Saihesbide berria oinezkoentzat eta txirrindularientzat zabalduko dute igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 17a, 13:23

Urnieta eta Andoain herrien arteko saihesbide berriaren lehen erabiltzaileak txirrindulariak eta oinezkoak izango dira. Foru Aldundiak errepidearen estreinaldia horrela egitea erabaki du, iazko irailean Donostia-Martutene errepide zatia ireki zutenean bezalaxe. “Oinezkoak eta bizikletak lehenbizi”, horixe da Urumeako autobidearen Andoaingo Saihesbidearen inaugurazioaren lema nagusia. 

Martxoak 20, igandea:
10:00-18:00. Oinezkoentzat eta txirrindularientzat zabalik izango da.

Martxoak 22, asteartea:
Auto-gidarientzat zabalduko da.

Bi egun beranduago, martxoaren 22an zehazki, ibilgailuen txanda iritsiko da.

Beharginak egun hauetan Urumeako autobidearen Andoain eta Urnieta udalerrien arteko zatiari azken ikutuak ematen ari zaizkie. Ezustekorik ez badago, hurrengo asteartean zabalduko dute. Modu horretan Andoain, Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Donostia  zeharkatzen dituen Urumeako autobidea eraikitzeko lanak amaitzear egongo dira.
Martxoaren 22tik aurrera Urumeako autobideak dituen 13 kilometroak erabilgarri izango dira, denbora epe laburrean gainera Hernaniko zatia lau karriletara zabalduko dute. Eskualdeko auto-gidariek ondotxo dakitenez, gaur egun norabide bakoitzean karril bakarra dago.

Bide Azpiegituretako Departamentuak bideratutako obrarekin hainbat tokitan trafikoa herrigunetik urruntzea lortu da. Besteak beste, Loiolan, Martutenen edota Urnietan.
Urumeako autobidearen eraikuntzarekin N-1 errepidearen trafikoa nabarmen arintzea lortu nahi dute. Aldundiak emandako datuen arabera, 30.000 ibilgailu ibiliko da egunero Andoain-Donostia arteko errepide berrian. Autobide osoa eraikitzeko aurrekontua 230 milioi eurora iristen da.

A-15 IZENA HARTUKO DU
Andoaindik Donostiaraino luzatzen den autobide berriak A-15 izena hartuko du. Orain arte Nafarroatik zetorrena Andoaineraino iristen zen, eta epe laburrean Gipuzkoako hiribururaino iritsiko da. Obra behin betiko amaitzeko bi lan burutzea besterik ez da falta: Hernaniko saihesbidearen karrilen bikoizketa eta Bazkardo-Sorabilla arteko errepide berria eraikitzea.

Andoaingo saihesbidearen irekierarekin Bazkardon sortu ohi den trafiko korapiloa askatzeko lagungarri izango da. Batetik, Ama Kandida etorbideko trafikoa nabarmen arinduko delako. Eta bestetik, Andoain-Lasarte herrien artean sortzen diren soka luzeak saihesteko alternatiba egokian bilakatuko delako.

Saihesbidearekin konexio berriak sortuko dira. Donostiatik igaro gabe Iparraldera joateko aukera dago Astigarraga parean bigarren ingurabidea hartuz gero. Eta hemendik gutxira Martuteneko biribilgunetik zuzenean ospitalgunera doan errepidea irekiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!