Laburbira izeneko VIII. zirkuito hau Euskara Elkarteen Federazioak, TOPAGUNEAk antolatu du, eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren eskutik iritsi da gure eskualdera, Andoaingo Udaleko Kultura Lansailen babesarekin. Aurtengoa zortzigarren zirkuitoa da, eta bertan azken urtean euskaraz sorturiko 9 film labur ikusi ahal izango dira ordu bete iraungo duen emanaldian. Euskarazko ikusentzunekoen alorrean sortzaile gazte berriak sormen handiz datozela egiaztatu ahal izango dute Andoain ikusleek, baina badira tartean ere dagoeneko eskarmentu dezente duten egileak. Sormen handiko lanak eta baita kalitateko ekoizpenak ere tartean.
Zortzigarren zirkuito honetan hauexek izango dira andoaindarrek Basteron ikusi ahal izango dituzten lanak: Martixu, Kepa Errastirena; Artalde, Asier Altunarena; Ondar ahoak, Angel Aldarondorena; S@rtaldea, Jon Artolarena; Esku-titi, Saioa Aizpurua Txintxetillarena; eta Blank postcards, Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalerarena. Gainera, Kameratoia lehiaketako hiru sarituak: Biak bat, Zapatilla films taldearena (lehenengo saria), Barrura begira, Trastaka taldearena (bigarren saria) eta, azkenik, Nire bista faboritoa, Kontraplano taldearena.