Buruntzaldean merkatariak, ostalariak eta zerbitzuetara bideratutako enpresa ekimenak elkarte ezberdinetan bilduta daude: Hernanin Berriak, Lasarte-Orian Aterpe, Usurbilen Hurbilago, Andoainen Salkin, Astigarragan Astiko. Eta Urnietan zer? Bada, Urnietan oraingoz ez dago horrelakorik. Baina denbora kontua izan daiteke. Izan ere, hutsune hori betetzeko deialdia egin du Eusko Jaurlaritzaren merkataritza dinamizazio bulegoak. Hurrengo asteazkenean izango da bilera Lekaio Kultur Etxean, eguerdiko 14:00tan hasita. Bileraren atarian hauexek Iñigo Martinez merkataritza dinamizatzailearen adierazpenak:
Datorren asteartean eguerdian jarri duzue hitzordua, 14:00etan zehazki.
Iñigo Martinez. Merkatalguneak itxita daude, apropos jarrita dago ordua. Nirekin batera Hernaniko merkatari elkarteko kideak izango dira bilera horretan. Haien esperientzia zabalduko dute urnietarren artean. Interesgarria iruditzen zaigulako haien esperientzia ezagutzera ematea.
Urnietan interesa nabaritu al duzue?
I.M. Bai, hango merkatari batek deitu zuen bulegora informazio gehiago eskatuz eta Urnietan elkartea sortzeko ideia planteatuz. Eusko Jaurlaritzaren merkataritza elkarteak dinamizatzeko eskualdeko arduraduna naiz eta Urnietan ere gure zerbitzua eskaini nahi dugu. Interesgarria izango da bilera elkartea sortzeko prest dagoen merkatari kopurua ezagutzeko. Elkartzearen abantailak zeintzuk diren azalduko ditugu, besteak beste.
Eta zergatik da garrantzitsua elkarte bezala eratzea?
I.M. Indarrak batzea beti onuragarria da. Instituzioen aurrean elkartea osatzea betekizun bat da, eta ondoren iritsiko dira herria dinamizatzeko laguntzak. Eusko Jaurlaritzak baditu dinamizatzeko programa ezberdinak eta dirulaguntzak. Horretarako beharrezkoa da elkarte bezala eratzea. Udalarekin hitz egiteko ere beti hobea da elkarte modura egitea.
Herrietara jendea erakarri behar dugu, eta ahal dela helburua herritarrak herritik ez joatea da. Martxan jarri beharra dago, beharbada lehen urtean akatsak egingo ditugu, baina beti hobea da zerbait egiten saiatzea.
Elkartearen bitartez formakuntzan sakontzeko aukera izango al dute merkatariek?
I.M. Programa ezberdinak martxan jar daitezke, eta formakuntza horietakoa da. Gure bulegotik informatikari buruzko ikastaroak bideratu ditugu. Merkalitatea ziurtagiria lortzeko ikastaroak ere eskaini ditugu.
Gerta daiteke merkatari gutxi elkartzea...
I.M. Ez dago arazorik. Astigarragan Astiko elkartea hamalau merkatarirekin abiatu da. Ikusi behar Urnietan zein erantzun jasotzen dugun. Guk gure bulegotik elkartea osatzen lagunduko diegu, estatutuak osatzen edota bulegoko lanak errazten.
Bulegoaren eginkizunak
Merkataritza-enpresetan kudeaketaren hobekuntza bultzatzea; enpresa horietako langileak prestatzea; teknologia berrietara egokitzea; berrikuntza eta kalitate-prozesuen ezarpena sustatzea; elkarteei eta instituzioei elkarrekin jarduteko bidea ematea eta laguntzea.
INFORMAZIO GEHIAGO
Doako aholkularitza eta laguntza ematen dute:
943 333 049
dinamizador@comercio-gipuzkoa.com
http://comercio-gipuzkoa.com
Villa Ave María
Latsunbe, 28 - Hernani