Iñaki Amenabar Asteasuko alkatearekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 31a, 09:53

Azken lau agintaldietan Asteasuko alkate izan da Iñaki Amenabar, hamasei urtez denera. Eta jarraitzeko gogoz ikusten du bere burua, elkarrizketan adierazitakoaren arabera.

Iñaki Amenabar ala Asteasuko alkatea, nor zara zu?
Nik uste biei eusten diodala. Iñaki, noski, eta alkatea ere bai. Karguari eusten diodan bitartean. Inguruko herrietan ez bezala, hemen lau agintaldietan jarraian alkate izan naiz eta logikoa da nire pertsona alkatetzarekin lotzea.

Udal hauteskundeak badatoz, bosgarrenez jarraian aurkezteko asmoa al duzu?
Azken Udal hauteskundeetan Bai Asteasuri herri kandidatura bezala aurkeztu ginen. Hurrengoari begira bileretan gabiltza. Taldekideek beste behin ere aurkezteko eskatu zidaten, eta baiezkoa erantzun nien. Hurrengo agintaldian gauzatuko diren proiektu batzuk martxan daude eta horiei jarraipena eman beharko zaie.
Galderari erantzunez, bai, bosgarren agintaldian udaletxean aritzeko prest nago.
Arau subsidiarioen lehen aldaketa onartu berri dugu. Lamiategi eremuan etxebizitzak egin nahi ditugu eta Elizmendi eremuan eskola txikia dagoen tokian ere bai. Egitasmo horiek martxan daude hurrengo agintaldian burutzeko.

Ikusi behar zeintzuk izango diren lehiakideak Udal hauteskundeetan... Eusko Alkartasunako alkate izan zara urte luzez. Eta orain ezker abertzalearekin elkarlanean dabil aipatu alderdi hori. Nola interpretatzen duzu zuk hori?

Euskal politikagintzan azken hilabeteetan mugimenduak gertatzen ari dira, nire ustean, eskuina eta ezkerra finkatzeko. Talde bakoitza bere tokian kokatzen ari da.
Eusko Alkartasunan bi sentsibilitate izan dira betidanik, batzuk ezker abertzaletik gertu daudenak eta beste batzuk jeltzaleekin adostasunera iristeko gogoz zeudenak. Alderdiaren barruan etena izan da bi sentsibilitate horien artean.
Behin betiko panorama politikoan konstituzionalisten artean bi polo daude, eta alderdi abertzaleen artean beste bi.

Eta zuk zure burua non ikusten duzu?

Gu udaletxean Bai Asteasuri bezala aurkeztu ginen, eta horrela gaude orain. Taldean sentsibilitate ezberdineko jendea dago: EAkoak, independenteak, Hamaikabat!ekoak...
Iñaki Amenabar betidanik abertzalea, aurrerakoia eta independentista izan da. Eta horrela izaten jarraitzen dut. Harreman ona daukat EAko jendearekin eta baita H1!ekoekin ere.

Bai Asteasuri izango al da zuen formula?

Bai, hilabete eskas geratzen denean, herri kandidatuta egokiena dela uste dugu. Ikustear dago zer nolako mugimenduak dauden esukal politikagintzan. Gurekin harremanetan jarri diren alderdiei hori jakinarazi diegu.

Asteasuk azken urteetan izan duen garapenaren inguruan, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Azken legealdi honetan inbertsioak eta egitasmo garrantzitsuenak nabarmenduko nituzke. Haurreskola berria dago, lehen zegoena txikia baitzen. Lehengo aldean hirukoiztu egin da. Haurreskola on bat dugu herri osoari zerbitzua emateko. Eskolan ere obra garrantzitsua egin da. Datozen 30 urteetarako zerbitzua emango duen hezkuntza zerbitzua ezarri dugu Asteasun.
Herritarrei begira, Zizurkil-Asteasu bidegorriak arrakasta handia izan du herritarren eta kanpokoen aldetik. Erabilera handia du.
Igerilekua ere aipatu behar da. Alkate izan naizen hamasei urtetan, herritarrek gehien zoriondu gaituzten obra izan da.
Hori azken urteetako lana da. Eta hori baino lehen kiroldegia, kultur etxea..., zerbitzu onak eskaintzeko azpiegiturak dira.

