Milaka lagun dantzan erraustegiaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 24a, 09:33

Bi mila dantzari biltzea. Hori izan zen duela sei hilabete ezarri zuten erronka. Baina Gipuzkoa Zero Zabor taldekoen aurreikuspen baikorrenak gainditu egin ziren pasa den igandean Zubietan. Gipuzkoako herri askotatik hurbildu ziren “Hartu nahi dut arnas” kantuarekin batera dantza egitera eta festa, bistan denez, luzaroan gogoratzeko modukoa izan zen.

Noaua:

Flash mob delako dantzaren grabazioa baino lehen, Ainhoa Arrospide Gipuzkoa Zero Zabor elkarteko bozeramalea pozarren zegoen. Uste baino jende gehiago bildu baitzen Zubietan eta, azken orduan, dantza egiteko toki berriak egokitu behar izan zituztela adierazi zuen hedabideen aurrean egindako agerraldian: “Baina ez dira festa batera etorri, aldarrikapen bat egitera baizik. Errauste-plantaren proiektuaren aurrean, moratoria bat eskatzera. Gipuzkoa osorako zero zabor programa martxan jar dadin”, adierazi zuen Ainhoa Arrospidek.
Instituzioekin gogor azaldu zen Ainhoa Arrospide: “Harri bat jarri dutela zabaldu da komunikabideetan (aurreko astean, instituzioek Zubietan egindako ekitaldiaren harira), baina guk esan nahi dugu hemen herri bat dagoela, Gipuzkoako gehiengo soziala dagoela ordezkatuta hemen. Eta herritarrek eskatzen digutena zera da: hiri hondakin guztien kudeaketan aldaketa bat. Ez dugu gure osasuna eta gure ingurumena kaltetuko duen errauste-planta toxikorik nahi eta horren aurrean Usurbil, Oiartzun eta Hernanin martxan dauden gaikako bilketa eredu horiek Gipuzkoa osoan jar daitezela martxan”.
Eskaera batekin amaitu zuen bere agerraldia Gipuzkoa Zero Zabor elkarteko bozeramaleak: “Markel Olano eta kudeaketa horretan parte hartzen ari diren guztiei herriari entzuteko eta hartutako erabaki horiek alda ditzatela. Eta zero zabor programak kudeatzeko bitartekoak jar ditzatela. Herritarrak prest gaude gure aldetik zerbait egiteko. Ez dugu gipuzkoar guztion osasuna, ingurumena eta ekonomia kaltetu nahi”.

“Aternatiba egon badago”
Dantzarien artean ziren Mikel Izagirre Urnietako alkatea eta Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea. Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Xabier Mikel Errekondok bere herria jarri zuen adibide gisa: “Usurbilen, hiri hondakinen %100 biltzen da. Urbil bezalako merkataritza-gunea dugu, bost industrialde daude, landa-eremua, herria, komertzioa… Eta ia %89a birziklatzera iritsi gara 2010ean, errefusa %11n utzi dugu. Atez atekoa ez da errebindikazio hutsa. Alternatiba egon badago. Gipuzkoako edozein herrirentzat adibide izan daiteke atez atekoa”.
Gipuzkoa mailan, atez atekoa zabaltzen ari da eta dagoeneko lau herri dira horretan ari direnak: Usurbil, Hernani, Oiartzun eta  Antzuola. “Herritar guzti horiek zoriondu nahi ditut. Hori da konponbidea”, adierazi zuen Usurbilgo alkateak.
Instituzioak itsututa jarraitzen dutela ere adierazi zuen: “lehen harria jarri badute, itsututa jarraitzen dute politikariek. Gipuzkoa aurrera eta antzekoak erabiltzen dituzte, baina herritarrengatik oso urrun daude. Harri horren aurrean, herri bat dago. Ardurak hartu nahi dituen herri bat. Gainera, eredu oso berritzaileen bidez. Kasu hau da adibidea. Ikusi zer nolakoa antolatu den flash mob honekin”.
Errauste-plantak Gipuzkoa osoa zorpetuko duela ere adierazi zuen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!