43. Aizkardiko ibilaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 09:10

Martxoaren 27an ospatuko da Aizkardi Mendizale Elkarteak antolatutako 43. Aizkardiko ibilaldia. Bi zirkuitu prestatu dira, 24 kilometrokoa bata eta 43koa bestea, azken hau 14 urtetik gorakoentzat.

Kirol eta kultur arloko helburuak ditu Aizkardi Mendizale Elkarteak antolaturiko ibilbide herrikoi honek: mendizaletasuna bultzatzea eta Villabona inguruko leku eta ibilbideak erakustea, betiere natura erabat errespetatuz. Aurten 43. edizioa izango du ibilaldiak eta martxoko azken igandean ospatuko da. Parte hartzea zabaldu asmoz, Aizkardi elkarteak iraupen ezberdineko bi ibilbide prestatu ditu.

Ibilaldi luzea
10. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da Aizkardi elkarteak prestatu duen zirkuitu luzea. Parte hartzaileek 43 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute eta horretarako, gutxi gora-behera, bederatzi ordu eta erdi beharko dituztela aurreikusten da. 14 urtetik gorakoek izango dute ibilaldi luzean izena emateko aukera.
Parte hartzaileak goizeko 7.00etan irtengo dira Villabonatik. Anoetatik barrena Hernialdera iritsi eta handik Erniorako bidea hartuko dute, Mendikutetik, Erniozabaltik eta Ubeltzetik igaroz; hain zuzen ere, Ernioko tontorra izango da ibilaldiko punturik garaiena (1075 m.). Erniotik Zelatunera jaitsiko dira, berriz ere Gazumera igo, eta Iturrioztik, Altzuzelaitik eta Pagoetatik pasa ondoren Aiara helduko dira. Eta Aiatik Villabonaraino heldu bitartean San Pedro Auzoa, Peusgarate, Basopeta eta Zizurkil igaroko dituzte.

Zirkuitu laburra
Hogeita lau kilometroko ibilbidea izango dute aurretik ibilaldi motza aukeratzen dutenek eta distantzia hori, gutxi gora-behera, bost ordutan egingo dutela aurreikusten dute antolatzaileek.
Kasu honetan ere Villabonatik irtengo dira mendizaleak baina ibilbide luzea egingo dutenak baino ordubete geroago. Hauek ere Anoeta eta Hernialde atzean utzi ondoren Mendikuteraino iritsiko dira. Han, ordea, Erniozabal aldera hartu beharrean Lizarbakarrara joko dute, zirkuituko punturik garaienera alegia (835 m.). Lizarbakarratik Atxutegira jaitsiko dira, Zopitetik igaroz Alkizara helduko dira eta handik, Lamugarrieta atzean utzi ondoren, Villabonara.

Zenbait jakingarri
Bi ibilaldien kasuan irteera puntua Aizkardi Mendizale Elkartearen egoitza izango da, Villabonako elizaren ondoan dagoena. Parte hartzaileei ibilaldia burutzeko beharrezko diren elikagai eta edariak eramatea gomendatzen zaie; antolaketako kideek ura eta gutxieneko hornidura jarriko dituzte Mendikuteko, Iturriozko eta San Pedro auzoko kontroletan. Ibilaldiaren bukaeran dutxa zerbitzua eskainiko da nahi duen guztiarentzat Olaederrako kiroldegian eta ibilbidea amaitzen dute eta bertan aurkitzen diren partaideen artean mendiko tresnak zozketatuko dira arratsaldeko 17:30ean. Bestetik, gela bat prestatuko da koltxonetekin bezperan bertan lo egin nahi dutenentzat; zerbitzu hau erabili nahi dutenek antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dute.  
Parte hartzaileek azaldutako ibilbidea egin behar dute eta derrigor igaro behar dute ezarritako kontroletatik. Kontrol horietan martxa-txartela erakutsi behako dute, zigilua jartzeko. Kontrolak txartelean adierazitako gutxieneko eta gehieneko denbora-tartean egongo dira zabalik.
Ibilbidea burutzen duten parte hartzaileei, martxa gehienez hamar ordu eta erdian (ibilaldi luzearen kasuan) edo sei ordutan (motzaren kasuan) egin dutela ziurtatzen duen martxa-txartela erakutsiz gero, diploma banatuko zaie helmugan.

Izen-ematea
Ibilaldi batean zein bestean aldez aurretik izena eman nahi dutenek martxoaren 25era bitartean izango dute horretarako aukera www.zirkuitua.com web gunean edo Aizkardi Mendi Elkartearen egoitzan bertan (ostegunetan 20.00etatik 22.00etara); dena den, ibilaldiaren egunean bertan ere izango da horretarako aukera. Izen ematea doakoa izango da.
Bestetik, ibilaldiari buruzko informazioa jaso nahi dutenek hainbat bide dituzte eskura. Batetik, 643717182 telefono zenbakira dei dezakete martxoaren 26ra bitartean, astelehenetik ostiralera iluntzeko 20.00etatik gaueko 22.00etara. Bestetik, ibilaldia@aizkardi.com helbide elektronikoan ere jasoko dira jendearen galderak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!