hasiera-hasieratik inplikazio handia erakutsi dute. Zerbitzua abian jarri aurretik prozesu partehartzaile baterako deia luzatu zitzaien, nolako Gaztelekua nahi zuten, zein material mota behar zuten eta beste hainbat konturen inguruko proposamenak egin zitzaten, eta oso ondo erantzun zuten”. Prozesu horrez gain, azken hilabetean bi bilera egin dituzte nerabeekin; Gaztelekuko arauak eta txandak zehazteko bata eta inaugurazioa prestatzeko bestea. Bilera bakoitzera hogeita hamar gazte inguru gerturatu dira. “Askotan gazte pasiboaren irudia daukagu buruan, egonean egon besterik egiten ez duenarena; baina, kasu honetan behintzat, garbi geratu da behar batzuk ikusten dituztela eta gauzak egiteko gogoa badutela”, nabarmendu du Aiorak.

Osagarri, ez ordezko
Katea Etxea Gaztelekuak aisialdi dinamiko eta alternatibo bat garatzeko gunea eskaini nahi die nerabeei, beraien aisialdia antolatu eta gozatzeko gune bat. Horrekin batera, koadrila ezberdinen arteko interbentzioa ere bultzatu nahi dute; ikus-entzunezko gelaren funtzionamendua da interbentzio hori bultzatzeko moduetako bat: “gela honetan pelikula bat ikusi nahi badute bizpahiru koadrilek batera hartu beharko dute txanda, ezingo du koadrila bakar batek erabili”, azaldu du Aiorak.
Bestetik, nerabeen garapena ere helburuen artean du Katea Etxea Gaztelekuak. “Askotan heldu izateko hezten ditugu nerabeak baina nerabe izateko ere hezi behar ditugu, zer premia dituzten ulertzen ez badugu eta premia horiei erantzuten ez badiegu, edo beraiek erantzun hori bilatzen ez badute, ez baitira sekula heldutasunera iritsiko. Baloreak, jarrerak…, horiek denak lantzeko gauza ezberdinak egin nahi ditugu”.
Aiorak garbi utzi nahi izan du Gaztelekua ez dela gazteei zuzendutako zerbitzu bakarra, nerabeek eskura duten beste aukera bat dela eta ez dutela, inondik ere, beste ezer ordezkatu nahi. “Gazteei begira sortu den ekimen bakoitzak bere helburuak eta funtzioak ditu eta horiek mantentzea beharrezkoa dela uste dugu. Gaztelekua zerbitzu bat gehiago da, besteen osagarri dena; askotan esaten da gaztetxearen edo aisialdi taldearen ordezko dela, baina hori ez da zuzena. Gaztetxera edo aisialdi taldera gauza batzuk egitera joango dira eta hona beste zerbaitetara etorriko dira, batak ez du bestea kentzen”.

Euren beharrei erantzunez
Nerabeen beharrak ezagutu eta haiei erantzutea da Gaztelekuaren filosofiaren oinarria. Katea Etxeak zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkie gaztetxoei eta zerbitzu horiek nerabeek lehen aipaturiko prozesu partehartzailean eginiko proposamenak kontuan hartuz prestatu dira. “Hemengo gazteen artean dantzarako zaletasun handia dago, Oinkari dantza taldean ere nerabe askok parte hartzen du. Ispilu handi bat izango zuen gela bat nahi zutela adierazi zuten eta proposamen horretatik abiatuta sortu da adierazpen fisikoko gela. “Beraiek eskatutako ispiluaz gain, koltxonetak daude bertan, nahi bezala jar ditzaketenak. Mahaian eserita egon beharrean modu informalagoan egoteko aukera eskaintzen die, beraiek nahi duten bezala egoteko aukera”.
Adierazpen fisikoko txokoaz gain, jokoetako gela, egongela, sukaldea (printzipioz ekintza berezietarako bakarrik zabalduko dena), bilera gelak edo ikus-entzunezkoen gunea dituzte eskura, besteak beste. Horiek guztien erabilpena txanden bidez antolatzen dute. “Printzipioz, txandak ordubetekoak dira, beraiek hala erabakita, baina seguru asko denborarekin ekintza batzuetarako luzeegi eta beste batzuetarako laburregi geratuko dira eta aldaketak egin beharko dira; baina aldaketa horien beharra ere beraiek ikus dezaten eta proposa dezaten nahi dugu”.

Remi Ayestaranen proiektua
Gaztelekuko beheko solairuan, igogailuaren ondoan, Helga Massetanik eginiko margoa dago jarria, eta haren aldamenean Remi Ayestaranen aipu bat. “Remi izan zen proiektu honi hasiera eman ziona, hura izan zen Gaztelekuaren muina”, azpimarratu nahi izan du Aiorak. “Hari esker etorri zen hona Beatriz Mena, Villabonako Udaleko gazteria eta kirol teknikaria, eta azken hau izan da Gaztelekuaren eragile nagusietako bat”.

“Goxoki dendaren aurrean pasatzen genuen denbora"
Esan bezala, lehenengo egunetik gerturatu dira nerabeak Gaztelekura eta asko gustatu zaie bertan aurkitu dutena. “Oso polita eta txukuna geratu da”, dio 13-14 urteko neska koadrila batek. Talde honek Gaztelekua ireki aurretik garatu den lehen aipaturiko prozesu horretan parte hartu du. “Ia bilera guztietan izan gara, eta esan dezakegu proposatu eta eskatu genuena kontuan hartu dela Gaztelekua osatu eta prestatzerakoan”, adierazi dute. “Horrelako toki baten beharra genuen. Kalera atera eta aspertu egiten ginen, goxoki dendaren aurrean pasatzen genuen denbora. Lagunekin lasai egoteko toki bat behar genuen, batez ere eguraldi txarreko egunetarako; kiroldegira ere jo izan dugu, baina igandeetan itxita egoten da eta ez geneukan nora joanik”.
Lehen egun hauetan Gaztelekura jende asko joan dela nabarmendu dute hauek ere, neskak eta mutilak kopuru berdintsuan; hori bai, garbi utzi dute prozesu partehartzaileko bileretara joan direnak neskak dezente gehiago izan direla. Hezitzaileek bezala, hauek ere lehenengo egun hauetako zoramenaren ondoren gauzak lasaituko direla uste dute, baina jendeak etortzen jarraituko duela, “batez ere eguraldi txarra egiten duenean. Herriaren erdi-erdian dago gainera, eta hori abantaila handia da”.
Gaztelekuko hezitzaileen inguruan galdetuta, berriz, jatorrak direla aipatu dute. “Ez genituen ezagutzen, baina ondo moldatzen gara beraiekin. Arazoren bat daukagunean edo zerbait behar dugunean beraiengana jotzeko esan digute”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!