Antselmo Larrarterentzat Larramendi Bazkunaren saria

Bihar, martxoaren 24an, Larraulgo Antton Amonarriz Kultur Etxeko ekitaldi aretoan AIURRI aldizkariak eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2010. urteko AIURRI Aipamen Bereziak banatuko dituzte. Ekitaldia arratsaldeko zazpiak eta erdietan hasiko da (19:30) eta eskualdeko herritar guztiak bertara azaltzera gonbidaturik daude.

Aurtengo ohorezko Aipamen berezia Antselmo Larrarte Roteta jaunarentzat izan da, hala erabaki du Larramendi Bazkunak aho batez larrauldar honen merezimenduak aintzatetsi ondoren. 

Aurtengoa sari horiek banatzen dituzten bostgarren urtea da, eta lau aipamen berezi egin ohi dituzte: lehenengo hiruen bitartez aurreko urtean zehar kirolean, kulturgintzan edo gizartegintzan nabarmendu diren herritarrak saritzen ditu bere aipamenaz Aiurri aldizkariak. Laugarren aipamen berezia horixe da, berezia: bizitzan zehar jorraturiko merezimenduzko ibilbidea da Ohorezko Aipamenaren bidez saritzen dena. Azken aipamen hau Larramendi Bazkunak berak erabaki ohi du.

2010. urteari dagokionez, honakoak dira aurten banatuko diren sariak: kirolean Beterriko emakume korrikalariak nabamenduko ditu Aiurri aldizkariak; hain zuzen ere Eva Peláez eta Rosa Luena andoaindarrak, Aitziber Ibarbia zizurkildarra, Isabel Dumall asteasuarra eta Nerea Amilibia aiar/zizurkildarra izango dira saria jasoko dutenak bere kirolari eta korrikalari jardunagatik. Kulturaren eremuan, Andoaingo herrian kultur zabalkundeaz arduratu diren bi gune berezi izango dira 2010eko saria jasoko dutenak: Itzalagunea eta ArteK2 erakusketa aretoa, biak Kale Nagusian duela gutxi arte zabalik egon direnak herritarrei kultur ekintzak jasotzeko gune hurbil eta erakargarriak antolatuz.
Azkenik, gizartegintzaren eremuan 2010. urteko saria Petra Elser urnietarrarentzat izango da eta bere ardurapeko Banaizbagara Elkartearentzat, atzerritarrei euskara modu erraz eta erakargarrian erakutsi eta haiek euskal gizartean txertatzen egiten ari den ahalegin nabarmen bezain bereziagatik.

Antselmo Larrarte ohorezko aipamena
Laugarren Aipamen berezia ohorezkoa da, bizitzan zehar egindako ibilbide oparo eta merezimenduzko bati eman ohi zaiona. Aipamen berezi hau Larramendi Bazkuneko Zuzendaritza Batzordeak erabaki ohi du, hautagaien merezimenduak aztertu ondoren. Aurtengo ohorezko Aipamen berezia Antselmo Larrarte Roteta jaunarentzat izan da, hala erabaki du Larramendi Bazkunak aho batez larrauldar honen merezimenduak aintzatetsi ondoren.

Izan ere Antselmo Larrarteren ibilbidea oso loturik dago baserriarekin, baserriko ohitura eta bizimoduarekin eta Larraul eta Aiztondorekin, eta horiei guztiei buruz Antselmok egin duen gordailu eta zabaltzaile lan handiarekin. Aiurri aldizkarian bertan ugari dira hamasei urtetan argitara eman dituen artikuluak, guztiak herriko etnografiari, usadiozko bizimoduari edo historiari buruzkoak. Larramendi Bazkunak gogora ekarri nahi du Antselmo Larrartek ia 80 urteko jakintza eta eskarmentua, belaunez belaun metaturiko altxor txiki hori idatziz belaunaldi berriei ezagutzera ematen egin duen ahalegina.
Berak landu izan dituen gaiak, maiz, Aiurri hamaboskariko erreportai nagusi izan dira, adibide gisa aipatzekotan sagardoari buruz egindakoa, babarrunari eskainitakoa edota Arregietako garbileku edo ikuztegiari buruz argitara emandakoa.

Larraulgo historiaren oroimen bizia da Antselmo, eta ez nolanahikoa, esan bailiteke bere zaletasun erabatekoa izan duela inguratzen zuen naturaz, bizimoduaz, eskualdeko gizarteaz ahalik eta lekukotasunik gehien gordetzea. 79 urte ditu gaur egun eta harrigarria da bere iroimenaz egin ditzakeen erakustaldiak.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!