Maixabel Arrieta azken legealdiaz eta etorkizunaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 09:55

Bi legealditan Amasa-Villabonako alkate izan den Maixabel Arrietak, azken
legealdiaz hitz egin du, alkatetza postuari agur esan aurretik.

Agintaldia ia bere amaierara iritsita, nola laburbilduko zenituzke azken lau urteak?
Legealdia osotasunean hartuta, irakurketa baikorra egingo nuke. Oso legealdi gogorra izan den arren, ahalegin guztiak egin ditugu gure lana aurrera ateratzeko. Lau urte hauetako gertaerarik okerrena, dudarik gabe, bi zinegotzi gazte galtzea izan da. Remi Ayestaranen heriotzarekin hasi ginen ditxosozko 2009ko Santio jaien amaieran eta hura gainditu ezinik genbiltzala, Josune Arretxe gaixotu zitzaigun. Ez nuen azkenera arte etsi, gaixotasuna gaindituko zuela uste nuen, baina 2010eko irailaren 1ean joan zen Josune. Ikaragarrizko eragina izan zuten bi galera horiek guztiongan: gazte nahiz heldu. Balio handiko bi pertsona ziren, asko balio zutenak. Remik  izugarrizko harremana zeukan herrian iritzi ezberdineko jende askorekin. Kontu eta gertaera askoren berri jakiten zuen eta gai asko ekartzen zuen udaletxera. Josunek, berriz, Amasa inguruko jendearekin harreman handia zuen eta lan handiak egiten zituen. Azken urteetan Amasan izan den erreferentzia garrantzitsuena izan zela esango nuke: oso langilea eta entzuten zekiena. Izugarria izan da, inondik ere espero ez zitekeena; oraindik ere ez sinesteko modukoa.

Bi lagun horien hutsunearekin, nola egin zenuten legealdian aurrera?
Beste alderdiek egin ohi duten modura, guk ezin izan genituen zerrendako ondorengoak aurkeztu hutsune horiek betetzeko; ez baitzizkiguten onartu. Erabaki horiei errekurtsoa jarri genien, baina bere horretan geratu dira. Pasatako guztia pasa eta, hala ere, alde guztietatik oztopoak edukitzeak asko nekatzen du. Sei kidek eman genion hasiera Udal taldeari eta lau geratu gara, batzarrak egiteko ere baldintzatuta. Traba eta gertaera latz guztien aurrean, laguntza handia eman diguten herritarrak izan dira eta guztion artean atera ditugu lanak aurrera.

Zuen lanaren kudeaketaren inguruan zer esango zenuke?
Krisia dela eta, 2008 urtean murrizketekin hasi ginen. 200.000 euro gutxiago jaso genituen orduan kudeaketarako eta, 2009an, 800.000 euro gutxiago. Geroztik, urtez urte milioi bat euro gutxiagorekin jarraitu dugu. Gastu arruntek gora egiten duten bitartean, diru gutxiago jaso du Udalak behar horiei aurre egin ahal izateko. Besteak beste, ur zerbitzuak edota argiarenak gora egiten du urtero eta, udaletxetik, ezinean dabilenari zuzenduta dirulaguntzak bideratzen badira ere, ezin dugu nahiko genukeen bezala erantzun.

Oposizioko alderdiekin zer nolako harremana izan duzue agintaldian zehar?
Egia esan, ez dugu harreman handirik izan. Pello Zendoia da ingurumeneko arduraduna eta udaletxera etortzen denez, ondo bideratu ditugu alor horretako gaiak. Gainerako zinegotziak oso gutxi agertu dira eta harreman gutxi izan dugu: tarteka batzarretan. Politikariena bezala, herritarren parte hartzea ere handiagoa izan beharko lukeela pentsatzen dut. Eskatzeko badago indarra, baina lan egiteko oso gutxi. Denon artean elkartuko bagina, askoz ere indar handiagoa egin eta gauza asko aldatuko genituzke.

Legealdian zehar hainbat egitasmo burutu duzue. Zein nabarmenduko zenituzke?

Lehenik eta behin, behar handia zegoela ikusita, Larrea auzoko aparkalekuen aldeko apustua egin genuen. Proiektu hura landuta geneukanean ailegatu zen Espainiako gobernuaren dirulaguntza eta  horretara bideratzea erabaki genuen. Hasiera batean, aparkaleku irekiak egiteko asmoa genuen, baina herritarren gehiengoak hala adierazita, itxiak egitea adostu zen. Beraz, Espainiatik jasotako dirulaguntzaz gain, Udalak jarri behar izan zuen beste zati bat. Orain, aparkalekuak oso egoki geratu badira ere, 61etik 20 besterik ez dira saldu. Bestalde, oso pozik gaude Aljibearekin. Oso txoko berezi eta polita geratu da. Erakusketak egiteko oso gune egokia; jende askok adierazi digu gustuko duela. Era berean, berriki martxan jarri den Gaztelekua ere oso egitasmo interesgarria delakoan nago. Udaletxera sartu ginenean geratu zen libre Katea etxea eta Foru Aldundiarena zenez, berehala jarri ginen haiekin harremanetan. Gaztelekua abian jar genezan utzi zuten egoitza gure esku. Gaztelekua ez ezik, Jubilatuen elkarte berria ere inauguratu berri da Aldude kalean. Oso egoitza txukuna geratu da eta laster batean jarriko da abian tabernako zerbitzua ere. Izartu programaren baitan gauzatu den Erriberako pasealekua ere aipatu behar da, oso dotore eta egoki geratu delako. Horrez guztiaz gain, errepide eta aparkalekuei begira udaltzainburu berriak eginiko antolaketa lana hoberako izan dela esango nuke. Hainbat herritar isunekin haserre ibiliko den arren, trafikoari lotuta, guztion artean lan ona egin dugula iruditzen zait.

