Leizaranetik Suediara, Maltara, Poloniara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 24a, 09:37

Erasmus programaren bitartez, Lanbide Heziketa ikastetxeen Ikaslan erakundearekin batera, Leitzaran Institutuko Gizarte Integrazioko goi mailako hezkuntza zikloko bost ikaslek Suedian, Maltan eta Polonian egingo dituzte haien lan praktikak.


Lan praktika europar hauen helburu nagusia zera da: Europako beste lurraldetan kolektibo baztertuekin erabiltzen diren metodologiak eta sistema berriak ezagutzea. Gizarte Integrazioko goi mailako teknikarien lana, hain zuzen, horrelako kolektibo eta pertsonen gizarteratzean datza; pertsona horiek ezaugarri oso desberdinak izan ditzakete, besteak beste, mota guztietako haur elbarrituak, etorkinak, tratu txarrak jasotako emakumeak, hirugarren adineko pertsonak, txiroak...
Ikasturte honetan ikasle bat Suediako Stockholmen Asperger sindromea pairatzen duten nerabeekin ariko da. Autismoaren barruan kokatzen den arazoa da; pertsona hauek “emozio itsutasuna” moduan ezagutzen den arazoa pairatzen dute, hau da, besteekiko enpatia sortzeko ezintasuna: ezin dute irribarre egin edota hitzezkoa ez den komunikazioa ulertu.
Bestetik, hiru ikasle Maltako irlan etorkinak jasotzeko programa aitzindari batean arituko dira; une honetan, Tunisia eta Libia herrialdeetako gatazkak direla eta egoera berezia bizi da inguru hartan. Azkenik, beste bi ikasle Poloniara joan dira bertako gizarte zerbitzuen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko.
Leizaran institutuaren helburu nagusietariko bat lan-praktika hauek burutzearekin batera zentro horiekin harreman sendoagoa sortzea izango litzateke, bai informazioa trukatzeko baita hango lan metodoak eta sistemak ezagutzeko ere.
Gizarte Integrazioko goi mailako hezkuntza zikloa Andoainen 2000. urtean jarri zen martxan, beraz aurten zazpigarren promozioa aterako da. Ziklo honen eskaintza euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen da.
Ohiko irakaskuntza arautuarekin batera birziklatu nahi duten sektoreko langileei zuzendutako eskaintza partziala ere ematen da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!