Laguntzak garapen bidean diren herrientzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 10a, 10:35

Boliviako eremu indigena batean abeltzaintza egitasmoa garatzea, Costa de Marfilen haur hezkuntzarako azpiegiturak sortzea, El Salvadorren osasun azpiegiturak hobetzea, Guatemalan haur hezkuntza eta formakuntza profesionala egitasmoak bideratzeko instalakuntzak bideratzea... garapen bidean diren nazioarteko herrietan hamaika egitasmo diruz lagunduko du Andoaingo Udalak, Gizarte Zerbitzuak lansailaren eskutik. Aurreko astean burutu zen egitasmoak aurrera eramateko hitzarmena, eta hauexek ekitaldira hurbildu ziren Gobernu Kanpoko Erakunde (ONG-GKE) guztien artean hiru ordezkarien adierazpenak.



Edurne Ustaritz
ANDOAINDARRA
Pozik baina bereziki andoaindar izateaz harro dago Edurne Ustaritz. Hamarkada luzea eman du Txilen, eta kooperante modura lanean izan da. Amerikako lur harekiko konpromisoari eusten helduko dio dio Andoaindik bertatik. Hauxe berak ordezkatzen duen ekimenaren nondik norakoa,  "Txileko Fundacion Cerronavia Joven elkarteko kooperante gisa nago hitzarmen sinadura ekitaldi honetan. Lau urterako hitzarmen berezia sinatu dugu eta, sinadura-ekitaldian esan dudan bezala, andoaindar izateaz harro nago. Bereziki, Udalak zailtasunez beterik bizi dugun garai honetan gurea bezalako elkartea laguntzeaz gain, hainbat erakunderi ere laguntza eskaini dielako.
Fundazioak esparru ezberdinetan lan egiten du, 148.000 biztanle dituen Cerronavia herrian. Nerabe izan eta haurdun geratu edo ama diren neskekin egiten dugu lan, besteak beste. 13-18 urte bitarteko gazteak dira, haurdunaldi hori ezustekoa izaten da adin horretako emakumeentzat eta gehienak amatasunean murgiltzen dira burubelarri. Gure helburu nagusiena haurraren heziketa eta amaren eskolara itzulera uztartzea da. Andoaingo Udalak egitasmo hau diruz laguntzen du, baina fundazioa egitasmo integrala lantzen ari da esparru gehiagotara zabaltzen dena".
Senegal
Bakerako Lankidetza batzarreko Gipuzkoako ordezkaria da Oihan Matirena, "Udalaren laguntza Senegaleko Oang herriko ikastetxera bideratuko da, azpiegitura higieniko sanitarioa hobetzeko baliatuko dena. 600 ikasletik gora oso baldintza kaskarretan ikasten ari dira. Ikastetxearen egiturak hobekuntzaren premia du. Bestalde, landa eremuko osasun zerbitzuetara iristeko aukera oso gutxi dago han. Prebentzioaren aldetik lan egiten ari gara, azpiegiturak eraikiz edota ohitura osasuntsuak nahiz higiene mailako heziketa sustatuz".

NIKARAGUA
Esther Imaz Elan Euskadiren bozeramalea da, “aurten Udalak laguntza eskaini digu Tatuca egitasmoan parte hartzeko. Fisioterapia pediatrikoa da, Nikaraguako haur ezinduei zuzendutakoa. Eremu horretan osasun etxeetara iristea ez da batere erraza, eta programa honen bidez psikomotrizitate aldetik arazoak dituzten haurrei laguntza eskaintzen zaie. Moldeak eta aparailuak egiten ditugu haurren neurrira, mugikortasunean hobekuntzak lortu asmoz".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!