Alkatearekin solasaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 09:04

Maria Angeles Lazkano Larrañaga azken bi agintaldietan alkate izan da Zizurkilen. Gorabeheraz beteriko urteak izan dira, politika orokorrari eta udalgintzari dagozkionak. Etorkizunari animoz beterik ekingo dio.

Agintaldiaren lehen hilabeteetan Hiri Antolamendurako plan orokorra hasierako izaeraz onartu zen. Zein egoeratan gaude orain?
Udalak lehen onarpena egin zuen, bai. Baina horrelako planak bere bidea egiten du, denboran luzatzen dena. Plana Eusko Jaurlaritzan aztertzen dute lehenik, eta Foru Aldundian ondoren. Azkar batean erantzunak jaso eta behin betiko onarpena emateko moduan izango gara. Urtearen amaierarako, hor nonbait. Horren bitartez egitasmo berriak bideratzeko ateak irekiko dira, besteak beste, azpiegiturak edota etxebizitzak.

Lehentasunen arabera, zein proiektu aipa daitezke?
Zizurkil Goian hainbat etxebizitza eraikitzea aurreikusi dugu. Krisi garai latz honetan, ordea, beste herri guztietan bezala merkatuaren legearen menpe egongo gara. Zizurkil Goiko kasuan, adibidez, kopurua zehazteko garaian herritarren eskaera kontutan hartu genuen. Baina beste kasu batzuk ere kontutan hartu genituen, hiritik herrigunera etortzeko joera duten familienak adibidez. Kopurua garrantzitsua da, inguru hartan dauden gabeziak gainditzeko dirua behar delako.
Zizurkil Goian berrikuntzak egin nahi ditugu, baina hori guztia egiteak gastu handia dakar. Besteak beste, elizaren atzekaldean aparkalekuaren eraikuntza, plazaren inguruko peatonalizazioa eta gaur egunean ezagutzen dugun errepidearen lekualdatzea....
Elbarrenara jaitsita, errekaren baztarreko Area 20 izenez ezagutzen dena edota Pasus plaza ingurua biziberritu nahi ditugu.

Herritarren premiak handiak dira, baina ikusten da burokrazia mantso doala
Udalak plan orokorra egiten duenean zurrumurruak biderkatu egiten dira. Eta horrelakoetan uste da egun batetik bestera egiten direla auzuneak, etxebizitzak... Normalean urteak igarotzen dira plan bat bukatu eta planak dioena martxan jartzeko.
Udalgintzan erabiltzen dugun hizkera ez da kalean erabiltzen den berdina. Udaletxetik “berehalaxe egingo da” esaten denean, bi urteko prozesua izan ohi da.
Interpretazio okerrak sortzen dira, zoritxarrez.

Alkate modura, azken lau urteetako balorazioa egingo al zenuke?
Udaletxe honetan gauza piloa egin da, baina utzidazu gauza bat esaten. Agintaldi batez hitz egiten dugunean gauza bat hasi eta bukatu bagenu bezala hitz egiteko joera dago, eta agintaldiei dagokionez, ezin da horretara mugatu. Balorazioak egiteko garaian kontabilizatzeko joera dago: “agintaldi honetan etxebizitza hauek egin dira, auzo hura txukundu da...”. Eta agintaldi batzuetan ez da gauza ikusgarririk bideratzen. Agintaldi batean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra bideratzeko gai izan bazara, ba kristoren lana egin duzu. Zeren eta hurrengo agintaldia hastean, Zizurkilen egitasmo berriak bideratzeko leiho bat zabalik utzi da.

Pasus plazako etxebizitzen eraikuntzarako, adibidez?
Oraintxe adierazi dizudanaren adibide garbia da. Agintaldi bat baino gehiago igaro da, urte mordoa daramagu etxebizitza berrien egitasmoarekin. Atzera eta aurrera ibili gara.
Proiektu guztia bideratuta zegoenean, iazko udazkenean Etorlur Gipuzkoako Foru Aldundiaren enpresa publikoak adierazi zigun krisia dela eta, ez zitzaizkela kontuak ateratzen. Udaletxean izoztuta geratu ginen. Urteetako lana ezerezean, bapatean. Eta orain zer? galdetu genion gure buruari. Udalak orduan pauso bat aurrera ematea erabaki zuen. Plazari begira jarrita orain dela 3, 4 edo 5 urte bezala gaude. Baina Udalak lan bat egin du eta hurrengo agintaldian etxebizitza berriak eraikitzen hasiko dira. Etorlur gabe, Aldundiari lurrak eskatu genizkion eta Udalak berak bideratuko du egitasmo osoa.