Etxebizitza egitasmo berriak aipatu dituzu. Biztanleen kopuruari muga jartzea aztertzen al da horrelakoetan?

Arau subsidiarioak berritu genituenean argi genuen Asteasuk ez zuela askoz gehiago hazi behar. Egin beharreko etxebizitzak herritarren beharrak asetzeko izan behar zuten, besteak beste, egiten zirenak herriko gazteak herrian bertan geratzeko.
Asteasuk orain 1.500 biztanle ditu, eta ez dugu askoz gehiago hazi nahi. Badira herri batzuk biztanlegoa bikoiztu edota hirukoiztea pentsatzen ari direnak, hori ez da gure kasua. Asteasuk biztanle kopuru nahikoa duela uste dugu, duen xarmari eutsi behar dio.

Zer nolako harreman du alkate batek herri hauetan bere herrikideekin kalean topo egiten duenean?
Denetik dago. Batzuk eskatu egiten dute beharra dutelako. Alkatearekin egoteko aukera aprobetxatzen dute bere eskaerak zuzenean adierazteko. Beste batzuek, aldiz, eskerrak emateko aukera baliatzen dute. Eta beste batzuek harremana alkatearekin baino gehiago, Iñaki Amenabarrekin izan nahi dute.

Udal batzarraldietara ez da herritarra gerturatzen, askotan bilkura horien berri ere ez da izaten. "Udala urrun dagoen instituzioa da", sentsazio hori nabaritzen al duzu zuk?
Inkesta guztien arabera, Udala herritarrentzat gertuen dagoen erakundea da. Eta gertuen sentitzen dutena ere bai. Beno, egia da, plenoetara ez da jende asko etortzen. Alde horretatik parte hartzea baxua da.
Baina badaude herritarrek parte hartzeko aukerak: Eskola batzordea hezkuntzan, jai batzordea festei dagokionez... Plenoa ez da hain parte hartzailea izaten, baina beste batzorde eta foroak, aldiz, bai.

Krisi ekonomikoaren aurrean Asteasuko Udalaren egoera zein da. Gizarte zerbitzuen alorrean beharrak handitu al dira?
Denori eragin digu krisiak: herritarrei, Udalari, enpresei. Udalari alde batetik dirusarrerak jaitsi zaizkio For Aldundiaren ekarpenetik eta enpresen ekarpenetatik.
Gizarte zerbitzuen alorrean eskaera gehiago jaso dugunez, larrialdietarako laguntza kopurua igo behar izan dugu. Jaurlaritzak eman digun laguntzaz gain, Udalak berak ere dirua jarri du azken bi urteetan. Langabeziari dagokionez, igo egin da eskualdean Gipuzkoa osoan bezalaxe.
Esan beharra dago, hala ere, Asteasuko langabezia maila Gipuzkoako batez bestekoa baino baxuagoa dela. Horretan zerikusia dauka Asteasun ehun enpresa baino gehiago egoteak. Herrira enpresak ekartzeko politikari eutsi diogu, eta horri esker langabezia tasa baxuagoa da.

1995ean alkate kargua hartu zenuenetik, ez zenuen imajinatu ere egingo hamasei urtez jarraian alkate izatea...
Ez, ez nuen imajinatu ere egiten. Alkate kargua lau urterako izaten da, eta lehen lau urteak luze egiten dira. Ez nuen sekula pentsatuko lau agintalditan jarraian arituko nintzenik.

Garai hartako eta egungo alkatearen artean zein desberdintasun daude?
Esperientzia, zalantzarik gabe. Asko ikasten da, jende asko ezagutzen da. Esperientzia handia hartzen da beste erakundeekiko harremanetarako eta baita herritarrekin harremanetan jartzeko ere.

Jarraitzeko zein da zure motibazio nagusia?
Udaletxean kudeaketa lana egiten da, politika lana baino gehiago kudeaketa egiten da. Politika parlamentuan eta batzar nagusietan egiten da. Udaletxean gertuko kudeaketa egiten da, herritarrekin harreman zuzena edukiz. Pozgarria izaten da herritarrek eskatzen dizuten hori egitea.
Asteasun igerilekua ametsa izan zen urte mordoska batean. Amets hori errealitate bilakatu dugu, eta ikustea besterik ez dago herritarrek duten poza. Haurreskolarekin gauza bera gertatu da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!