La Salle, elkartrukea Austrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 24a, 09:36

Beste urtebetez Austriako Graz-en izan dira. Hauxe, kronika: “Urtero bezala, oso gustura eta ongi ibili gara. Garrantzitsua da aipatzea ze eragina duen ordutegiak geuregan! Austria Euskal Herria baino ekialdeago izaki, goizago argitzen du eta euren egunerokoa, beraz, goizago hasten da.

Goizeko 06:00etarako mugitzen da jendea eta 07:00etan kaleak jendez gainezka daude. Guri, berriz, ordutegi horretan pentsatze hutsak nekea sortzen digu. Eta, jakina, goiz hasten direnek goiz amaitzen dute eta dendetako ordutegiak ere gure ikuspegitik, oso goiz ixten dituzte. Etxeetan harrera oso ona egiten digute eta toki gutxi duten arren, familiak prest egoten dira behar izanez gero lagun bat ez ezik, bigarrena hartzeko ere. Kanpotar bat etxean izateak dituen zailtasun eta konplikazioen gainetik, beste ohitura batzuetako jendearekin eta ingelesez aritzeko aukera lehenesten dituzte.
Eskolan erabat harrituta gaude ikasleek duten plangintza zabalarekin: nolako ikasgai eskaintza zabala duten alde batetik, eta horrek beraien ordutegian duen eragina (goizeko 08:00etan hasi eta egun batzuetan arratsaldeko 18:00etan amaitzen dituzte eskolak). Ikasle batzuk eskolak beren bizitzaren zati handia hartzen duela onartzen dute. Beste alde batetik,  harrituta gaude gu etortzen garen ikastetxeko ikasleek duten hizkuntza ezagutza eta erabilera mailarekin. Egia da ikastetxea elebiduna dela, eta alemaniera nahiz ingelesa era arruntean eta erraz erabiltzen dituztela.
Gugan arreta deitu duen beste ñabardura bat harremanetarako formaltasuna eta zorroztasuna dira. Irakasleei zuka eta abizenez zuzentzen zaizkie ikasleak eta arautegi oso zehatza dute. Arau batzuk betearazten nahiko lasai ibiltzen badira ere (gelan ezin da klase orduan ez jan, ez edan), beste arau batzuk oso zorrotz betearazten dituzte (ikasle/irakasle kontaktua…).
Sentsazio horiek guztiak gorabehera, guk Grazen, GIBS ikastetxean bertako ikasle eta irakasleekin eta bertako ikasleen familien etxeetan izan dugun esperientzia izugarri aberasgarria eta ederra izan da. Beti bezala, egonaldia ikaragarri laburra iruditu zaigu eta oroimen ederra gordeko dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!