Iñaki Agirre, gertuko historiaren arakatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 09:12

Iñaki Agirre Leizeaga (Andoain, 1965) Andoaingo historiako hainbat konturen arakatzailea dugu. Liburuak eta artikuluak argitaratu ditu, badoan nekazal mundua gureganatuz.

Nondik datorkizu historiagintzarako joera hori?
Zaletasun hori ez dakit geneetan berez ekarritako gauza izan ote den. Markatu ninduen gertaera bat aipatzeagatik, esango nuke 1983ko uholdeen ondoren aurkitu nuen Plazaolako tren-errailaren pusketa batek jarri ninduela ikerketaren bidean. Juanjo Larrea irakaslearengana jo nuen pieza haren arrastoa atera nahian. Hizketan ari ginela, artzainen borden inguruko azterketa egitera tentatu ninduen. Hasieran ez nintzen ausartu, baina aurrerago, lan horri ekin nion; nire lehen historia ikerketa bihurtu zen hura.

Autodidakta izan zara beti…
Lanbide Hezkuntzan elektrizitateko ikasketak dauzkat eginak, baina gertuko kontuek eragiten dizkidaten galderei erantzuna eman nahi izatea niregan azken urteetan nagusitu den joera naturala da. Hau zertarako ote da?, nondik ote dator?… Antzeko galderek eragiten naute.
Hala ere, poliki-poliki historia lizentziatura ikasten ari naiz. Urtean bi asignatura gainditzea da nire erronka. Laugarren mailan nago une honetan eta iruditzen zait urte eta erdiko kontua izango dela karrera amaitzea.

Nekazaritza edota artzaintza, nekazal mundu duzu aztergai nagusia
Ubilluts baserrian jaioa naiz; 13 urte bete arte hantxe bizi nintzen. Aitak lursailak lantzen segitzen du, eta laguntzera joan behar izaten dut tarteka; horrenbestez, esan daiteke inoiz ez dudala nekazaritzarekiko lotura eten. Alde horretatik, egia izan daiteke gaztelerazko esaerak dioena: ahuntzak mendira jotzen duela, alegia.

Ahozkotasunari garrantzi handia ematen diozu, baina informatzaileak desagertzen ari zaizkizu…  
Nire informatzaileen zerrendan, gurutzeak ari dira nagusitzen. Badoa mundu hori, eta burua argia duten bakar batzuk geratzen zaizkit; Batista Arruti, Iñaki Arregi… Zorionez ala zoritxarrez, neroni ere aurrera noa urtetan, eta azken aldian, Hementxe aldizkariko artikuluak idaztera jartzen naizenean, ni neu informazio iturri bihurtzen ari naizela konturatzen ari naiz; informazio biltzaile izatetik informazio iturri izaterainoko prozesua bizitzen ari naiz. Baserrietako kontuetan, esaterako, gutxi dira 80 urtetik gorakoak, eta hortik beherakoek jada ez didate informazio nabarmena emango.

Artzainen eraikinei buruzko liburua izan zen zure lehen argitalpena…
Luze jo zuen prozesua izan zen. 1985ean bordak nola eraikitzen ziren hasi nintzen ikasten. Hurrengo urteetan Leitzarango autobidearen proiektuak arriskuan jarriko zituen hainbat borda katalogatzera jo nuen. Haiek bukatuta, Leitzaran eta Andoaingo gainerako bordak katalogatu nituen; hots, elementuz elementu neurtu eta deskribatu egin nituen. Jada eraitsita zeudenen kasuan, ahal zena egin nuen. 1995ean argitaratu zen lana, Andoaingo Paperak bilduman; bertan bakarrik Andoaingo lur eremuetako bordak bildu ziren; Leitzaran basoko makina bat kanpoan geratu ziren, hala ere.

Ezkutatzen ari den errealitate batez ari gara, garrantzirik eman ez zaiona…
40 eta 50eko hamarkadetan-edo hasi zen bordarekiko utzikeria, industria goraka eta nekazaritza gainbehera hasi ziren unean. Egun, egoera penagarrian daude gehienak. Nahiago izaten dut haien ondotik ez igarotzea, mendian nabilenean. Ez tristetzeko, bereziki.

