Txapela, Lesmes Mujikarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 09:01

Oiartzungo Lizarre jaiotetxetik Zizurkilgo Iruñea baserrira ezkondu zen Lesmes Mujika orain berrogeita hemezortzi urte. Urte hauetan guztietan herriari eskaini dionagatik berak jantzi berri du aurtengo Txapela Eguneko txapela.

Zer oroitzapen duzu Oiartzundik Zizurkilera bizitzera etorri zinen garaiaz?
Aldaketa oso gogorra izan zen, hogeita bi urterekin ezkondu nintzen hona, oso gazte. Gainera, ez nentorren senarrarekin bakarrik bizitzen jartzera; etxean zeuden haren gurasoak eta lau senideak ere, eta jende gehiago dagoenean beti zailagoa izaten da. Baina ondo moldatu ginen; noski, gorabeherak ere izaten ziren, toki guztietan bezala, baina ez zen aparteko arazorik izan.

Txapela Egunean omentzen den pertsona herrian oso maitatua izaten omen da. Hala sentitzen al zara zu hemen?
Bai. Gainera, nire seme gazteena zena izan zen Txapela Eguna antolatzen hasi zenetako bat, eta horregatik, txapela emango zidatela esan zidatenean are gehiago estimatu nuen; horixe esan nion neure buruari, semeari gustatuko zitzaiokeela.

Oso euskaltzalea izan omen zara beti; orain lau urteko Korrikan omendu zintuzten, euskara ikasleak ere hartu izan dituzu etxean…
Bai. Behin baino gehiagotan izan ditugu ikasleak etxean; alde horretatik sarrera handiko etxea izan da, eta guretzat ere oso esperientzia polita. Horrekin batera, bada hemen gertu bizi den maisu bat, Valentziatik Euskal Herrira etorria. Gure etxera etortzen zen,  papera poltsikoan hartuta. Euskaraz hitz egiteko eskatzen zigun eta ezin asmaturik ibiltzen zenean papera atera eta huraxe begiratzen zuen; baina euskaraz hitz egiteko eskatzen zigun behin eta berriz, eta halaxe ikasi zuen.

Herri mailako ekintzetan ere asko parte hartu omen duzu…
Bai, sukaldaritza ikastaroak zirela eta ez zirela, beti tartean ibili naiz. Oroitzen dut, gainera, Oiartzundik ekarri nuela sukaldaria, berrogeita bi urterekin gida baimena atera bainuen. Gero, sukaldariak prestatzen zuena zozketatu egiten zen eta egokitzen zitzaionak eramaten zuen. Jende dezente biltzen ginen ikastaro haietan, dozenatik gora izaten ginela esango nuke.

Ez da gida baimena duen zure adineko emakumeko asko egongo…
Hemen, behintzat, gutxi. Hogeita hiru urterekin Bretxako plazara joaten hasi nintzen. Aurrena astoarekin joaten ginen, gero trolebusean, gero trenez, hemen arrantzale bat bazen eta hark ere eramaten gintuen, ‘letxeroarekin’ ere joan izan naiz… Eta bueltakoan saskiak besoan genituela etortzen ginen, Asteasuko bidegurutzetik edo bestela Villabonatik. Eta Donostian ere, berdin: sei edo zazpi saski hartuta joaten ginen tren geltokiraino. Gainera, nire garaian bizikletan ibiltzen ere ez nuen ikasi, aukerarik ere ez baitzen horretarako. Egia esan, baneukan gogoa autoa hartzeko baina garai hartan ingurukoek esango zutenari asko begiratzen zitzaion eta… Azkenean, ordea, berrogeita bi urte bete nituen egunean atera nuen gida baimena eta Bretxara autoz joaten hastea izugarria izan zen. Autoa kargatu, Bretxaraino joan, eta bueltakoan hemen inguruko beste bi emakume ere ekarri izan nituen han egokitzen zirenean. Autoa probatu ez duenak ez daki hori zer den, baina bidean behetik gora trasteak hartuta erdi arrastaka etorri edo autoz igo…

Zizurkilen urtero egiten den azokan askotan jarri omen duzu postua eta saria ere behin baino gehiagotan eman omen dizute…
Lau sari eman dizkidate, bai. Azokan postua jartzearena oso gustura egiten dudan zerbait da. Beti gustatu izan zaizkit baratzeko kontuak eta plazara ere ia bizitza osoan joan naiz. Beti ahalik eta klase gehienetako generoa eramaten saiatu naiz gainera, zenbat eta barietate handiagoa orduan eta jende gehiago inguratzen baita. Nekea dakar baina etxeko generoa ilusio handiz prestatzen da. Gustuko baldin baduzu aise egiten duzu; bestela, zaila da.

“Sekula ez dut pentsatu nahikoa badakidanik”
Ikasi, edozer gauza, hura edo bestea, baina ikasi. Horixe izan da Lesmes Mujikaren helburua. “El saber no ocupa lugar” esaten zieten mojek txikia zenean eta ondo ikasi zuen lezioa. “Sekula ez dut esan ‘nahikoa badakit eta kito’; ez, beti zerbait gehiago ikasteko gogoa izan dut. Ondorengoei beti esan izan diet ahal dutena ikasteko, horrek ez baitakar kalterik eta sekula ez baita alferrik, momentu batean edo bestean beti izango baita erabilgarri ikasitako hori”. Euskaraz irakurtzen eta idazten ere ikasi du Lesmesek eta gaur egun idazten eta irakurtzen duen ia guztia euskaraz egiten du. “Nire buruari askotan kendu diot loa irakurtzeagatik. Nire bigarren semea ere halakoxea zen; ohera joana zenean atea azpitik argia ikusten nuen haren gelan eta “zertan ari haiz, bada?” galdetuz gelara sartzean liburua gordetzen zuen. Baina gero pentsatzen nuen zer esan behar ote nion, bada, neroni ere horrelaxe ibiltzen nintzen eta. Irakurtzeko zerbait badut, nahiago dut ohera ordubete geroago joan, irakurri gabe oheratu baino.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!