Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak liburuaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 30a, 19:29

Gipuzkoan abandonaturiko haurren eta bikotekiderik gabe ama izandako emakumeen ia mende oso bateko arazo larria ikertu du Eva Garcia Magriñák Larramendi Bazkunaren Ikerlan deialdiaren baitan. Martxoaren 31n aurkeztuko dute Fraisoro etxean bertan liburua jendaurrean.

Gaur, goizeko hamaiketan egin dute Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak liburuaren hedabideen aurreko aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelenan, bertara azaldu baitira Eva García Magriñá egilea eta Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanue:

Lehen-lehenik Jon Unanuek hartu du hitza aditzera emateko Larramendi Bazkunak argitarta emandako ikerlanaren abiapuntua elkarte horrek berak deituriko Ikerlan deialdia izan zela, hain zuzen ere 2008koa. Deialdi horretara aurkeztu eta Eva Garcíak Fraisoroko umezurztegiari edo haur-etxeari buruzko ikerketa egiteko asmoa aurkeztu zuen, baita horretarako diru-laguntza eskuratu ere. Geroztik, buru-belarri jardun du Eva Garcíak artxibategi eta beste agiritegi batzuetan eta aurrez aurreko elkarrizketetan bere ikerlana burutu arte.

Jon Unanuek adierazi du Larramendi Bazkunarentzat garrantzi handikoa zela argitu ahal izatea Gipuzkoako Lurralde Historikoak zuen arazo larrienetako bati, haur jaioberriak sasiko egin edo abandonatzeari zer irtenbide eman zitzaion XX. mendearen hasieran. Adierazi du, Eva Garcíak burutu duen ikerlanaren bitartez Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte arazo larri eta ezkutuko horri zein irtenbide eman zion argiturik gelditu dela, nahi beste lekukotasun idatzi eta entzunekorik jaso ez duen arren.

Jarraian, Eva Garcíak liburuaren edukia azaldu du, aurretik adierazi ondoren bere ikerlanak bi xede zituela: Probintziko tornuetan edo bestelako lekuetan (etxe atari, eliz atari, bide bazter, sasiarte...) abandonaturiko haurrekiko Foru Aldundiak 1903. urteaz geroztik Fraisoroko Haur-etxea sortuz hartu zuen jokabidea ikertu eta ezagutzera ematea eta, bestetik, bigarren xede gisa, haurrekin bezala, ezkonkiderik ez izanda haurdun gelditu eta gizarte mailan eta familian bazterketa itzela pairatzen zuten emakumeekiko Foru Aldundiak hartu zuen jokabidea -Ama-etxea sortzea, alegia- aztertu nahi izan du, ez baita ahaztu behar gizarte mailako bazterketa latz hori izan ohi zela, sarri, haurrak abandonatzearen arrazoietakoa. Jokabideak aztertu eta, jakina, ezagutu erakunde horren ibilbide osoa, bere baldintza eta inguruabarrekin.

Fraisoroko Haur-etxe eta Ama-etxea izan zen Lurralde Historikoko Foru Aldundiak arazo larri eta ezkutatu beharreko horiei eman zien irtenbidea, eta 1903. urtetik 1994. urtera bitartean zabalik izan zen Fraisoro, ez beti ordea ezaugarri eta antolamendu berdinarekin, oso ibilbide gorabeheratsu eta aldakorra izan baitzuen, ia ehun urteetan gizarte mailako pentsamendua eta jokabideek ere ez baitziren alferrik aldatu.

Gipuzkoa osoko haurrak bildu edo jaiotzen ziren Fraisoron eta Eva Garcíaren ikerlanean horiei eta haien amei buruzko historia horrela banaturik aurkituko duzue:

Lehenengo atalean Fraisoro sortu aurreko abandonuen egoera aztertzen da, Gipuzkoakoa bereziki. Bigarren atalean Ama Etxearen eraikina zer eta nola eraiki zuten eman du aditzera.  Hirugarrenean, berriz, espositoen -abandonaturiko haurren- alorra Gipuzkoan nola antolatu zen aztertu du, bereziki Foru Aldundiak nola antolatu eta egituratu zuen.

