Fraisoroko amak eta haurrak, saiakera-liburuaren ardatza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 24a, 09:32

Fraisoro Sehaska-etxea 1903an zabaldu zuten Zizurkilen. Han jaso ziren, hasieratik, Gipuzkoan abandonatzen ziren haurrak; 1913tik aurrera, ama ezkongabeen aterpe ere bihurtu zen. Emakume haiei haurdunaldia beren azken hilabeteetan ezkutatzeko aukera ematen zitzaien han, eta horrez gain, haurra berme guztiarekin erakundearen esku uzteko.

Liburuaren aurkezpena: Martxoak 31, osteguna. 19:30. Fraisoro.

EVA GARCIA LIBURUAREN EGILEA
ATARIKOA:


Liburuak XX. mendeko Gipuzkoako haur espositoen egoerak eta bizipenak gogora ekartzea du xede, eta haien ama ezkongabeenak. Larramendi Bazkunak liburua hilabetearen amaieran aurkeztuko du, egilearen beraren eskutik. Eva Garcia Aiurriko langile ohia izan da saiakera-liburuaren egilea eta hauxe liburuaren hitzaurrean egindako lanari buruz egiten duen aurkezpena:
“Fraisoro Sehaska-etxea erakundearen nondik norakoak kontatu nahi izan ditut, ahal izan dudan neurrian alde humanoa lehenetsiz, legezkoa edo estatistikoaren gainetik.
Liburuan Fraisoro sortu aurretik Gipuzkoan haurren abandonuaren gaia nola zegoen azalduta topatuko duzu. Eta horrez gain, beste hainbat kontu: geroko espositoen arloaren antolakuntza, eraikinaren ezaugarriak, haurren edoskitzearekin zerikusia zuten zenbait gorabehera, bertako langileriari buruzko informazioa…, eta garrantzizkoena: ama ezkongabeei eta han jaiotako haurrei eskainitako kapituluak. Bi atal horien bukaeran hainbat protagonistaren testigantzak daude. Nire asmoa ez zen bakoitzaren historia pertsonala astintzea, baizik eta Fraisoron, edota Espositoen Batzordearekin, izandako bizipenak lehen eskutik azaltzea. Bakoitzak nahi izan duena kontatu du. Batzuek besteek baino gehixeago eta aberatsago. Historia horietako batzuk gogorrak bezain zirraragarriak dira; ez dira asko baina. Ama ezkongabeen kasuan, zaila egin zait egoera hori bizi izan zuen norbait topatzea, eta gainera, kontatzeko gogoa izatea. Baietza eman zidaten guztien emaitza liburuan duzue.
Hori guztia modu fidagarriz zuenganatzeko, testigantzez gain, hainbat paper-sortatatik nahiz espositoen txostenetatik ateratako gutun trukaketak ere baliatu ditut. Gutun horietan argi eta garbi adierazten baitira egoerak, eta hainbatetan, gutunen bidez, protagonisten bizipenetara iristeko aukera izango duzu. Horietako batzuk irakurtzerakoan, irudimenak egoera hartaraino eramango zaitu, protagonista haiekiko enpatia sustatuz. Horixe baita nire nahia, nolabait ere zoritxarreko haurdunaldia jasan zuten emakume haiekiko nahiz haurrekiko enpatia sortzea. Gutunak ez dira protagonistak idatziak, baizik eta espositoen batzordeko idazkariak, ikuskatzaileak edo Fraisoroko Ama Nagusiak. Lehenengo biek, eskribatzaile profesionalak izanik, abilezia handia zuten egoerak zehatz adierazten. Gutunek, nahiz eta hainbat momentutan egoera gogorrak deskribatu, kasu batzuetan xarma ere badute, irriño bat sortarazten duena (...).
Probintziako Espositoen Batzordeak kudeatu zituen haur espositoen gaiak, baita Fraisoron aterpe hartu zuten emakumeenak ere. Batzordea erabat independentea zen Aldundiko organigraman, batetik, ama ezkongabe haien anonimotasuna gorde nahi zelako, eta bestetik, adopzioak ere ezkutuko kontuak zirelako”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!