Asteasuko haurreskola berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 09:00

Joan den urtarrilaren 17az geroztik Elizmendi auzoan eraikin berria dute Asteasuko haurreskolako haur eta hezitzaileek; espero zena baino bederatzi hilabete lehenago estreinatu ahal izan dute eskola berria.

Orain bi hilabete inguru zabaldu zituen bere ateak Asteasuko haurreskola berriak. “Printzipioz irailean etorri behar genuen hona baina 2010aren amaieran lanak oso aurreratuta zeudela eta urte berriarekin batera eraikin berrira etortzeko moduan izango ginela jakinarazi ziguten”, azaldu dute Jaxonek, Edurnek eta Malenek, haurreskolako hezitzaileek. Horrela, bada, joan den urtarrilaren 17an hasi ziren bertan haurrekin lanean, espero zena baino bederatzi hilabete lehenago hain zuzen ere; iazko martxo inguruan jarri zuten haurreskola berria izango zenaren lehenengo harria.

Espazio gehiago
Jaxonek, Edurnek eta Malenek adierazi dutenez, “eskola berria ez dago zaharrarekin alderatu ere egiterik, espazioari dagokionean behintzat. Aurrekoa oso txikia zen, bi gela besterik ez zituen… Hemen, berriz, hiru gela ditugu, elkarren artean aldagela baten bidez komunikatuta daudenak. Horrez gain, bi sukalde daude, gela bakoitzak bere sehaska gela dauka, guretzat aldagela bat daukagu eta balio anitzeko gela bat ere badugu”. Eta kanpoko jolasgune bat ere badu haurreskola berriak, eraikin zaharrekoa baino handiagoa eta itxia dena. “Espazio aldetik askoz hobeto gaude orain”, azpimarratu dute.
Une honetan hamabost ume daude Asteasuko haurreskolan baina dagoeneko matrikulatuta dauden beste hiru maiatzean hasiko direla argitu dute hezitzaileek. “Hirugarren gela horrek matrikulazio garairako tarte gehiago uzten du; adibidez, eraikin zaharrean egon bagina maiatzean hastekoak diren hiru horiek ez zuketen horretarako aukerarik izango, batentzat soilik izango genukeen tokia”.
Asteasuko haurreskolak hogeita hamaika haur har ditzake gehienez; oraindik bada tokirik, beraz. “Matrikulazioa maiatzean zabalduko da berriz, irailean hasi nahi dutenentzat. Hortaz, printzipioz, aurtengo kurtsoa hemezortzi haurrekin amaituko dugu”.
 
Pixkanaka osatzen
Garai batean gaztetxea izan zen eraikinean zegoen kokatua aurreko haurreskola. “Haurreskola bezala funtziona zezan egokitua izan zen, baina ez zen hasieratik funtzio hori betetzeko pentsatuta zegoen eraikin bat. Estreinatu berri dugun hau, ostera, haurreskola batek dituen beharren arabera eraiki da, eta hori alde handia da”, nabarmendu dute Jaxonek, Edurnek eta Malenek. “Egia esan, zaharrak ere bazuen bere xarma, baina espazio aldetik arazo asko zituen”.
Haurreskola berriak bi hilabete daramatza martxan baina oraindik zenbait gauza falta direla azaldu digute hezitzaileek: apalak, ispiluak… Dena den, hori guztia udaletxearekin hitz eginda eta lotuta dute, beraz, denbora kontua besterik ez dela dirudi. “Pixkanaka joango gara osatzen baina funtzionatzeko behar dugun guztia badaukagu. Hori bai, toki handiagoa denez, orain gehiago kostatzen da apaintzea, marrazki eta apaingarri gehiago egin behar dira”.

Lekualdatze korapilatsua
Esan bezala, urtarrilaren 17an hasi ziren haurreskola berrian lanean, astelehen batez, eta aurreko asteburuan egin zuten lekualdatzea. “Larunbatean gurasoak gonbidatu genituen umeekin toki berria ikustera etor zitezen, astelehenean aldaketa hain bat-batekoa izan ez zedin”.
Lekualdatzea uste baino korapilatsuagoa suertatu zitzaien, ordea. “Ostiral arratsaldeko 17.00etan amaitu genuen lana eskola zaharrean baina udaletxekoen laguntzari esker, goizetik gauzak eraikin berrira eramaten hasiak ginen. Arratsaldean hona iritsi ginenean, ordea, gremioak oraindik lanean ari ziren, eta goizean bidalitako gauza guztiak hautsez estalita zeuden. Gure asmoa ostiral arratsaldean dena bere tokian jarri eta zertxobait apaintzea zen baina ezin izan genuen ezer egin, zikinduta zegoen guztia garbitzeak kendu zigun denbora gehien”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!