Estanis Amutxastegi Andoaingo alkateak poza agertu du Arartekoaren erantzunarekin, “faxistek nahiz Frankoren aldeko indarrek Andoainen fusilatu zituzten herritarren aldeko memoria berreskuratzeko Andoaingo Udalak egindako ahalegina aldarrikatu nahi dut”.
2010eko abenduan Oroituz herri elkarteak prentsa ohar bidez Arartekoarekin harremanetan jarri zela adierazi zuen, Andoaingo Udaleko agintariek azken urteetan elkartearen eta frankismoko biktimen eskubideen aurka erakusten duten “bazterkeria eta gutxiespena salatzeko”. Era berean, Arartekoari egoera horren aurrean babesa eskatu zioten. Oroituzek Udalaren jarrera eza salatzen zuen zera adieraziz: “inoiz ez dugu Udalaren erantzunik jaso, nahiz eta bilera egiteko idatzizko eskaera ugari egin”. Jarrera hori “gizalegerik gabeko beto obsesiboa” dela zioten.
Gaia aztertu eta gero, Arartekoak dio ez duela jarrera okerrik ikusi Andoaingo Udal agintarien jokabidean.