Herme Gonzalez, PSEko Udal hautagaia Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 17a, 13:25

Aurreko ostiralean urnietarren aurrean zure hautagaitza aurkeztu zenuen. Pozik al zaude herritarren erantzunarekin?
Herme Gonzalez.
Bai, oso pozik. Alderdiak ni aukeratu ondoren, eta Gipuzkoako arduradunen babesarekin, alkatetzarako aurkezpena egin genuen Lekaion. Rafaela Romerok ere parte hartu zuen ekitaldian. 80 lagun inguru bildu ginen eta oso pozik gaude. Guk ez genuen hain beteta ikusi denbora askoan. Consuelo Frutosek eman zion hasiera ekitaldiari, ondoren Romerok parte hartu zuen. Eta azkenik neuk parte hartu nuen.
Oso pozik gaude, bai.

[Jarraitzen du...]

Laugarren agintaldia zinegotzi bezala. Zein animorekin eta zein aukerekin ikusten duzu zure burua?
H.G.
Animoak ukiezin jarraitzen du. Are gehiago, animoa handiagoa da urteak aurrera joan ahala esperientziak segurtasun handiagoa ematen duelako. Bereziki ilusioz beterik nago, hau guztia aldatu beharra dagoelako. Azken hiru agintaldiak izugarriak izan dira eta nire ilusioa Urnietara aldaketa ekartzea da. Gobernu sozialista bat izateko beharra du Urnietak.

EAJ alderdia oposizioan egon da urte luzez agindu ostean. Zuen aurkari gogorrena al da alkatetzarako bidean?
H.G.
Nik uste baietz. UDAk iruzur egin duelako, eta herritarra ohartu da iruzurrarekin. Dena den, EAJ oposizioan egon den baieztapenarekin ez nago ados. Hiru zinegotzi agintzen ari dira eta hori ez da posible. Ezinezkoa da. Oposizioan babes zabala dutelako agintzen ari dira. EAJk etengabe babestu ditu hiru zinegotziak.  

Oposizioko alderdien artean batzar guztietan etengabeko kritikan aritu zarete zuek.
H.G.
Ia denen interesa alderdi sozialistaren aurka joatea izan da. Une askotan erru guztia gurea zen, hori esanez aritu dira kalean. Alkateak, gainera, negoziaziorako egin duen ahalegina hutsaren hurrena izan da. Guri oso gutxitan deitu gaitu, eta deitu duenean ideiak oso argi zituen. Aukerarik ez digu eman, beharrik ez duelako izan.
Guk ez dugu errurik, erantzukizunez jokatu dugu. Plan Orokorrean parte hartu dugu, esaterako.

EAJk urte luzez agindu du, UDA agintzen ari da orain... eta PSE-EEk nola aginduko luke?
H.G.
Oso modu ezberdinean. EAJren agintaldietan korrupzioa egon zen, eta asko. Dimisioak izan ziren tartean, Urnietatel aferaren ondorioak ordaintzen jarraitzen dugu oraindik. Jeltzaleen kudeaketa zer izan zen ikusteko hemerotekara joatea besterik ez dago.  UDA iritsi zen ondoren, iruzur handia: apolitikoak zirela, herritarren parte hartzea sustatu nahi zutela,...

Guk Udalari egonkortasuna eman nahi diogu, garrantzitsua dela deritzogu. Egonkortasuna dagoenean egitasmoak aurrera eman daitezke, eta erabakiak hartu. Egonkortasuna beharrezkoa da.

Horren harira, guk egin genuen saiakera aipatzeko unea iritsi dela uste dut. Udal agintaldia hasi eta denbora gutxira UDAren zatiketa iritsi zen. Guk hori aurreikusten genuen eta EAJrekin bildu ginen Gobernu taldea osatzeko. Bi alderdien artean gehiengo osoa osatzen dugu eta erantzukizunez jokatu behar genuela uste genuen. Egia da elkarri epelak esan genizkiola eta ulergaitza izan zitekeela hasiera batean, baina guk uste dugu gobernu taldea osatzen saiatu behar genukeela. EAJk ezezkoa erantzun zuen, herriak oposiziora bidali zuela argudiatuz.

Zure ikuspegitik epe erdira Urnietak zer nolako garapena izan behar luke?
H.G.
Egonkortasuna premiazkoa da, gobernu akordioa behar da lau urteetarako. Herritarrei parte hartzeko aukera eman behar zaie, nahiz eta zaila izan. Zeren eta azken lau urteko iruzurrarekin oso zaila da herritarrak erakartzea. Parte hartzea sustatzeko araudia prest dugu.

Gazteria mailan lana egin da Urnietan, baina hainbat alorretan ze egitekorik badago. Gazteria lansaila sortuko genuke etxebizitzari edota enpleguari irtenbidea emateko. Gazte ekintzaileei ere babesa eman behar diegu.

Auzoetarako lansaila sortuko genuke, etengabe kalean egon dadin. Herritarren eguneroko arazoak berehala jasoko genituzke. Eta bide batez herria biziberritu. Urnietak itxura kaskarra daukalako.

Askoren artean, kiroldegi berria behar beharrezkoa da. Guk egitasmoa aurkeztu genuen, UDAk eta ANVk oso gogoko zutena. Baina EAJk gogoko ez zuenez, ez zen aurrera atera. Hor geratu da.

Etxebizitzak, aparkalekuak... premiazko neurriak hartu behar direla uste dugu.
Urnietari, bestalde, bizitza eman behar zaio. Aurreko igande arratsaldean Urnietan barrena ibili nintzen eta ez nuen kalean ia inor topatu. Biziberritu behar dugu herrigunea, herriko merkatariak lagunduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!