Enpleguaren Aldeko Andoaingo Herritarren Elkartea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 10a, 10:40

“Aktiba zaitez! ¡Activate!” izpiritua daraman elkartea eratu da Andoainen. Enpleguaren Aldeko Andoaingo Herritarren Elkartea da bere izen ofiziala, eta langabeziari irtenbideak bilatzea da helburu nagusia. Ostegun honetan egingo dute aurkezpen publikoa Urigain kultur etxean, 19:00etan hasita. Bere kideetako bat da Felipe Flores.

Nondik nora sortu zen elkartea?
Felipe Flores:
Dionisio Horrillo Andoaingo enpresario ezagunak eman zion lehenbiziko bultzada elkarteari. Erantzukizun sozialak eramanda, ekimenak martxan jarri ditu alor ezberdinetan. Langabetuen arazoa buruan sartuta zeukan azken aldian, eta zerbait egin behar genuela esanez hasi zen. Aurrera egitea erabaki genuen orain zortzi bat hilabete, nahiz eta jakitun izan zein zaila den gizarteko edozein sektore mugitzea gaur egun, are gehiago langabetuek osatutakoa denean.
Egia esan, Andoaingo biztanleriaren langabezia datuak ezagutu izanak gizartean eragiteko premia areagotu egin zen gure baitan.

Zer diote, bada, datu horiek?
F.F.:
Mila pertsonek osatzen dutela Andoaingo langabezia tasa, besteak besteak. Kopuru horretatik abiatuta, kasuak aztertzen hasita, ohartzen zara horietako askok bere menpe dituztela hiru edo lau pertsona. Kontuak atera, Andoainen hiru edo lau mila pertsonengan eragin zuzena duen arazo gordin baten aurrean gaude.

Zer lortu nahi duzue?
F.F.:
Elkartea egunez egun ari da osatzen, oinarriak ezartzen. Orain arte gauza praktikorik ez dugu lortu, baina bai jendea elkartera biltzea eta “zer egin dezakegu” galderaren inguruan mintzatzea. Iruditzen zaigu etxean geratu beharrean eramangarria izan daitekeela kolektibo batean parte hartzea, hitz egitea, ideiak proposatzea...
Hainbat ideien inguruan eztabaidatzen ari gara. Adibidez, talde modura herriaren alde auzolana egitea, autoenpleguarekin lotutako ekimenak martxan jartzea, Udalarekin batera sor daitezkeen lanpostuak edo formazio ikastaroak bideratzea,…

Nolako ezaugarriak dituen jendea hurbiltzen da elkartera?
F.F.:
Lehenengo eta behin, gure mugimendua irekia da. Kideak ez du zertan langabetua izan behar. Neu, adibidez, lanean ari naiz une honetan, baina iruditzen zait nire ekarpentxoa egin dezakedala; horrexegatik hurbildu naiz elkartera. Egia da nirea salbuespena izan daitekeela. Taldeko gehienak 40 urtetik gorakoak dira, ofizio batean urte luzez jardun ostean halako batean kale gorrian geratu direnak. Gaur egun lan munduan berriro sartzeko benetako arazoak dauzkate. Gazte jenderik ez dago elkartean, baina horiek beste ezaugarri batzuk dituzte: gurasoekin bizi dira asko, lana aurkitzeko erraztasun gehiago dute...

Noiz biltzen zarete?
F.F.:
Ostegunero Urigain Kultura Etxean biltzen gara arratsaldeko 19:00tan hasita. Andoaindar guztiak gonbidatuta daude, lehen aipatu dudan bezala.

Dagoeneko mezua gizarteratzen hasi zarete ezta?
F.F.:
Idatziak banatzeari eta sinadura bilketari ekin diogu, eta herritarrek oso harrera ona egin digute. Azken batean, langabeziari aurpegia jarri eta bi mezu argi zabaldu nahi izan ditugu: batetik, herritar ugari langabezian dagoela, bizitzeko oinarrizkoa falta zaiona. Eta bestetik, gu mugitzen ari garela, langabetuak izan arren; geldirik edo parado hitza ez dugula gogoko, alegia.

Elkartearen aurkezpen publikoa antolatu duzue ostegun honetarako, Urigain Kultura Etxean. Nolakoa izango da?
F.F.:
Gure asmo nagusia zein den azalduko dugu. Andoaingo langabeziaren inguruko datuak ere emango dira. Ondoren, aditu bat langabetuen motibazio pertsonalaz mintzatuko da.
Solasaldi moduan amaitu nahi dugu, bildutakoen parte hartzearekin. Etorkizunean egin daitekeenaz hitz egiteko edota ideiak proposatzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!