Aisialdi aukera zabalagoa nahi dute 16-18 urte arteko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 18a, 18:32

Adin tarte horretako Andoaingo gazteen ustea hori dela esan daiteke. Nerabezaroan aurrera egin eta helduaroan sartu aurretik hutsune handiak nabaritzen dituzte, hiru ikastetxeetan jasotako iritziaren arabera. 15-18 edota 16-18 adin tartekoek ataka batean ikusten dute beren burua: Andoaingo Gazte Lokalean jarraitzeko “heldu” sentitzen dira, eta Gaztetxean sartzen hasteko “gazte”.

Erreportari Gaztea Sarietarako kazetari batek gidatutako ikastarotxo txikia antolatzeko ohitura du Andoaingo Udalak. Aurten ere hiru ikastetxeetan egin da, DBH 4. mailako sei gelatan. Erreportajea egiteko osagaiak eta eman beharreko pausuak eskaintzen zaizkie ikastaroan, lehiaketarako lanak egiteko garaian oinarri sendoagoa izate aldera.
Ikasleekin solasean nabarmen geratu da azken bi urteetan 15-18 adin tarteko ikasleak ez daudela gustora Andoain herriak eskaintzen dien aisialdi aukerekin. Nerabezaroaren azken urteetan bizi dira, helduarora iritsi gabe. Eta Andoainen, bereziki, ataka batean ikusten dute beren burua: Andoaingo Gazte Lokalean jarraitzeko “heldu”  sentitzen dira eta Gaztetxean sartzen hasteko, berriz, “gazte”.

Adin tarte horretako gazteek faltan botatzen dute haiei bereziki zuzenduriko eskaintza, zehazki asteburuetan eta gauez egin daitekeena. Ikastaroan zehar ikastetxe guztietan kezka bera agertzen zela ikusita, ariketa bat landu zen ikastetxe bateko DBH 4ko bi gela ezberdinetan. Eta ariketa hauxe zen: gazteriari buruz arduratzen den Udal arduraduna elkarrizketatzeko aukera izango bazenute, zer galdetuko zeniokete? Taldeka, ikasleek elkarrizketarako galdera sorta ezberdinak prestatu zituzten.

Horietako batzuk irakurrita, erraz ikus daiteke gazteek sentitzen duten atsekabetasuna. Oro har, galdera guztiak hiru ataletan sailka daitezke: kexak, proposamenak eta zer pentsatua ematen duten galderak.

Kexa ADIERAZTEN DUTEN
GALDERAK

Ez dira kazetaritzaren ikuspegitik galdera landuenak, baina oso ondo adierazten dute sentimendu bat: Andoainen haiekiko dagoen utzikeriaren ustea. Adibide batzuk jartzearren hauexek ikasleek idatzitako zenbait galdera: “Zinegotzien artean zer uste duzue egin duzuela gaizki gazteek Andoain gustuko ez izateko?, Andoaingo gazteak geroz eta gehiago kexatzen dira giroarekiko. Zein iritzi duzu gai honi buruz?, Zergatik dago gazteriarenganako hainbeste interes falta?, Konturatzen al zarete Andoaingo gazteriak ekintza bereziak behar dituela?”.

GALDERAK BAINO GEHIAGO,
PROPOSAMENAK DIRENAK

Galderaren baitan kexa edo haserrea suma badaiteke ere, besteetan oso erraza da gazteek zer nahiko luketeen asmatzen. Galderan doalako proposamena bera: “Gazteek gune berriak nahi dituzte, horretarako lekurik egongo dela uste al duzu?, Gazteek hilabetean behin edo bitan kontzertuak, disko-festak, berbenak... eskatzen dituzte, posible litzateke?, Zer iruditzen zaizu diskofestak maizago egingo balira? Zergatik ez duzue 15-18 urtekoentzat gaztegune bat eraikitzen horrela 18tik aurrerako neska-mutilak Gaztetxera joan daitezen?, Hutsik dauden lokalak zergatik ez zaizkie gazteei uzten?”.

ZER PENTSATUA EMATEN DUTEN GALDERAK
Galdera guztien artean badira galdera sakonak, batzuk zentzuz beteak eta besteak karga handikoak, “Andoaingo 16 urteko gazteentzako aisialdi plan bat ba al dago eta egongo ez balitz prest egongo al zinateke gazteekin batera hitz egin eta plana sortzeko?, Zergatik ez dago girorik Andoainen asteburuetan?, Nola dago udaletxeko ekonomia igerileku irekia edota diskoteka bat irekitzeko?, Proiektu berriak egiteko dirurik ba al duzue?, Inporta al zaizu zure herriko gazteak beste herrietara parranda egitera joan behar izatea?”.
Esan bezala, DBH 4ko ikasleen galdera asko irakurrita erraz ikus daiteke aisialdiari dagokionez nabaritzen duten gabezia, baina baita hori gainditzeko zer den benetan nahi dutena.

Ariketa modura landutako elkarrizketa horretan bada guztien artean nabarmentzen den galdera bat. Honakoa: “Noizbait atera al zara kalera gazteak obserbatzera?”. Eta galdera hori ez litzateke bakarrik Udal arduradun bati zuzendu beharko. Seguruenik helduek, oro har, beren buruari egin beharko lioketen lehen galdera litzateke. 16 urte inguruko gazteek sentitzen dutena ulertzen hasteko abiapuntua baita. Aproposa, zergatik ez.
Ikustear dago aisialdiaren gaia zenbat bider azalduko den DBH 4ko ikasleek lehiaketara aurkeztuko dituzten erreportajeetan. Aurreko edizioan kezka hura agertu zen idazlan batean. Erreportajearen sarreran zera adierazten zen, “Andoaingo gazteria garrantzitsua da baina ez zaio garrantzia handirik ematen gazteek gaua edota eguna igarotzeko behar edo nahi dituzten tokiei”. Eta idazlanak aurrera joan ahala zera irakur zitekeen, “Andoain ekintza eta gune askoz osaturiko herria da. Baina zein punturaino da ona? Andoaindar askok herriko gazteriaz ahazten direla pentsatzen dugu. Egia da, Andoaingo Gazte Lokaleko zerbitzuak onak direla baina 16 urtetik beherakoentzat. Eta orduan zer gertatzen da 16 urtetik gora egin dugunokin? Ez daukagu ia ekintzarik eta horrek inguruko herrietara joatera eramaten gaitu, adibidez, Hernanira”.

15-18 edota 16-18 adin tarte horretan asteburuetan ateratzeko irrikaz izaten dira. Eta gauez bizitzen hasteko gogoz daude. Herriko eta auzoetakojaiak ondo daudela uste duten arren, jaiaz gain zerbait gehiago behar dutela diote.
Esan eta esan ari dira, ez legoke gaizki adin zail horretan adierazten dena plangintza berriak sortu aurretik kontutan hartzea. Laster abiatuko den agintaldi berria egokia izan daiteke adin tarte horri dagokion aisialdia berraztertzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!