Maitasun handiz egindako manta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 09:10

Hutsuneak Betez elkarteko emakumeak Josune Arretxe zenaren sendiari oparitzeko burusi bat egiten aritu dira hainbat hilabetez, Josunek beraiekin izan zuen jarrera bikaina eskertzeko.

Emakumearen Astea ospatu du Villabonako Hutsuneak Betez emakume taldeak. Hainbat ekintza burutu dituzte egun horietan zehar; baina aurrez prestaturiko egitarauan zehazten ez zen omenaldi xume bat ere eskaini nahi izan diote eurentzat oso berezia izan zen pertsona bati.
Joan den uda azken egunetan zenean zendu zen Josune Arretxe da pertsona hori. “Josune izugarri ondo portatu zen beti gurekin. Beharren bat edo arazoren bat genuen aldiro guri laguntzen eta irtenbideren bat aurkitzen saiatzen zen. Askotan etortzen zen taldean antolatzen genituen ekintzetara eta Emakumearen Nazioarteko Egunean egiten dugun bazkarian ere gurekin izaten genuen. Geuk egiten genuen lanean sinesten zuen eta uneoro sekulako babesa eskaini zigun. Oso harreman ona izan genuen berarekin eta hori guztia eskertu egin nahi genion”, azaldu du Maxux Albarezek  lehendakariak.

Zertarako zen jakin gabe
Josune hil berritan otu zitzaion Maxuxi haren sendiarentzat zerbait berezia egitea, Josunek eurengatik egin zuen guztiagatik esker ona adierazteko. “Taldeko emakumeei manta bat egiten hastea proposatu nien baina ez nien esan zertarako zen edo manta hura nork jasoko zuen. Burusi bat egiten hasi behar genuela, aurrerago zerbait berezia egiteko, ez nien besterik aurreratu”. Horrelaxe hasi ziren puntua egiteko orratzak eta hariak hartu eta burusia ehuntzen. “Benetan txalogarria da zertarako zen jakin gabe halako ilusioz lanean aritu izana”, azpimarratu nahi izan du Maxuxek.

Morea, orlegia, horia
Hiru koloretako hariak hartu eta puntua eginez burusi dotorea osatu dute. “Morea, emakumeen kolorea delako aukeratu dugu. Orlegia, Josunek itxaropen handia zuelako eta ilusio handia jarri zuelako gure elkartean; beti sinistu izan zuen egiten genuen lanean eta beti eskaini zigun behar genuen laguntza eta babesa”. Eta horia da erabili duten hirugarren kolorea. “Hain gaztea izanik, Josunek bazuen distira berezi bat: gauzak egiteko jartzen zuen gogo hura, jarrera hura… Oso berezia zen. Distira horren adierazgarri aukeratu genuen horia”, azaldu du Maxuxek.

Xume eta apal
Burusiaren eta haren bidez Josuneri esker ona adieraztearen kontu hau guztia isilean gorde dute orain arte Hutsuneak Betez elkarteko emakumeek. “Ez dugu, inondik ere, lau haizetara zabaldu nahi izan; batetik, sendiak ez zukeelako nahiko eta, bestetik, geuri ere egokiagoa iruditu zaigulako modu xume eta apal batean egitea”.
Horrela, martxoaren 12an hilerrira joan ziren Josuneren hilobian lore-sorta bat uztera eta manta haren amari eman nahi izan diote.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!