Arrazoi ezberdinengandik bertan behera geratu den ekintza edo proiekturen bat aipatuko al zenuke?

Bat baino gehiago aipa nitzake: Santio egoitzako obra amaitu gabe geratuko da guztiz, nahiz eta hurrengo legealdirako bideratuta utzi nahi dugun. Bestalde, legealdi honetan Gaztelekuari lehentasuna eman zaion bezala, hurrengoan Ludotekari ematea gustatuko litzaiguke. Oraingo honetan ere nahiko genukeen haurrei zuzendutako gunea martxan jartzea, baina ezin izan da dirurik ez zegoelako. Dudarik gabe, ekintza ezberdinak gauzatuko liratekeen Kultur Etxea botatzen dugu faltan Villabonan. Proiektua bideratuta daukagu, Aljibearen ondoan eraikitzea gustatuko litzaiguke, oso leku aproposa iruditzen baitzaigu. Era berean, lehen Villabonak bazuen industrialdea eta orain ere edukitzea komenigarri lukeela pentsatzen dut. Bide horretan pausoak eman beharko lirateke. Bestalde, gazteek euren ideiak garatzeko Gaztetxea leku erosoagoan  kokatu beharko litzateke, baina momentuz ez dugu horretarako aukerarik izan.

Hauteskundeei begira herri programa bideratzen ari zarete. Madrildik Sortuk maiatzeko hauteskundeetan aurkezteko debekua jaso du berriki…
Sortu ez da aurrera aterako, baina beste aukeraren bat izango da. Beti zailtasunetik zailtasunera ibili beharra da gure arazorik handiena. Moduren batean hauteskundeetan parte hartu ahal izatea espero dut, guk ere bertan egon beharra baitaukagu. Hala ere, beti trabaz inguratuta egoteak neke handia eragiten du eta azkenerako, erre egiten da pertsona. Lehen ‘Franco hil arte’ esaten zen, baina geroztik 35 urte pasatu dira eta oraindik ere, ilusioak egin arren, ezezkoak jasotzen jarraitzen dugu.

Aurrera begira zertan jarraitu beharko luke lanean zure ustez Udalak?
Nire ustez, herritarren parte hartzea bultzatzen jarraitu behar da. Gizartea aldatu beharra dago, baina horretarako denok egin behar dugu apustua. Beharbada, ez ditugu lehengo baloreak berreskuratuko, baina beste batzuk bila genitzake denon artean. Esaterako, kontsumo gizarte honetatik nola atera planteatu beharko genuke. Baserriekin, besteak beste, lan handia dago egiteko. Ingurugiroarekin lotuta sortu diren arazo asko baserriak galdu direlako etorri direla esango nuke. Kulturari dagokionez, beti dago zer hobetua, baina herri mailan, euskararen inguruan lan handiagoa dagoela uste dut. Udaletxe nahiz kalean, euskara eguneroko bizitzatik gertuago egoteko saiakera egin behar da.

Zuk zerorrek zer asmo duzu maiatzeko hauteskundeei begira? Alkatetzara aurkezteko asmorik?
Ez nuke seguruenik aurkezteko aukerarik izango, baino, aukera izanda ere, ez aurkeztea pentsatuta daukat. Legealdi honi, azkena izateko asmoarekin ekin nion eta halaxe egingo dut. Zerbaitetan lagunduko dut gerora ere, baina belaunaldi berriei utziko diet bidea.

2000-2004 / 2008-2011, bi legealditan izan zara Amasa-Villabonako alkate. Zer eman eta zer kendu dizu postu horrek?

Alderdi txarrak ere ugari izan diren arren, onekin geratzea nahiago dut. Baikorra izatea gustatzen zait. Oro har, ez dut jendearekin arazorik izan; alkate postuak jende asko ezagutzeko aukera eman dit eta aberastasun handia dakar horrek. Jende ezberdina ezagutzean, gauza asko ikustea egokitzen da eta behin baino gehiagotan sentitu dut inpotentzia, bestea ezin lagunduta. Pena ematen dit denengana ezin iritsi izanak.

Herritarrei zer edo zer esan nahi al diezu?
Oraindik ekainera bitartean arituko gara lanean udaletxean. Herritarrei, denok egin dezakegula zerbait gogoraraziko nieke, baita adinez nagusi direnek ere. Ea gazte jendea ondo bideratzea lortzen dugun, haiek helduengandik ikasten baitute. Umeentzat ere badut mezua: udaletxera etorrita nahiz kalean, herrian scate pista jartzeko eskaera egin izan didate. Legealdi honetan posible izan ez bada ere, beraien eskaerarekin aurrera jarraitzeko eskatuko nieke. Ea hurrengo legealdian jartzea lortzen duten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!