Laugarren atalean haurren edoskitzea eta inudeen lana aztertu du, bai kanpoko inudeena nola ama izan ondoren Fraisoron bertan bizitzen gelditzen zirenena. Bostgarren atala ama ezkongabeei eskaini die eta hauek Fraisoron erditu eta bertan bolada batez bizitzeko zituzten baldintza guztiak azaldu ditu, hainbat lekukotasunekin batera. Seigarren atal luzea, haur espositoei eta beren bizi-baldintzei eskaini die, horien hainbat lekukotasun jasoz ere.

Zazpigarren atal batek Fraisoroko langileak eta haien eginkizunak aztertu ditu.

Amaitzeko, Jon Unanuek azpimarratu egin nahi izan du liburuan bertan edukiari buruz azalduriko laburpena:

Hunkituko zaituen ikerlan baten aurrean zaude, irakurle. Hunkitu eta ziurrenik Fraisoroko etxe handiari buruz eduki duzun hainbat aurreiritzi apurtuko dizuna.

Sasiko haurren arazoa, gauaren babespean ate baten aurrean, tornu baten barruan edo bide eta erreka bazterretan utzitako umeena, gure gizarteak izan duen zoritxarrik hits eta makurrenetakoa duzu, mende askotan heriotzera edo bazterkeriara milaka haur kondenatu dituena gizarte guztietan, baita Gipuzkoan ere.

Fraisoroko bazuen askorentzat bere misterioa, gizarteak hipokresia erabatekoz estali nahi zituen errealitate desegoki eta ezerosoen gaineko morboa, nork beretzat inolaz ere nahi ez zukeen patu eta zoritxarraren arragoa izatea.

Liburua 15 €-tan jarriko du salgai Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, bihar, martxoaren 31n Zizurkilen jendaurrean aurkeztu ondoren.

 EVA GARCIA MAGRINARI ELKARRIZKETA:
Historiaren ikerketari lotutako lehen lana da zurea. Zer moduz?

Erabat hasiberria naiz kontu horietan, baina gustura aritu naizela aitortu behar dut. Nik lanbidez, argitalpenaren munduan jardun izan dut orain arte; kazetaritza edo idaztearen ofizioa ondo-ondotik ikusten nuen arren, ez zen nire zeregina. Amasa-Villabonako Erretratu Zaharrak liburua maketatzea egokitu zitzaidanean, ordea, aldatu egin zitzaidan ikuspegia. Orduan Fraisoroko argazki zaharrak eduki genituen eskuartean, eta zeharo erakarri ninduten. Handik puska batera, Larramendi Bazkunak 2008an plazaratu zuen ikerketa deialdian, Fraisoro izan zen jarri zuten aztergaietako bat. Zerbait berria egiteko gogoz harrapatu ninduen deialdiak, eta animatu egin nuen nire burua.

Gaia horren delikatua dela jakinda, airoso atera zarela iruditzen al zaizu?
Zailtasunak topatu ditut, eta uneren batean krisi txikiren bat eragin zidaten galderak ere atera zitzaizkidan bidean: zer ikertu, noraino… Izan ere, ehun bat urte dituen erakunde baten historian, makina bat hari ezberdin ateratzen da.
Nire asmoa kontakizun irakurterraza egitea izan zen hasieratik; Fraisororen atzean zegoen alderdi gizatiarra erakustea. Airoso atera naizen ala ez irakurleak esango du.

