Joxe Mari Iturzaetaren omenezko ekitaldien aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 24a, 09:34

Aurkezpenean Andoni Alvarez eta Mateo Ponce arituko dira batzordearen bozeramaile gisa. Horiez gain, honakoek osatuko dute aurkezpen mahaia: Estanis Amutxastegi Andoaingo alkatea, Iñaki Galdos Foru Aldundiko kirol arduraduna, Patxi Jauregi Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea eta Kiko Caballero Euskadiko Pilota Federaziko presidente ohia.


Pala pilotaririk onena
Andoainen askok gogoratzen dutenez, Joxe Mari Iturzaeta Euskal Herriko palako jokalaririk onena izan zen 80-90ko hamarkadatan; palaren historian ezagutu den ezker beso sendoenaren jabe izan zela adierazi ohi da.
Iturzaeta 30 urterekin hil zen gaixotasun larri batek jota, oraindik onenak emateko zegoela. Bere kirol garapenak ez zuen mugarik, eta adituek diotenez beste 10-15 urtetan aurkaririk gabe jokatu ahal izango zukeen palaren jardueran. Arrasto sakona utzi zuen bere jokoak, baita bere izaera apalak ere, eta horren erakusgarri da batzordearen partaidetza zabala.

OMENEZKO EKITALDIAK
2011ko maiatzean eta ekainean burutuko dira omenezko ekitaldiak aurkezpenean adieraziko dutenez. Besteak beste, afizionatuen arteko pala motzeko txapelketa jokatuko da Arraten; bigarren txapelketa, herrikoia, Sorabillako pilotalekuan egingo da. Ekainaren 11n Sorabillan omenaldi ekitaldia burutuko da. Hurrengo egunean, afizionatu eta profesionalen arteko jaialdia eta bazkari herrikoia burutuko dira. Iturzaetaren irudia daramaten kamisetak, gorriak nahiz urdinak, salgai jarri dira jada, eta lantzen ari dira pilotariaren inguruko liburua eta webgune bat ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!