Gaur egun, Villabonako eta Zizurkilgo Euskara Zerbitzuek laguntzaileak behar dituzte Mintzalaguna egitasmorako. Haien eginkizuna astean behin bi euskara-ikaslerekin geratzea litzateke, eta, ordubetez-edo, euskaraz aritzea. Alegia, laguntzaileak ez dira irakasleak izango, euskara ikasleekin astean behin euskaraz hitz egingo duten Mintzalagunak baizik.
Esan bezala, oso garrantzitsua da lan boluntario hau, euskara ikasten ari diren ikasleei laguntzeko, eta harro esan dezakegu Villabonan eta Zizurkilen Mintzalaguna martxan jarri genuenetik oso emaitza positiboak eman dituela, eta oso esperientzia aberasgarria izan dela, bai ikasleentzat eta bai laguntzaileentzat. Beraz, lerro hauen bidez animatu nahi zaituztegu Mintzalaguna egitasmoan parte hartzera. Horretarako, Mintzalaguna programako laguntzaile izan nahi duenak edo egitasmoari buruzko informazio gehiago nahi duenak Villabonako Euskara Zerbitzura deitu (943 693 501) edo e-mail bat bidal dezake (euskara@villabona.net).