Loatzo musika eskolako kideak, Kataluniako lurretan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 23a, 20:34

Joan zen ostegunean abiatuta, Arenys de Marren (Katalunian) ibili zen Loatzo musika eskolako kide ugari asteburuan zehar. Hainbat emanaldi eskainita, egindako lanarekin pozik eta igarotako asteburuarekin gustura etxeratu ziren musikari gazte eta helduagoak. Hara igorri duten kronika:

"Etorri gara Loatzo Musika Eskolakoak Arenys de Mar herrian lau egun pasa ondoren.

Ostegun gauean iritsita, albergea topatu eta lotara joan ginen zuzenean.

Ostiral goizean bertako lau eskoletan lau talde ezberdinetan banatuta ibili ginen, eta egindako harrera ikusgarria izan zen. Esaterako, hango ikasleak dantzan jarri genituen gureekin batera. Oso esker onekoak izan ziren gurekin.

Ostiral arratsaldean bertako Musika Eskolan, beraien Cor Infantil ikusi genuen emanaldi batean, eta gero hango instrumentuak eta gureak familiako elkartu eta ezberdintasunak eztabaidatzeko tartea izan genuen. Oso interesgarria izan zen, eta ikasleek asko ikasi zuten, bai haien eta baita gure instrumentuen berri  ere.

Ostiral gauean gure aterpean Karaoke jaia izan genuen, bertako ikasle kataluniar batzuk parte hartu zutena. Ondo pasatzeko tartea izan zen hori.

Larunbat goizean bertako helduen abesbatza bat ikusi genuen, Cor Adamaris, eta ondoren, 12:00etan bertako kaleko azoka eta merkatuan zehar kalejira ikusgarria egin zen, gure eskusoinu, txistu, trikitixa eta hango Grallak eta buruhandiekin batera. Ikusgarria, herrian jada bai baizekiten 80 pertsonako euskaldun taldea bertan genbiltzala.

Larunbat arratsaldean Bartzelonara joan eta bisita lasai bat egin genuen, instrumenturik gabekoa.

Igande goizean, berriz, kontzertu garrantzitsuena izan zen, bi musika eskolek elkarrekin emandakoa, eta oso hunkigarria izan zen. Beraiek Aitormena abestu zuten gurekin eta guk sardana bat jo genuen beraiekin. Amaitzeko eskerrak emateko kataluniarrez abestu genuen eta asko gustatu zitzaien.

Eguerdian luntx bat eman ondoren, Euskal Herrirantz abiatu ginen, gauean Villabona eta Anoetara iristeko.

Ikasleak oso gustora etorri dira, bertan beste aste batez geratzeko gogoz.

Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei, arduradunetatik hasi, ikasle eta irakasleetatik pasa eta autobusez eraman gintuzten txoferrak arte.

Zorionak, beraz, Loatzo Musika Eskolako ikasle guztiei, gure musika eta kultura Katalunian hain ondo azaldu eta zabaltzeagatik".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!