Martxoaren 27an Urnieta-Adarramendi mendi lasterketa burutuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 18a, 18:29

Inoiz parte hartu ez duenarentzat Jokin Lizeagak horrela deskribatzen du proba, “lehen aldiz etortzen dena Urnietako plazan Adarrari begira jartzen bada, irudituko zaio ezinezkoa dela korrika igo eta jaistea. Itxurak itxura, jendea hori eta gehiago egiteko gai da. Ainhoa Jauregi eta Jokin Lizeaga urnietarrak mendiko lasterketetan punta-puntan dabiltza azken urtetan. Une honetan nolako gorputzaldia bizi daten azaltzeaz gain, Adarrako lasterketaren inguruko zenbait aholku eman dizkigute, pilatu duten eskarmentutik abiatuta.
Lasterketak badu Behobiarekin antzekotasuna, denbora berdintsuan egiten baita. Aurretik, hala ere, mendiko ohiturak hartu beharko lituzke; igotzeko zein jaisteko teknika bereziak daudela jakin beharko luke. Errepidean beti pauso berbera ematen da, baina mendian ezin da arau hori bete: aldapan gora, askotan, korrika oso mantso edo oinez zoazen bitartean, aldapan behera bi metroko pausoak ematera iritsi zaitezke”.

Nahiko urte nahasia izan da zuentzat aurrekoa. Nola begiratzen diozue aurtengoari?
Ainhoa Jauregi:
Haur baten ama izan naiz orain hiru hilabete, eta jakina, ezin nezake helburu handirik eduki oraingoz. Nire helburua aurreko urteko sasoia berreskuratzea da, eta batik bat, lehen bezala gozatu ahal izatea. Espainiako kopan parte hartuko dut, eta bitartean, Adarramendikoan eta beste zenbaitetan parte hartuko dut.

Jokin Lizeaga: Nik, berriz, besoko lesioa ezin gainditurik igaro nuen aurreko urtea. Onik jarrita nago orain, urtea animoz nahiko erreta igaro eta gero. Oraintsu beste hausketa txiki bat jasan dut, baina oraingoan azkarragoa izan da errekuperaketa. Nire helburua Munduko kopan parte hartzea da. Aizkorrikoa izango da lehenengo proba, maiatzaren 29an. Gutxienez lau proba korritu behar dira puntuatu ahal izateko, eta erabakitzeko daukat zeintzuk aukeratu. Bitartean, gertuko zenbaitetara joateko asmoa daukat; Larraul-Ernio igande honetan, Urnieta-Adarramendi hurrengoan...

Denboraldia planifikatzen duzuen korrikalarientzat, nola datorkizue herriko lasterketa?
A.J.:
Berezia izaten da guretzat. Denboraldiko aurreneko lasterketa izateaz gain, urnietarrak garelako. Urria-azaroan ekiten diogu prestakuntzari, udaberrian hasten den denboraldiari begira. Lasterketa hau, beraz, nolako sasoi puntuan gauden jakin gabe heltzen zaigu. Ikustear dago nola erantzungo dugun guk, eta besteak ere zenbaterainiko sasoiarekin etorriko diren.

Jokin, Ainhoarena ez ezik Euskadiko selekzioko mendi lasterkarien prestatzailea ere bazara. Nola planifikatzen duzu denboraldia?
J.L.:
Egutegiaren arabera izaten da. Hala ere, ez da batere lan erraza planifikatzea. Maratoiak dira munduko kopako lasterketa gehienak, eta ia azaroa bitarte luzatzen dira. Lasterketa zehatz batzuetarako egon behar genuke sasoirik onenean; baina oso zaila da planifikazioan asmatzea.
Horrenbestez, erresistentzia lortzeko entrenamendu luzeak egiten ari gara. Oraingoz mendian eta errepidean. Lehiaketa gerturatzen ari den heinean, mendiko entrenamendu zehatzagoei ekingo diegu.

Nola definituko zenuteke Urnieta-Adarramendi lasterketa?
A.J.:
Motza da, eta azkarra aldi berean. Ez da nire gustukoa oso, azken parteko errepideak astuna bihurtzen duelako lasterketa. Are gehiago gailurra egin eta Besabira nekatuta jaitsi ondoren.  

J.L.: Muskuluentzat izugarrizko esfortzua da. Oso gogorra da gailurretik Manttale errekarainoko jaitsiera, dena ematen baita denbora irabazteko asmoz. Gero asfaltuak erabat hausten zaitu; aldapan behera, ahalik eta azkarren Urnietako plazara iritsi nahi duzulako.

Mendiko lasterketak probatu nahi-eta errepideko korrikalariaari zer esango zeniokete?
A.J.:
Ziurrenik, Adarramendikoa ez da izango aproposena lehenengo mendi lasterketa egiteko. Mendirako jauzia egin nahi duenak hobe du beste lasterketa arinagoekin hastea. Ezagutzen dut mendian lesio txikiren bat edo fibra hausturaren bat jasan duen jendea; “hau ez da niretzako, errepidean jarraituko dut eta kitto” haserre dioenik ere badago.
Adarramendiko lasterketan, errepikatu egin da fenomeno berdina azken urteetan: hiru lau emakume etorri izan dira, errepidean kilometroa 3:54ko denboran egiten dutenak. Gogoz hasi bai baina naturaren baldintzatara egokitzen ez zirelako edo, txikituta bukatu dute. Sentsazio txarrekin joaten dira etxera, eta ez dira berriro itzultzen.  

Mendian bere neurrian eta kontuz entrenatu behar dela iruditzen zaizue, beraz…
J.L.:
Punta-puntan ez dabilenak mendian astean behin edo bitan ibilita nahikoa duela iruditzen zait. Errepidea eta mendia elkarbanatu egin behar dira. Munduko kopa korritzera doazenak ere egunero ez dira mendian ibiltzen. Fibra hausturak edo erorikoak egoteko arriskua baitago.

Emakumea aipatu duzu lehen, Ainhoa. Gutxi ikusten da mendiko lasterketetan...
A.J.:
Egia da proportzioan ez daukala zerikusirik mutilen parte hartzearekin. Errepidean azken urtetan gertatzen ari den hazkunde hori gero mendian ez da antzematen.
Oztopoak oztopo, emakumeak mendia probatzera animatu nahi nituzke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!