Akordeolaria zara, nola ikasi zenuen akordeoia jotzen?
Julian Cobzaru. Orain dela bederatzi urte etorri nintzen Gipuzkoara eta orduan ikasi nuen akordeioa jotzen. Lehen Errumanian teklatua jotzen nuen eta hemen ezin nuen kalera irten eta bertan jo. Ni kaleko musikaria naiz. Beraz, beste instrumentu bat aukeratu behar izan nuen eta akordeioa ikastea erabaki nuen, kalean akordeoia jotzea errazagoa baita, erraz eraman daiteke leku batetik bestera. 2002. urtean hasi nintzen eta asko entseatuz 2003. urtean lan bat lortu nuen akordeoilari gisa.
Inoiz ez dut solfeorik ikasi, ez dut musikako klaserik eman… Dena entzumenari esker egiten dut.
Asko kostatu al zaizu herrian integratzea? Zailtasunik izan al duzu?
J.C. Ez zait gehiegi kostatu herrian integratzea. Hasieran bakarrik etorri nintzen, nire familia Errumanian geratu zen eta hemen bakarrik bizi nintzen. Ostatu batean egin nuen lo bost hilabeteetan zehar; baina lagun batzuk ezagutu nituen eta asko lagundu ninduten, baita pisua aurkitzen ere eta azkenean etxebizitza bat lortu nuen. 2006an nire familia etorri zen Urnietara eta hemen jarraitzen dugu.
Eta hizkuntzarekin zailtasunik izan al duzu? Zein izan da ikasteko zailagoa zuretzat, euskara ala erdara?
J.C. Hizkuntzarekin ere ez dut zailtasun handirik izan. Errumaniarra eta gaztelera latinetik datozte beraz, gaztelera ikastea ez da hain zaila izan eta gutxinaka-gutxinaka ikasi dut.
Euskara ikasten ari naiz ere, lagunei esker ikasten dut, euskaraz hitz egiten entzuten ditudalako. Sekula ez naiz euskaltegi batera joan. Inauterietako elkarte bat genuen Urgull mendian eta han lagunek euskaraz hitz egiten zuten. Nik interes handia dut euskaran, herrialde honetan integratu nahi dut eta horregatik nabil euskara ikasi nahian.
Hemen bi hizkuntza daudela jakin nuenean euskaraz ikasi nahi nuela argi izan nuen. Berehala hasi nintzen hitz bakoitzaren esanahia galdetzen edo gauzak euskaraz nola esaten diren… Euskaratik erdarara itzultzen ere ikasi dut.
Edozeinek euskara ikasi dezakela uste duzu?
J.C. Nahi duguna ikasteko gai garela uste dut, norberak nahi badu ez da ez zaila ezta erraza ere eta azkenean lortuko du. Nahiz eta hizkuntza bat milaka ordu ikasten egon kalera irten eta ez baduzu beste inorrekin praktikatzen ez duzu ikasiko. Hizkuntza bat jendearekin hitz eginez ikasten da.
Ni hainbat herrialdetan izan naiz: Alemanian, Frantzian, Grezian, Suizan… Bertako hizkuntza ikastea ezinbestekoa da integratzeko eta baita eguneroko bizitzan erraztasunez jarduteko ere. Egia da niretzat errazagoa izan dela gaztelera ikastea, esan bezala errumaniarra bezala latinetik datorren hizkuntza delako baina euskara ikasten ari naiz ere, hemengo hizkuntza delako eta jada hitz asko ezagutzen ditut!
Nire semeek euskaraz hitz egiten dute beraien artean. Ikastolan ikasten ari dira, jaio zirenetik euskaraz egiten dute. Etxean beti euskaraz hitz egiten dute eta beraiei esker ere hizkuntza ikasten ari naiz. Petra Elserrek euskara ikasten asko laguntzen nau ere, tarteka bilerak egiten ditugu, euskarazko testu eta abestien bitartez guri euskara irakasten saiatzen da.
Urte hauetan zehar urnietarrek lagundu al zaituzte?
J.C. Hemengo jendeak niregatik gauza asko egin ditu eta bihotzez esaten dut. Ni hemengo jendearekin integratuta sentitzen naiz eta pertsona askok niri euskaraz irakasten saiatzen ari dira. Petra Elserrekin euskara eta hemengo ohiturak ezagutzeko bilera batzuk egiten ditugu noizean behin. Hainbat herrialdetako pertsonak biltzen gara, lehengo astean hogei bat lagun bildu ginen. Baina denak ez gara etorkinak, badira hemengoak direnak eta euskaraz ez dakitenak ere. Azken finean, euskara ikasi nahi dugun pertsona talde bat biltzen gara.
“Euskara, guztiontzako tokia?” izenburupean Banaiz Bagara elkarteak topaketa antolatu zuen otsailaren 25ean, Andoainen Udalak Anbrosia Olabide eraikinean duen egoitzan. Bertan gure egoera, etorkizuna, euskara nola ikasten ari garen eta esperientziaz jardun ginen. Bilera bukatu eta girotzeko akordeioa jo nuen, euskaldun abestiak jo eta abestu genituen: Ikusi mendizaleak, Maite zaitut…
Zein izan zen euskaraz ikasi zenuen lehendabiziko hitza?
J.C. Euskaraz ikasi nuen lehenengo hitza babarruna izan zen. Tolosako Babarrunaren astean izan nintzen eta zer jaten ari ziren galdetu nien.
Norbaitetik al datorkizu musikaria izateko nahi hori?
J.C. Nire familian musikaria izateko ohitura dago, denak musikariak gara. Gure abizena, Cobzaru, Errumanian
jotzen den hari-tresna baten izena da, kitarra baten antzekoa.
Hemen kalean jotzeko ohitura galdu dut, baina badut berriro ere hasteko gogoa. Egin dezakezun entsegurik hoberena kalean egiten duzuna da. Musikarientzat tokirik onena da, jendeak zure musika entzun eta gozatu egiten du, beste modu batera sentitzen zara eta gainera akatsik ez egiteko erne egon behar duzu denak entzuten zaituztelako.
Zein da akordeoilari bezala zure ibilbide profesionala Euskal Herrian?
J.C. Donostiako musika jaialdian jo dut eta baita Baionakoan ere, 2005. urtean hain zuzen. Orain Carlos Urroz iruñearrak eta nik musika talde bat sortu dugu, International balkanik jazz ensemble izenekoa. Iaztik kontzertuak egiten ditugu. Talde honetan musika balkaniarra, zingaroa eta jazza jotzen dugu.
Lagunak baditut trikitilarien artean. 2008. urtean Joseba Tapiak Donostiako folklore jaialdi batera gonbidatu ninduen. Akordeoilari bat behar zuten eta ni gonbidatu ninduten beraiekin jotzera. 2010. urtean Gipuzkoako akordeoilari onenaren saria jaso nuen.
Norbait nirekin harremanetan jarri nahi badu musikarekin zerikusia duen zerbaitetan parte hartzeko, nire telefono zenbakia eskaintzen dizuet: 688 653 081.