Eneko Goia: “Saihesbidearekin andoaindarrak bakean utziko ditugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 24a, 09:28

Andoaingo saihesbidearen inaugurazio ekitaldian Urnietako eta Andoaingo herritarren ongizatea hobetu dela adierazi zuen Eneko Goia Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak.

Irekiera ekitaldian urnietarrak eta andoaindarrak gogoan izan zituen Eneko Goiak: "gogoeta bat partekatu nahi dut zuekin, gaur niretzat garrantzitsuena dena, zalantzarik gabe. Lehen Mikel Izagirreri Urnietako saihesbidea noiz ireki zen gogorarazteko galdetu diot. 2009ko irailaren 1ean izan zela gogorarazi dit. Eta oroitzen dut ireki eta gero, Urnietan Sanmielak ospatzen dituzuela irailaren 29an. Urnietako Alkateak Idiazabal kaleko errepidea jaietan erabili ahal izateko eskaria bidali zuen Aldundira. Aitortu behar dut hori izan dela legealdi guztian gustu handienarekin eman dudan baimena. Plazer handia izan zen. Izan ere, horrelakoetan egitasmo hauen benetako onuradunak agertzen baitira: pertsonak.
Eta gaur irekierak andoaindarrentzat suposatuko duena ere azpimarratu egin nahi dut. Gaur Andoain bakean utziko dugu. Ama Kandida etorbideko bizilagunak bakean utziko ditugu. 14.000 ibilgailu jasan dituzte urte askotan, gehienak kamioiak gainera. Gaur garrantzitsuena hori da. Zuzenean pertsonen bizitza kalitatean eragiten dugulako. Eta zentzu horretan pauso bat ematen dugu. Hori da gestio lanetan gabiltzanok buruan eduki behar dugun lehen elementua, zalantzarik gabe”.

Markel Olano Ahaldun Nagusiak gauzatzen diren egitasmoekiko harrotasuna erakutsi zuen, "askotan politikariok hauteskunde garaian planoak, irudiak edota infografiak azaltzeko joera dugu. Gu agintaldi honetan zortekoak gara, egiten ari garena errealitate bihurtu eta jendearen zerbitzura jartzen ari garelako. Gipuzkoako errepide handien eskema berritu dugu, modernizazio ikaragarria eskainiz. Aldundian dugun satisfakzioa hori da. AP 1 autopista, Donostiako bigarren ingurabidea, hirugarren karrilak A8 autopistan, Urumeako autobidea...".
Ahaldunak Donostialdeko errepide maparen inbertsioen alorrean datu bat azpimarratu nahi izan zuen, "700 milioi euroko inbertsioa egin dugu. Datua hor geratzen da, eta egindako esfortzua ere bai".

ARANAZTEGIKO TUNELAK, OBRAREN ZAILTASUN GORENA
Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatua pozarren agertu zen 2,2 kilometroko luzera duen Andoaingo saihesbidea irekitzeko bi ordu eskas geratzen zirenean, "poza handia da, obra honen bukaera ikusten ari garelako. Lan gogorra izan da, oso lan gogorra. Departamenduak izan duen erronka zailenetakoa izan da eta tunelak zerikusia du zailtasun horretan. Aranaztegiko tunela Andoaingo Udalak berak eskatutakoa izan zen, eta horrela egin da. Kostata, baina egin da. Eta gauza bat esan behar dut: merezi izan du. Betiko geratuko dela kontuan izanik, merezi izan du".
Diputatuarentzat perfekzioa N-1 errepidearen saihesbide berria garatzen denean iritsiko da. Izan ere, auto gidariek denbora honetan erabiliko duten Bazkardoko lotunearen ibilbidea behin-behinekoa da. Horrela aitortu zuen Goiak irekiera ekitaldian, "ahalik eta modu egokienean egiten saiatu gara. N-1 errepidearen saihesbidea garatzen denean perfektua izango da. Hori izango da Bide Azpiegituretako lansailaren proiektu garrantzitsuena, etorkizunean izango duen erronkarik handiena". Andoaingo herriarentzat hobekuntza nabarmena izango dela iragarri zuen, hurrengo agintaldian garatu behar izango dela gaineratuz.

JAUZI IKARAGARRIA URUMEAKO AUTOBIDEARI
Urumeako autobidea Gipuzkoako errepide sarearen pieza berria da, Aldundiarentzat garrantzia handikoa: "Andoaingo saihesbideak jauzi ikaragarria eman dio Urumeako autobideari. Badakit Hernaniko saihesbidearen bikoizketaren obrak hor daudela, baina Hernanikoak dituen mugak hor egonik ere, ibilgailuak hartzeko gaitasun handia erakusten ari da. Gaurko irekierarekin aldaketa berehala nabarmenduko dugu, Andoain-Donostia tarte horretan. Urumearen ikuspegia erabat aldatuko baita. Autobide hau Urumeako inguruaren eraldaketaren adibide eraginkorrena da. Beti esan da Urumeari bizkar emanez bizi garela, baina hori dagoeneko ez da errealitatea".

ERABILERA DATUAK
Andoaingo saihesbidearen erabilera eguneko 14.000 ibilgailukoa izango dela aurreikusi du Aldundiak. Eta Hernaniko bikoizketa lanak amaitzean, N-1 errepidean egunero 30.000 ibilgailu gutxiago igarotzea lortu nahi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!