Loatzoko musikariak Katalunian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 09:13

72 ikasle eta 9 irakasle Arenys de Mar herrian dira martxoaren 17tik 20ra bitartean eta azken egunean kontzertua eskainiko dute bertako musika eskolako ikasleekin batera.

Horrelako irteera bat egiten dugun lehen aldia da. Urduri samar gaude baina ilusio handiz”, zioen Aitor Lasak, Loatzo musika eskolako irakasleak, Kataluniara abiatu aurreko egunetan. Loatzoko 72 ikasle eta 9 irakasle Bartzelonako Arenys de Mar herrian dira egun hauetan, bertako musika eskolarekin antolatutako elkartruke bat dela eta. Hilaren 20an eskainiko dute emanaldi nagusia, baina horren aurretik beste hainbat ekintza antolatu dituzte egun hauetarako.

Karaokea
Martxoaren 18an, goizez, lau taldetan banatu eta Arenys de Mar-eko lau eskoletan izango dira bertako ikasleei emanaldi batzuk eskaintzen. “Trikitilarien taldekook, esaterako, zenbait dantza gurekin batera dantzatzera gonbidatuko ditugu bertakoak”, aipatu zuen Aitorrek.
Gauerako, berriz, Arenys-Loatzo ikasle gazte festa antolatu dute. “Hango eta hemengo abestiekin karaoke bat prestatu dugu, batekoek eta bestekoek parte har dezaten”. Horrekin batera, gazteen emanaldi bat ere izango dute gauean. “Ikasleek askotan esaten digute abesti hura edo bestea ikasi nahi dutela, Ken Zazpirena edo The Beatles-ena esaterako, baina oraingoz abesti horiek ez dute musika eskola gisa antolatzen ditugun kontzertuetan tokirik izaten. Arenys-en egingo dugun emanaldian horretarako aukera eman nahi diegu, testuinguru informalago batean beraien gustuko abestiak jo eta abesteko”.

Dena ondo lotuta
Larunbat goizetan azoka egiten da Arenys de Mar-en eta haren inguruan sortzen den giroaren baitan kalejiran ibiliko dira Loatzoko txistulari, trikitilari eta soinujoleak, bertako buruhandiekin batera. “Bidaia hau antolatzen ari ginela, gutako irakasle batzuk bertara joan ziren asteburu bat pasatzera eta larunbatetako azokak mugimendu handia sortzen zuela ikusi zuten; hortik etorri zen kalejiraren ideia”.
Bazkalostean, berriz, Bartzelonara joango dira arratsaldea pasatzera. “Guztia oso ondo lotuta eraman nahi dugu, zer egingo dugun, nora joango garen… Tamaina honetako bidaia bat egiten dugun lehen aldia da; iaz Etxarri Aranatzen izan ginen asteburu bat pasatzen baina ez da gauza bera. 12 eta 22 urte bitarteko 72 ikasle dira eta adin horietan zenbait kasutan gauzak zertxobait korapilatu daitezke…”.

Oholtzan kataluniarrekin batera
Loatzoko ikasleek hilaren 20an eskainiko dute kontzertu nagusia Arenys de Mar-eko musika eskolako aretoan. Txistulariekin emango zaio hasiera emanaldiari: Txori kantak eta Pello Joxepe eskainiko dituzte. Hauen ostean eskusoinu taldeak Dancing Queen, ABBA taldearen abesti ezaguna, eta The Magnificent Seven interpretatuko dituzte. Trikitilariek eskainiko duten fandangoan bi dantzari izango dituzte lagun eta Zure besoetan preso eta Gure trikitilariak abestietan abestu ere egingo dute.
“Ondoren talde handien txanda etorriko da. Alde batetik, bandak Goizeko Izarra eta As time goes by joko ditu; eta hirugarren kantua sardana bat izango da, Arenys de Mar-eko musika ikasleekin batera joko dutena”, azaldu zuen Aitorrek. “Hauen ostean oholtzara irtengo den orkestrarekin ere beste horrenbeste egingo dugu: hasieran beraiek bakarrik Caresse sur l’Ocean joko dute eta gero Hertzainaken Aitormena musikari kataluniarrekin batera eskainiko dute. Azken kanta honek, gainera, oso moldaketa polita du; zail samarra da baina oso polita”.

Mikel Urdangarin katalanez
Trikitixa taldeak emango dio amaiera emanaldiari. “Mikel Urdangarinen Badira hiru aste abestia joko dute baina euskaraz abestu ordez katalanezko letra bat prestatu dugu. Son quatre dies izena jarri diogu kantuari eta letra berriarekin hangoei eskerrak eman nahi dizkiegu, bertan igarotako lau egunak oso politak izan direla eta ez ditugula ahaztuko esanez. Amaitzeko, harrian egindako Euskal Herriko mapa bat oparituko diegu eta bertan abesti horren amaiera idatzi dugu euskaraz zein katalanez, beraiekin igarotako egun horiek ez ditugula ahaztuko dioen esaldi hori, alegia”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!