Zer kontatzen du liburuak?
Fraisoro Sehaska-etxea eta Ama-etxea bizitoki edota lantoki izan zutenen errepasoa egiten da. Gipuzkoan abandonatzen ziren haurrei administrazioak ematen zien irtenbidea aztertzen da eta hori guztia gauzatzeko zituen baliabideak, langileak, inudeak, eraikina bera...
Era berean, Fraisoro sortu aurretik, Gipuzkoan abandonu horien egoera zein zen deskribatzen da.
XVIII. mendetik XIX.era Gipuzkoan abandonatutako haur guztiak, Deba bailarakoak izan ezik, Iruñako inklusara eramaten zituzten. Gero, Kalahorrara, eta handik Zaragozako Nuestra Señora de Gracia ospitalera. Bidaia haiek, astoz, zaldiz edo gurdiz egiten ziren garraiolariaren komenientziaz. Kasurik onenean, bularra eman zezakeen emakume batekin. Emakume horrek, bidaian zehar, bost edo sei ume elikatu behar izaten zituen. Baldintza horietan, jakina, ume asko hilda iristen zen, eta bizirik iristen zenari ere bizirauteko itxaropen gutxi gelditzen zitzaion. Heriotza-tasa ikaragarria zen haur haien artean. Egoera horri buelta emateko bost tornu jarri ziren Gipuzkoan. Bertan haurra jasotakoan premiazkotzat jotzen zen inude baten esku uztea probintzian bertan. Hala ere, ez zen nahikoa. Heriotza-tasa handia zen espositoen artean eta probintzia osorako irtenbidea emateko aukera izan zen Fraisoro.

Azalduko al zenuke inudeen figurak zertan zetzan?
Inudeak haur espositoak edoskitzen zituzten emakumeak ziren. Bi eratako inudeak zeuden: kanpokoak eta barrukoak. Kanpokoak, gehienetan, haurren bat galdu zuten baserritarrak izaten ziren; herrietako apaizek “Jaungoikoak haur bat eraman badizu, hartzazu bestea” zioen morala predikatzen zuten eta hori bete behar izaten zuten emakume horiek. Baserriaren ekonomiari ondo zetorkion dirua kobratzen zuten zeregin horregatik, eta haurrak zazpi urte betetzen zituenean, bera prohijatzeko edo seme-alabatzat hartzeko eskubidea eduki ohi zuten.
Barruko inudeak, oro har, haurra instituzioan edota ospitalean izandako ama ezkongabeak ziren. Administrazioak debaldeko erditze ospitalarioa, haurraren geroko gastu medikuen ardura, nahiz 1932tik aurrera, diru-laguntza eskaintzen zien. Horretarako, Ama-etxean erditzeaz gain, derrigorrezko bi hilabeteko edoskitze baldintza ere bete behar zuten. Ezarritako epea pasatuta, gehienak atera egiten ziren handik; baina baziren, etxeko bazterketa edota bestelako arazoengatik, etxera bueltatu nahi ez zutenak, edo ezin zutenak, eta horiek instituzioan gelditzen ziren luzaro inude moduan hasieran eta zaintzaile gero. Haietako batzuk, erretiro garaia iritsi arte gelditu ziren bertan. Izan zuten haur hura familia baten zaintzapean jartzeko baimena sinatu zutelarik.

Zein motatako informazio iturriak erabili dituzu liburua osatzeko?
Iturri idatziak jorratu ditut batetik: Espositoen espedienteak, Andres Izaskun ikuskariaren txostenak, gutun trukaketak edota Sehaska-etxearen memoriak, batik bat. Bestetik, hiru haur izandakoen eta beste hiru amen lekukotza jaso dut.

Esker oneko hitzak aipatu dituzu Andres Izaskun ikuskariarentzat…
Liburuaren zati handi bat berari esker egin dudala sentitzen dut. Mende hasieratik hasita, esposito guztiek eduki ohi zuten espediente pertsonala. Normalean soilik dokumentu ofizialez osatuta. 1945etik aurrerako espedienteak gero eta aberatsagoak ziren. Deskripzioak zehatzak eta sentsibilitate bereziarekin idatzitakoak ziren: haurren osasuna, egindako bisitak, ama biologikoekin izandako elkarrizketak... Bada, Andres Izaskun ikuskariak idatzi zituen denak. Ikuskari lanak betetzeaz gain, eskribiente edo kontatzaile bikaina izan zen; egoerak zein pertsonen kontakizunak eta ideiak oso ondo interpretatzen eta paperean jasotzen jakin izan zuen. Bere deskribapenen pasarte batzuk jaso ditut liburuan, gaztelaniaz jaso ere; izan ere, argi zegoen itzultzen hasiz gero bere idazkera loriatuak xarma gal zezakeela.
Bera hila denez, bere alabarekin harremanetan jarri nintzenean eta tratu txarren inguruko galderen txanda iritsi zenean, aita ere espositoa izan zela aitortu zidan. Erakundera bueltatu zuten espositoa izan zela gainera, eta horregatik, oso ondo begiratzen zuela haurra zaintzan zeini eman.
Haur eta ama ezkongabeengan jarri zuen arreta bereziak erakarri ninduen. Bere esposito izaerak argitzen zuen haiekiko interesa. Haien alde egin zuen lana handia izan zen kantitatez, eta nire ustez, oso ona giza-kalitateri zegokionez.