Aintzindaria izan zen lan hura, Euskal Herrian errepikatu ez dena…
Ez dakit antzeko beste ikerketarik egin den inon, baina garbi daukat lan hori egiteko nahiko “zomorro arraroa” izan behar dela; lagundu zidan Fermin Leizaola etnologoaz gain, ba ote da beste inor?

Nekazal munduaz gain, kirolarien biografiak lantzeari ere ekin diozu.
Gure baserrian Jesus Mari Leizeaga osabaren dominak begibistan genituen; arraunlari olinpikoa izan zela adierazten zuten, baina ez genien kasu handirik egiten. Urteen poderioz nigan jakin mina piztu zen, eta biografia aztertzeari ekin nion.
Laster Andoaingo olinpiko guztien berri jasotzea zuzenagoa izango zela ohartu nintzen. Horrexegatik Andoaingo Roberto Cabrejas atletaren biografia ere landu nuen.

Juan Jose Larrea Andoaingo Paperak bildumako bultzatzailea asko estimatzen duzun pertsona da…
Ana Jesus Altuna irakaslea kenduta, oinarrizko hezkuntzaren oroitzapen txarra gordetzen dut. Larrearekin argia topatu nuen nolabait, La Salle ikastetxean. Bereizketa garbia egiten dut irakaslea eta maisuaren artean, eta Larrea bigarrena izan da niretzat. Bere filosofia gogoko dut: “nik ez dut derrigortzen inor nik sinesten dudana sinetsi dezan; nahi duenak, jarraitu nazala”.
Nik ezagutu nuenerako jada Andoaingo Paperak bilduma bultzatzen ari zen, eta garai hartan batez ere bordak ikertzeko izugarri lagundu zidan. Ez dakit Andoainen zenbaiteraino estimatzen den bere lana, baina ez du meritu eskasa.

Andoainen historia ikerketa ugari argitaratu da, baina herritarrek irakurtzen al dute?
Ez naiz ausartzen iritzi jakinik ematera. Datu batek harritu izan nau beti, hala ere: jende beretsua azaltzen dela aurkezpenetan, beti.
Herritarrak bere historiarekiko interesarik ez duela agertzen esatea izango litzateke errazena. Baina nik Keperin Gantzarain zenari behin aditu nion gogoeta gogoratuko nuke: AEBko gizartea friboloa, inperialista… dela iruditu izan zaigu beti; hori dena egia izanda ere, pentsatzen jarri eta han ere nabarmentzen ez diren pentsalariak izango dira bada, halako gizarte indartsua izatea lortu badute…   

Zer darabilzu eskuartean, gaur egun?
Patricio Orkaiztegi Andoaingo apaizaren biografia ari naiz jorratzen azken urtetan; geroak esango du zertan bukatzen den abentura, baina zenbait urtetarako lana badaukat. Izan ere, aldizkarietan sakabanatuta dauzkan artikuluak biltzeari ekin diot; sei izengoiti erabiltzen zituen gutxienik eta ez da lan gozoa zehaztea zer den berak idatzia, eta zer ez.
Egia esanda, ni gustura aritzen naiz elizgizonen mundu hori ikertzen. Baten batek barre egingo du nik hori esateagatik baina zer egingo dugu…

Aurreratu dezakezu pertsonai horren zenbait ezaugarri?
XIX eta XX. mendeetan garatu zuen lan intelektuala. Idazlea, euskaltzale amorratua eta Santa Krutz apaizaren aholkularia izan zen. Bien arteko harreman horrek Santa Kruz bera ikertzera eraman nau derrigorrez.

Iñaki Agirreren bibliografia
  •  “Andoaingo artzain eraikinak”. Andoaingo Paperak, 7. alea. 1995.
  • “Joko olinpikoetako albistegia. Erroma, 1960-Mosku, 1980. Jesus Mari Leizeaga eta Roberto Cabrejas”. Andoaingo Paperak, 8. alea. 2000.
  • “Otoño de 1918: diario histórico-demográfico de la pandemia de gripe en Andoain”. Leyçaur 7. 2002.
  •  “Leviton, Galtxagorri, Filomeno. Destellos de una comedia”. Leyçaur 9. 2006.
  • “Andoaingo Ama Kandida Ikastetxearen kronika, historia modura emanda”. Joan Jose Larrearekin batera. Andoaingo Paperak, 10. alea. 2010.
  •  Hainbat artikulu, honetaz eta hartaz. Hemetxe hiru hilabetekaria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!