‘Beste gu’ saioa Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 16a, 08:55

“Nola bizi dira atzerritar emakumeak Euskal Herrian?” izenburupean mahai-ingurua burutu zen Zizurkilen. Zizurkilgo Udalak Emakumearen Nazioarteko Eguna izan dela eta, martxoaren 10ean solasaldia antolatu zuen Atxulondo kultur etxean. Euskal Herrian bizi diren lau emakume etorkin hizlari aritu ziren.

Zizurkilgo Udalak Emakumearen Nazioarteko Eguna izan dela eta, martxoaren 10ean solasaldia antolatu zuen Atxulondo kultur etxean. Euskal Herrian bizi diren lau emakume etorkin hizlari aritu ziren: Silvia Carrizo argentinarra Malen Etxea elkarteko kidea; Fatima Nciri marokoarra SOS Arrazakeriako kolaboratzailea; Ines Mamani boliviarra Mujeres Del Mundo elkarteko kidea eta Lucie Valentine berindarra Biltzen elkarteko partaidea.
Oihana Lopetegi Bilgune Feministako kide bat ere izan zen beraiekin eta moderatzaile gisa Maider Eizmendi kazetaria. Mahai-ingurua emakume atzerritarren errealitatea lehen eskutik ezagutzeko baliagarri izan zen.
Emakume hauek norbera bere herrialdeetan berdintasunaren alde egindako borroka eta beraien burua Euskal Herrian nola ikusten duten azaldu nahi izan zieten bertara gerturatu ziren guztiei.

Pobreziatik ihes... eta pobrezia aurkitu
Europara datozen emakume gehienak jatorrizko herrialdeetan bizi duten pobrezia egoerari aurre egin nahian etortzen dira, ilusioz beterik gainera. “Hona etorri eta lan egiteko aukera izango genuela pentsatzen nuen, dena erraza izango zela. Baina errealitatea bestelakoa izan da, berriro ere hutsetik hasi behar izan dugu”, adierazi zuen Lucie Valentinek.
Emakume atzerritarrek ez dute talde homogeneo bat osatzen, baina egoera beretsua bizi dute.  Denek bakardade sentimendu sentitu dute, dena galtzen dute: ingurunea, familia,… Eta gutxiengo baztertu baten parte bihurtzen direla azpimarratu du Silvia Carrizok. “Eskubide faltagatik baztertuak, hizkuntzarengatik baztertuak eta baita etniarengatik ere”.
Baztertuak sentitzen dira, baina ez soilik emakumeak direlako. Lucie Valentinek adierazi duenez, askok “diskriminazio hirukoitza” bizitzen dute: emakumea izateagatik, atzerritarra izateagatik eta batzuk azaleko kolorearengatik ere.

Ezberdintasunak areagotu egiten dira
Emakume atzerritarrek eskubideren bat aldarrikatzen duten unean komunitatearengatik baztertuak izango direla uste du Carrizok: “Atzerritar eta bertakoen arteko ezberdintasunak areagotu egiten dira, nahiz eta berdintasunaren gizartean bizi  baztertuak sentitzen gara”. Europan beti emakumearen askatasunaz eta eskubideetaz hitz egiten da, “baina aurkako egoerarekin topo egin dut”, zioen Fatima Ncirik.
Egoera zailean bizi dira, baina inoiz ez dute itxaropena galdu. Bizitza hobe baten bila etorri ziren eta traba ugarirekin topo egin izan arren aurrera egin dute. Atzerriko emakumeek integratzeko arazoak izaten dituzte, ia egun guztia lanean igarotzen dute eta bertakoekin duten harremana desberdintasunean oinarritzen da. Atzerriko emakumeak herrialde honetan bizi ahal izateko lehendabizi gainditu behar duten muga klaseen artekoa dela azaldu zuen Carrizok. “Gu behartsu bezala ikusten gaituzte eta pobreziari diogun beldurra dela eta ez dute behartsuekin harremik izan nahi”.
Euskaldun emakumeak eta hemen bizi diren emakume atzerritarrak elkarri ezagutzeko tokiak behar dituztela uste du Ines Mamanik. Oihana Lopetegik dioenez, emakumeen artean “elkartasuna” lortzea oso onuragarria izango litzake guztiontzat, hau ez da erraza izango baina ahalegin hori eginez gero “hausnarketarako” gune paregabea lortuko genukeela pentsatzen du. Jada badira hainbat elkarte Euskal Herrian emakume atzerritar eta euskaldunaren artean harremanak lortzeko sortu direnak. Elkarte hauek emakumearen bizitza baldintzak hobetzeko asmoa dute eta baita berdintasuna eta emakumearen eskubideak aldarrikatzeko xedea ere, “atzerritarrak eta bertakoak bateratzen dituen gizarte baten sorreran denok parte hartu beharko genuke, konturatzen ez bagara ere gizarte multikultural batean bizi baikara”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!