Postontzia: Andoain + Elkartasuna = Sahara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 17a, 13:27

Hurria Sahara elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Andoaingo herritarrei Sahararen inguruan egin diren jarduera guztietan erakutsi duten elkartasunagatik.

Aurtengoan ere, eta ohitura den bezala, Eguberrien inguruan elikagai bilketarako kanpaina jarri zen abian. Kanpainari abenduaren 31n ekin zitzaion, eta egun horretan elkarteko kideak Andoaingo kaleetan zehar ibili ziren, diru-bilketa egiten, ondoren diru horrekin elikagaiak erosteko. Badakigu andoaindar gehienentzat ekonomikoki zailtasun handiko garaia dela, eta, horregatik, aurreko kanpainatan bildutakoa mantentzeko zailtasunak izango genituela uste genuen. Baina, berriro ere, andoaindarrek herri solidarioa dela erakutsi dute, eta 13.840 kilo elikagai eta konpresen 10 kaxa biltzea lortu genuen.
Era berean, otsailaren 27aren inguruan, Errepublika Arabiar Sahararra aldarrikatu zen egunaren urtemugaren inguruan,  elkarteak hainbat jarduera antolatu zituen.
Lehena, otsailaren 15ean izan zen. Egun horretan, errefuxiatu saharar batek bere herriaren arazoari buruzko hitzaldi informatiboa eman zuen. Bi saio egin ziren, bata ikastetxeei zuzendua, ikastetxe guztietako 250 ikasleren parte-hartzearekin, eta bestea herritarrei oro har zuzendua, berrogeita hamar lagunen parte-hartzearekin.
Amaitzeko, otsailaren 27an Bertso jaialdia egin zen. Eskerrak eman nahi dizkiegu urtez urte eta erabat doan gure jaialdian parte hartzen duten bertsolari guztiei, eta baita Joxe Manuel Oiartzabali ere, gai-jartzaile lanetan aritzeagatik. Jaialdi horretan 154 pertsona izan ziren.

Hori guztia dela-eta, eskerrik asko berriro ere modu batean edo bestean saharar herriaren egoera arintzen eta salatzen laguntzen duzuen guztioi. Saharar herriaren liberazioaren eta autodeterminazioaren alde.

Eskerrik asko Andoain!

HURRIA-SAHARA ELKARTEA
ANDOAIN

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!