Zer moduz kudeatu izan dute Karitateko Alabek Fraisoro?
Oro har, erakunde horretan historian zehar lan ona egin dutela iruditzen zait. Tartean izango ziren gogorragoak nahiz bigunagoak -non ez?-, baina harritzekoena da zenbateko errespetuz hartzen zituzten ezkongabeko amak. Amen eta haurren artean jasotako lekukotzek ere mojek errespetuzko jarrera erakusten zutela baieztatzen digute; nahiz eta berretzaile edo reinzidenteekin gogorrak izan. Bertako medikuek ere harriduraz aipatzen zuten zenbat lan egiten zuten hain baliabide gutxi edukita. Alde horretatik, baztertu egin beharko genituzke antzeko instituzioen inguruan zenbaitetan piztu izan diren aurre-juzguak.
Bestalde, esan beharra dago 60ko hamarkadatik aurrera nahiko bakarrik aurkitu izan zirela; gatazkak kudeatzeko baliabide falta jasan behar izan zuten.

Zertaz ari zara gatazka aipatzen duzunean?
60ko hamarkadaz geroztik aldatzen joan zen Fraisoron sartzen ziren emakumeen profila. Kontuan hartu behar da ordu artekoek ez zutela gehienetan trabarik agertzen arauak betetzeko; gizarte arauekiko sumisioa nagusi izateaz gain, gutxiagotasunarekin lotutako sentimenduarekin joan ohi ziren hara eta egiten zitzaien harrera eskertzen zuten. 68ko iraultzaren haizeek, ordea, emakumea askatasun gehiago bizitzera eraman zuten. Haize horiek, jakina, Fraisorotik pasa behar zuten emakumeengana ere iritsi ziren; iraganean ez bezala, besteak beste, Fraisoroko arauak edota elizaren diskurtsoa auzitan jartzen hasi ziren.

Fraisororen inguruan beti egon izan da ezjakintasun eta misterio puntu bat. Lapurtutako haurren kasuak ere pil-pilean daude azken aldian. Aurre-juzguak apurtzen lagun al dezake liburu honek?
Egia izan liteke Fraisoro aipatu eta jendeari denetik etorri izan zaiola burura: erregimen autoritarioa, tratu txarrak, haurren komertzioa... Nik behintzat ez dut halakorik sumatu. Lekukoek eurek esaten dute arauen artean zegoela haurrak ondo zaintzea, eta hori betetzen saiatzen ziren.
Denboran bat egin du haur lapurtuen kasuak aktualitatean egoteak eta liburu honen argitalpenak. Baina ez dute zerikusirik elkarrekin. Azpimarratu nahi nuke Fraisoroko espositoek adopzioaren bide legala elikatu zutela. Nik ezin dezaket baieztatu inoiz irregulartasunik gertatu ez zenik, baina Fraisoron sartzen zirenak bere espedientea edukitzen zuten eta adopzio prozesua kontrolatua ezartzen zen horiengan; tartean ama biologikoaren baimena behar izaten zen.
Bestelako kontua da garai bateko adopzio legea kritikatzeko arrazoiak egotea ala ez. Hainbat urtetan adopzioa seme-alabarik gabeko ezkontideen familia izateko eskubidea izan da eta ez haurrek familia bat izatekoa. Orain, zorionez, haurren interesak lehenesten dira adopzio kontu honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!