Zortzi urtez alkate izan zara. Nahikoa denbora bada balorazio bat egiteko, ezta?
Egia da, bai. Ehuneko ehun egin al dugu? Bada, ez. Beti geratu ohi direlako gauzak egiteko.
Zortzi urte hauetan Izartu proiektuaren bidez Ugareko eraberritzea gauzatu da. Nire ustez eremu horren eraberritzea garrantzitsua izan da. Eta bereziki zera frogatu da: instituzio ezberdinak elkar hartuta lan egiten dutenean emaitzak askoz hobeak direla.
Proiektu horretan Villabona eta Zizurkil herriek bat egin dute. Horrek dakartzan zailtasunekin: bi erabaki gune ezberdin eta bi errealitate ezberdin daude.
Harro egoteko eta pozik egoteko moduko esperientzia izan da.
Bestalde, Zizurkilen hamarkada luze batez etxebizitza berririk ez da egin, eskaera oso handia dagoenean. Pasus plazakoa ez da posible izan, Area 33koak aldiz aurrera doaz eta hemendik oso hilabete gutxira babes ofizialeko etxebizitzak amaituta egongo dira.
Lehen esan bezala, Pasuseko proiektua Udalaren ekimenez aterako dugu aurrera. Zailtasunekin, hori ezin da ukatu. Baina aurrera egiteko kontuak ateratzen zaizkigu. Udaletxeetan gutxiri etekin handia ateratzera ohituta gaude, gutxi dugulako. Tira, berriro bideratu dugu gaia eta behin betikoa izango da.
Eta ezin ahaztu krisi ekonomikoa. Gizarte zerbitzuetan nabaritu ditugu arrisku egoeran dauden familien arazoak. Horiek ez dira ikusten, baina familia askoren eguneroko bizitza hobetzeko ahaleginetan gaude.

Balorazioa egiteko garaian unerik zailenak politika orokorrarekin lotuta al daude? Joxe Arregi plazaren izenaren afera, adibidez.
Dudarik gabe, maila pertsonalean gehien eragin dutenak dira. Afektibotasuna tartean dagoelako. Dudarik gabe, horiek izan ziren une zailenak. Asko hausnartu ondoren, asko pentsatutako erabakia izan zen.
Afera hura horrela justifikatu zenuen bere garaian, eta horri eusten diozu.
Ezin dut beste era batera esan, horrela izan zelako. Jakitun nintzen erabaki hori zaila zela. Plazaren izenaren kontuarekin herri honetan soluzionatu gabeko gauza asko ateratzen dira mahai gainera. Eta gatazkak punta asko ditu. Ezin dut saihestu erabaki batzuk min eman dezaketela.

Eta herritarrek edota merkatariek lehengoari eusten badiote... zer iritzi duzu horren inguruan?
Jende askorentzat Joxe Arregi plaza da, eta logikoa da. Nik ezin diot herritarrari burutik hori kendu, ez dut nahi gainera. Baina gu gauden lekuan erabaki batzuk hartu behar ditugu.

Zure alderdiak zein asmo dauka maiatzeko hauteskundeetarako? Eta zuk zeuk?
Orain dela urtebete alderdiari jakinarazi nion nire bidea egin nuela, eta egokiena litzatekeela beste pertsona batek nire lekua betetzea. Egia da herri hauetan ez dela batere erraza zerrendak egitea. Denbora aurrera doa eta azkenean neu aurkeztuko naiz alkatetzarako. Bereziki nire albokoek zera esan didatelako: “zu aurkezten bazara, gu ere aurkeztuko gara”.
Ez pentsa, baina guk ere izaten ditugu pattalaldiak. Agintaldiaren hasieran laguntza eskatu behar izan genuen. Herrian tira egin behar bada ezin dugulako bakarrik egin. Zorionez laguntza hori jaso genuen, eta berriro ilusioz jarraitzeko ezinbestekoa da.

Animoz beterik zaude, beraz.
Animatuta banago dena ematen duen horietakoa naiz. Hurrengo agintaldiaren aurrean hauxe izango da nire filosofia: Nahiago kritika jasotzea egin dudanagatik, egin ez dudanagatik baino.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!